GARA > Idatzia > Kultura

Leioako Umore Azokak 50 ikuskizun eta 150 emanaldi inguru eskainiko ditu

Leioako Kaleko Artisten Azokaren hamabigarren edizioa maiatzaren 12tik 15era bitartean ospatuko da, eta guztira 46 talderen 50 ikuskizun eta 150 emanaldi inguru izango ditu.

GARA | LEIOA

Euskal taldeen, atzerriko izen handiko konpainien eta artista gazteen partaidetza izango du Leioako Kaleko Artisten Azokaren hamabigarren edizioak. Aurten 400 proposamen inguru jaso dituzte antolatzaileek eta horietatik 46 aukeratu dituzte Umore Azokan beren lanak ager ditzaten, 50 ikuskizun eta 150 emanaldi ingururekin. Antzeztokiak, berriz, guztira 19 izango dira.

Azokak 350.000 euro inguruko aurrekontua duela adierazi zuen atzo Eneko Arruabarrena Leioako alkateak, eta Udalak %70 inguru bere gain hartzen duela. Guztia azokak bertara hurbiltzen direnak «harritu ditzan, parte hartzera bultza ditzan eta irudimenez gainezka izango diren plazetan jendeari irribarre bat atera eta barrea eragiteko», esan zuen.

Estreinaldi ugari

Hamabi euskal talde izango dira Leioako Umore Azokan, eta hamarrek lanen estreinaldia egiteko aukeratu dute Leioa. Markeliñek «Anomalia magnetica» lanaren showcase bat egingo du. Gainera, azken honetaz gain, beste hiru lanen sorkuntzan ekoizle lanak ere hartu ditu Umore Azokak (Deabru Beltzak eta Kukai Dantza Konpainia taldeen lan berrietan, eta Gaztela Leoneko Destroy Producciones/Alicia Soto/Hojarasca Danzaren «La Petite Voiture» lanean).

Latiriliren «Plum & Txalapunk», Turukutuparen «Reziclonk», Teatro Gorakadaren «Jim en la isla del tesoro», Kolectivo Monstrenkoren «La pared», Anita Maravillasen «Blue bird», Panta Rheiren «Monster Show», Ganso y Cíaren «Mediopelo», Kukai Dantza Konpainiaren «Karrikan», Deabru Beltzak-en «The Wolves» eta Trapu Zaharrak-en «Vuelta & vuelta» izango dira lehen aldiz ikusi ahal izango diren euskal taldeen lanak. Horiez gain, Simulacro Teatroren «Paren el mundo» eta Mama Crea-ren «Parcela 85» ere ikusgai izango dira.

Bestalde, nazioarteko partaidetza izango du Azokak. Estatu espainoletik iritsita, esaterako, La Calabaza Teatro-ren «Banco para dos» (Andaluzia), Mumusic Circus-en «Roda, mon» (Katalunia), Proyecto D_Ruses-en «Citeaux» (Aragoi), Teatro Percutor-en «Bajo el andamio» (Madril), Guirigai Teatroren «Camino del paraíso» (Extremadura) eta Teatro Inquietoren «Cuatro_tres_dos» (Valentzia) lanak estreinatuko dira.

Beste herrialde batzuetako taldeen artean, Valeria Guglietti Cía de Sombras Chinas argentinarraren «Mano a Mano» izango da lehenengo aldiz Leioan izango den lana. Halaber, Azokak nazioarteko partaidetza izango du, Australia, Austria, Txile, Argentina, Italia edo Estatu frantsesetik iritsitako lanekin.

Antzezlanez gain, Umore Azokak beste ekitaldi batzuk ere baditu aipagarri, hala nola «La Codorniz 70 años. Humor, sociedad y censura» erakusketa eta maiatzaren 14an izango den Argazki Maratoia batetik, eta Artekale (Euskadiko kale-arte arloko profesionalentzat) topaketak zein Sarearen (euskal antzerki sarea) bilera bestetik.

HAMABI EUSKAL TALDE

Ohikoa den bezala, talde askok Leioa aukeratu dute euren lanak aurkezteko. Hamabi euskal taldetatik hamarrek halaxe egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo