Pello ZABALA Eguraldian aditua
Maiatzeko uda
Ekaitz girotan gabiltza nola ez, bada? Hala dabil giro soziala edo politikoa esaten dioten hori
Aspaldiko zelta-jende hark jakin balu gaur egun udaberriaren erdi-erdian, uda-lehenaren gerrian joango ginela, maiatzak 6. eguna duenean, eta eguna luzatuz ia-ia dena tiratu zaigunean, a zer nolako barre-algarak egingo zituzten Asterix, Obelix eta beren enparauek. Oraingo sasoi hau haiek uda zuten jada: egunik luzeenak ate-joka ditugulako. Goizetik 20 minutu besterik ez zaio falta, goizaren lehen ordu-puntara iristeko. Arratsetik, 24 minutu besterik ez, azken minutura zabaltzeko. Beraz, hiru ordu laurden eskas luza daiteke eguna hemendik sanjoanetara. Hori uda ez bada…?!!
Hau diot, guk udaberriaren gerrira iritsi garenok, artean ere uda urruti ikusten dugulako; sanjoanak tokitan baitaude oraindik, 49 egunera. Zelta kulturako jende jakintsu natural haiek, egoki asko ikasia zeukaten eguzkia goizeko bostetan atera dela jada, eta ez goizeko zazpietan, gure eskuturreko erlojuek dioskuten eran. Engainatzen hasita, majo engainatzen gaituzte gero! Guk argindarra aurreztu dezagun, beti ere gure alderako derrigortzen omen gaituzte erlojuko orduak aurreratzera, gutxiago gastatuz, aurrerapentxoan lagunduko digulakoan.
Atzo eguerdirako info-apaletan hor zen argi notizia, aurreztutako argi guztiaren distiraz: Iberdrolak mila milioi eta beste 40takoa omen duela irabazitan, eta hori urtearen lehen hiru hilabeteak besterik korritu ez ditugunean. Bejondeiola argindarra salduz, krisialdi bete-betearen zuloan, horrenbesteko gainsariak atera ditzakeenari. BBVAk ere 1.150 milioi euro irabazitan, hala dator egunkariotan.
Ekaitz girotan gabiltza, nola ez, bada? Hala dabil giro soziala, edo politikoa esaten dioten hori. Ekaitzak gogotik penintsulan. Baina, bitxikeria beste alde batean dago. Joan den asteartean abiatu zen ilargi-ttiki berritua. Neguan ongi portatu zaigu eta halaxe dirudi portatu nahi duela udaberrian aurrera ere. Aldiz, okertuta ibili zen ilbeteak ikasi du onbideratzen. Portatu zen apirilekoan. Orain artekoan, eguraldiaren gorabeherak ilargi kosketan saltatu dituzte. Bi aste azken hauetan eta gerora ere, badirudi, tartekoetan izango duela kamutsaldia. Hala jo zuten trumoi danbarra joan den asteburuko ekaitzek eta halaxetan datoz gaurko eta biharkoak ere. Halere, lasai: harako «primavera lluviosa y con temperaturas más bajas de lo normal», hainbeste aireratua, Andaluzian edo galdu omen zen. Eskerrak!