GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pauera eraman dute Irati Tobar, Donibane Lohizunen atxilotu eta berehala

Izpurako itxialdia burutu zuten zortzi gazteetatik libre gelditzen zen bakarra, Portugaleteko Irati Tobar, atzo atxilotu zuen Polizia frantsesak Donibane Lohizunen, autoan zihoala. Hasieran, Baionako komisariara eraman bazuten ere, berehala eraman zuten Pauera.

p015_f01_148x116.jpg

GARA | DONIBANE LOHIZUNE

Irati Tobar gaztea atxilotu zuten atzo 14.15ean Donibane Lohizunen, enplegu bulegora zihoanean. Kazeta.info agerkariak azaldu zuenez, poliziek bere autoa bidean blokeatu eta atxilo hartu zuten. Hasieran Baionako komisariara eraman bazuten ere, handik Pauera eraman zuten laster batean, euroaginduaren berri emateko.

Portugaleteko gazteak joan den martxoaren 19an egin zuen bere azken agerraldi publikoa, eragile anitzek babestua, Hendaiako herriko etxearen atarian eginiko elkarretaratze batean. Hendaian 400 lagun bildu ziren, horien artean PS, Berdeak, PCF eta alderdi abertzale ugaritako hamarnaka hautetsi.

Bere kideak atxilotu zituztenean hasi zuen gose grebari amaiera eman zion Tobarrek ekitaldi horretan.

Izpurako zortzi gazteak

Irati Tobar portugaletetarrak beste zazpi gazterekin batera itxialdia egin zuen lehenik ere Izpuran (Nafarroa Beherean), Segiko kideak izateagatik beraien aurka aurkeztu zen euroagindua salatzeko: Xalbador Ramirez (Donostia), Aitziber Plazaola (Bergara), Bergoi Madernaz (Gasteiz), Jazint Ramirez (Donostia), Endika Perez (Larrabetzu), Beñat Lizeaga (Zumaia) eta Aiala Zaldibar (Gasteiz).

Iazko udazkenean, gazte mugimenduaren aurka Auzitegi Nazional espainoleko Fernando Grande-Marlaska epaileak zuzendurik Hego Euskal Herrian eginiko polizia operaziotik ihes egin, eta hilabete batzuk gordeta eman behar izan zituzten. Ipar Euskal Herrira etorri ziren gazte horiek, Izpuran azaldu ziren beren jarduera politikoarekin segitzeko asmoa zutela agerian uzteko. Izpuran burutu zuten itxialdian zehar eragile anitzen bisita jaso zuten, euroaginduaren aurkako aldarrikapenari zentzu zabalagoa emanez.

Aurore Martin Batasuneko kidearen auziaren karietara, elkartasun mugimendua hedatu zen Ipar Euskal Herrian, eta ordutik ehunka hautetsik urratsa eman dute tresna hori salatzeko. Hego Euskal Herrian ere ekitaldiak izan ziren, Izpurako protestari sostengua emateko.

Itxialdia amaitu ondoren Kanbon antolaturiko mitinean hartu zuten parte gazteek, eta euroaginduaren aurka azaldu ziren zenbait hautetsik bertan iragarri zuten gazteak beren etxeetan hartuko zituztela.

Handik oren batzuetara, bata bestearen atzetik atxilotu zituzten gazte gehienak, polizien jarrera biziki bortitza pairatu behar izan zutelarik. Gazteak kartzelan sartu zituzten, Espainiaratzeko euroaginduari buruzko erabakiaren zain.

 
hendaia

Hilaren 19an Irati Tobar sostengatzeko elkarretaratzea egin zuten Hendaiako herriko etxearen aitzinean. Atzo, berriz, atxiloketa salatzeko bildu behar izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo