GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pirritx eta Porrotxen Irrien Lagunek gune berezia izango dute ikastolen bost jaietan

Pirritx eta Porrotx pailazoen Irrien Lagunak Klubak, Eroskik eta Ikastolen Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten atzo, urtean zehar ospatzen diren ikastolen aldeko bost jaialdietan ekimen bateratuak eskaintzeko. Igande honetan Senperen hasiko dute ibilbidea.

p017_f01_199x88.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Euskal Herritik eta euskaraz, balore hezitzaileak bultzatzeko» gune bat izango da hemendik aurrera ikastolen aldeko Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez jaietan. Irrien Lagunak Klubak, Eroskik eta Ikastolen Elkarteak horretarako akordioa adostu zuten atzo, «biziraupen iraunkor eta osasuntsua» izan nahi duen hitzarmena.

«Balio hezitzaileak landu nahi ditugu: osasuna, kultura, natura, zientzia, elkartasuna... Lan hori ez baita ikastolena bakarrik, gizarte osoaren eginkizuna da», gaineratu zuen Porrotxek.

«Ikastolen mugimenduak dituen balioak landu eta indartzen ditu guneak», nabarmendu zuen Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak. «Euskal curriculuma ez da ikasgeletan gelditzen eta euskara, euskal giroa, lagunartea eta familia indartzeko balioko du». Aurtengo bost jaietan familiei dei berezia egin nahi diela esan zuen Tellituk, «euren presentzia areagotu nahi dugu». Jose Miguel Mera Eroskiren Kanpo Harremanetarako zuzendariak, berriz, «euskararekin erantzukizuna dugun enpresentzat lekua duen proiektua» dela esan zuen.

Lehenengoa, Herri Urratsen

Irrien Gunea Herri Urratsen izango da igande honetan. 10.00ak eta 18.00ak bitarterako ekintza mordoa prestatu dituzte. Batetik, Seaskak antolatutako ekitaldiak izango dira, «tokian tokiko antolatzaileek ere aukera izango dute ekintzak egiteko».

Bestalde, Pirritx eta Porrotxek euren lagun guztiak bilduko dituzte eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak tailerrak egingo ditu gurpil-aulkiekin edo makiltxoekin. Natura, osasuna eta zientzia ardatz hartuta, esperimentuak egiteko txoko bat ere izango da eta Urtxintxa eskolak jolasak eta berbena egingo ditu.

Puzgarriak ere izango dira, horien artean deigarriena, «Porrotx Gargantua», «haur denak irensteko prest!».

IRRIEN GUNEA

«Aurrera begira proiektu gehiago gauzatu nahi ditugu», esan zuen Porrotxek. «Oraingoz ikastolen bost jaietan izango gara, baina beste edozein jai herrikoitara ere zabaldu daiteke Irrien Gunea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo