2020an nolako herria nahi duten adostu eta estrategiak finkatu dituzte Bergaran
Aurreko udal gobernuak egunerokoan barneratuta egon direla-eta, luzera begirako planen beharra sumatu zuen Bergarako Udalak duela lau urte. Atzo, parte hartze prozesu baten ondoren, egun herria nola ikusten duten eta nolakoa izatea nahi duten azaldu zuten herritarrek.
J.A. | BERGARA
Hemendik 10 urtera nolako herria nahi duten zehaztu eta lortzeko estrategiak finkatu dituzte Bergaran, «Bergara, bazara, bagara» ekimenaren baitan. Oraingoan, Udalak bultzatu duen ekimena izan bada ere, herritarrak eurak izan dira luzera begirako plan estrategiko bat osatu eta aurkeztu dutenak. Herria tamaina eta zerbitzu aldetik mantendu nahi dute, lanpostuak sortuz eta ingurumenaren alorrean aurrerapauso zehatzak emanez. Herri giroa pizteko beharra dagoela ere uste dute.
Amaitzear den legegintzaldiaren hasieran, ezker abertzalearen udal gobernuak herriaren diagnostikoa eginda Bergara «gainbeheran» zen herria zela ikusi zuen. Agurne Barruso alkatearen ustez, horretan badu Udalak ardura, «urte askoan egunerokoari erantzuteaz gain, ez duelako luzera begirako ikuspegi estrategikoarekin jardun».
Horri irtenbidea aurkitzeko, Udalak luzera begirako plana herritarrei irekitako parte-hartze prozesu baten bidez osatzea erabaki zuen. 178 pertsonak hartu dute parte hainbat hilabetez eta arloz arlo garatu duten prozesuan. «Emaitzak emaitza, prozesuan horrenbeste jende animatu izana guztiz positibotzat jotzen dugu», zioen Barrusok. Paperean jaso dituzten nahi eta asmoak datorren legegintzaldiko udal-gobernuak kontuan hartzea espero du alkateak.
Bergarako plan estrategikoa lantzeko, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin, herriaren eraikuntzarako gakoak diren hainbat arlo landu dituzte. Horretarako, biztanleria, garapen ekonomikoa, herriko zerbitzu eta ekipamenduak, lurralde antolamendu eta ingurumena eta herrigintza arloak aztertu zituen lantalde batek hiru bileratan eta landa eremua, herrigunea eta herrigune inguruko auzoen eremua beste batek, lau bileratan.
Prozesuan zehar herritarrek hainbat galderari erantzun behar izan diete, eta jasotako ekarpen eta iritziekin Bergara «bizitzeko tamaina egokia duen» herria dela ondorioztatu dute, kokapen egokia duela eta indargune negusienetako bat ondare arkitektonikoa dela. Herri giroan, herri dinamikan, lidergo gaitasunean, elkartegintzan edo ekonomian, bestalde, herdoiltze zantzuak ikusi dituzte. Elkarlanerako kultura falta sumatu dute eta euskararen erabilerarekin arduratuta agertu dira herritarrak.
2020. urtera begirako planaren egileak herritarrak izan direnez, eurak arduratu ziren atzo proiektua gainerako bizilagunen aurrean aurkezteaz. Musikari, umorista eta bertsolarien laguntza ere izan zuten.