Ehun lanorduko zigor eskaera, Pauen epaitutako bi gazteei
Arantxa MANTEROLA | PAU
Paueko Auzitegiko fiskalak herri-onurarako ehun lanordu egitea edo betebeharrik gabeko bi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Txomin Iriart-Urruty eta Txomin Catalogneren kontra. Joan den martxoaren 15ean, «arma erabiliz poliziari eraso larria» (ikurrinarekin) egiteagatik eta DNA proba egiteko laginak emateari uko egiteagatik epaitu zituzten biak, atzo.
Epaiketak nahiko luze jo zuen, defentsak aurkeztutako bost lekukoak -tartean TATeko abokatu bat eta Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilaria- entzun baitzituen auzitegiak.
Behingoz euroaginduari buruz «luze eta zabal» hitz egiteko parada izan zutela nabarmendu zuen Catalognek, «Paueko auzitegian beti forma kontuetan geratzen baita gaia». Erabakia ekainaren 30ean jakinaraziko du auzitegiak.
Azken hirurak ere Madrilera
Bestalde, atzo gauzatu zuten Jazint eta Xalbador Ramirez anaien eta Endika Perezen aurkako euroagindua.
Hiru gazte independentistak dira Izpuran itxialdia egin ostean atxilotu zituzten zortzi gazteetatik Madrilera entregatu dituzten azkenak.
Gaur egun Seysseseko espetxean, euroagindu prozedurapean geratzen den euskal preso bakarra Jon Goio Jimenez da. Auzitegiak ontzat eman zuen eskaera, baina helegitea jarri ondoren, Kasazio Epaitegiaren (Gorena) ebazpenaren zain dago orain.