«Nondik gatozen jakiteak lagundu dezake nora goazen zalantza horretan»
«Spray» poema liburuaren egilea
Sinple-sinple, gordin-gordin, bizitzari eta munduari begiratu humanoa eman dio bihotzetik. Emozioa eta pasioa transmititu eta pentsarazi nahian, deustuarrak paperera ekarri ditu hunkitu duten istorioak, gaiak eta egoerak, edo haserrea eragin diotenak. Garrantzi berezia du lan honetan memoriak, «nondik gatozen jakiteak lagundu dezake-eta nora goazen zalantza horretan».
Maider IANTZI | DONOSTIA
Paddy Rekalderen lan berriak, Susak argitaratutako «Spray» poema liburuak, gai zentralik badu, hori bihotza, barrena ikaran jartzeko eta emozionatzeko desioa da. Idazleak irakurleak arnas eten bat sentitzea nahiko luke, haserrea dela-eta, plazera dela-eta, edo amodioa dela-eta. Hagitz poema narratiboak eta pasionalak dira, egilea ere halakoa baita, «oso emozionala, oso mutur bietakoa». «Haserretu eta ostiaka has naiteke, edo bestela negargurari eutsi ezinda egon», aitortu digu Konstituzio Plazako terraza batean elkarrizketa egiteko eseri garenean.
«Irail urrunen oroitzapenak» poema, adibidez, ama hil baino bi aste lehenago idatzi zuen. «Samatik pasatu nion dutxako ur epela/ eta handik bizkarrera, gerrira eta izterretara,/ berriro gora eta bular aldera bideratu nion,/ handik isuri zen, bular aspaldi hustuetatik,/ erreka otzan baten moduan, sabel aldera», hasten da, eta irakurleak pentsa dezake maitalea dela; ama da, ordea. «Gauza horiek sentitzekoak dira. Irakurri eta agian zuri ez zaizu hori pasatu, baina min edo gozotasun hori igartzen duzu».
Idaztean ez du sufritzen, gozatu egiten du, emozio edo min hori paperean adierazten duelako, sentimendu horren jaiotza ikusten duelako. Aitzinekoa bezalako poema hurbiletan sentsazio mingarri bat sortzen bazaio ere, orokorrean, poema berri batean, emozio edo pasio puntu hori islatu duela ikusten badu pozik sentitzen da.
Memoria gara
Liburua zabaldu eta «Memoria gara» izeneko atariko poema ikusiko du irakurleak. Gero etorriko denaren gida moduko bat izan daiteke, liburu osoan tarteka azaltzen den gaietako bat agertzen baitu.
«Askotan leporatzen digute atzera begiratzen dugula etengabe. `Iragana ze ona, zenbat gauza egin genituen!' esaten ibiliko bagina bezala. Baina bizi izandakoa oso gogorra da; jende asko geratu da bazterrean, proiektu asko ere bai. Iragan edo memoria horrek egiten duena geu moldatzea da. Garai, denbora eta geografia batekoa sentitzen naiz. Ikusitako eta bizitako horrek guztiak markatu egin nau, eta hortik abiatzen da nire mundu ikuskera», adierazi du deustuarrak.
Iragan hurbileko zein urruneko kontuak kontatzen ditu, 36ko gerrakoak, adibidez. «Zentzu historizista barik, gerra horrek oraindik nola markatzen gaituen erakutsi nahi nuen, eta sortzen duen minari eta ezinegonari eskua eta bihotza luzatu». Poema batean agure bat bere aitaren hezurrak dauden mendiko bazter batera iristen da, zulo batera, egun sargori batean ordu erdiko bidea egin ondotik. «Orain 25 urte pentsatzen nuen halakoak konponduko zirela, baina bai zera. Burdinazko gerriko horren gainean segur aski golf zelai bat eraikiko dute», agertu du.
Baztertuen eta erresistentziaren literatura egitea leporatzen diote, euskal Bukowski bat izatea. Argitu digunez, ez du baztertuen aldeko epika egiten, baina baztertuek haginka egiten diote barne-barnetik. Badago «Spray» lanean gezur eta hipokrisien kontrako borroka ahalegina; «dena ondo dabil», esloganaren gainetik pentsarazteko gogoa.
Poema bakoitza punch bat izatea nahi du, indar bat, salaketa bat, zorri bat autoritatearen gainean.
Poema batean ikasteari buruz egiten du gogoeta. «Zenbat eta gehiago metatu, gero eta ikasiago, ezta?», galdetzen du batek. Eta honako erantzuna jasotzen du: «Ikastea ez duk gehitzea, ikastea gauzak abandonatzea duk, beste barik, abandonatzen jakitea». Rekaldek azaldu duenez, gaztea zarenean pentsatzen duzu zenbat eta gauza gehiago barneratu, ikasiagoa zarela, baina gero konturatzen zara gauza anitz erdi-gezurrak direla, edo mozorroak, benetan jendeak ez duela hori horrela bizitzen, eta orduan lauzpabost gauzarekin gelditzen zara, benetan inportanteak direnak.
Literaturazalea denez, gai hau ere hartzen du hizpide. Eta «kontraesanak, mozorroak eta inposatu nahi dituzten kanonak» ekartzen ditu. Badago literaturari heltzeko modu subertsibo baten gogoa eta aldarrikapena ere. «Astindu egizu spray hori, astindu/ eta ekarri poema horiek kale hustu hauetara / raparen erritmoaz, punkaren amorruaz / edota rumbak ekartzen duen swing gozoaz», hasten da liburuari izenburua ematen dion poema.
Behin, zazpi-zortzi lerroko poema bat ikusi zuen horma batean, espraiaz idatzia, eta pentsatu zuen: «Poema bat ekarri dute ez handiusteen bilera batera, kalera baizik, eta egunero dago hor, dakarren filosofia guztiarekin: literatura egitea adituen oniritzia espero barik, FNAC, Coca Cola edo Arantzazuren eskuen laztana jaso barik». Belaunaldi berrientzako manifestu bat izan zitekeela ere bururatu zitzaion, hortik abiatzeko euren literatura eta ez itxaroteko gurasoek zer bedeinkatzen duten.