«Legearen inperioa» ezartzeko arduradunaren sinesgarritasuna, hutsaren hurrengoa
Herenegun Obama Bin Ladenen alabak gezurtatu egin zuen AEBek Abbottabadeko operazioaren gainean emandako bertsioa. Atzo, berriz, Pakistango segurtasunaren arduradunen txanda izan zen. Horiek esan zutenez, ez Bin Laden ez berarekin zeudenek ez zioten AEBetako militaren erasoari aurre egin. AEBen bertsioa bestelakoa da; hobeto esateko, AEBen bertsioak, astean zehar aldatuz joan dira eta: Bin Laden hil baino lehen harekin zeudenen eta estatubatuar militarren artean 40 minutuko tiroketa bizia izan zela esatetik Al Kaedako buruaren bost bizkartzainetatik bakar bat baino ez zegoela armatua esatera. Pakistango segurtasunaren arduradunek, ordea, Abbottabaden gordeta zeudenetatik inork ez zuela tiro bakar bat ere egin ziurtatu zuten.
Berriro ere, munduan «legearen inperioa» ezartzea helburu omen duen gobernuak erakunde «terroristen» legez kanpoko metodo berberak eta are ankerragoak erabili ditu. Herrialde baten subiranotasuna ez ezik, zuzenbidea eta giza legerik funtsezkoena ere urratu ditu, morala, etika, legea, demokrazia eta gisako hitzak bere ahoan zein hutsalak izan daitezkeen erakutsiz: haren sinesgarritasuna bezain hutsalak.