Nazioarteko ehun idazlek bakerako bidea jorratu dute Eslovenian
GARA | BLED
Maiatzaren 4an hasi zen Bled-en (Eslovenia) PEN Internationalek antolatu duen 43. Nazioarteko Idazleen Batzarra, hilaren 8an amaituko dena. Writers for Peace Committee batzordeak deituta, 34 herritako ehun idazle bildu dira. Euskal PENeko lehendakari Laura Mintegi idazleak «Adierazpen askatasuna: ageriko eta ezkutuko zentsura» mahai-inguruan hartu zuen parte. Zentsuraren gainean hausnarketa orokorra egin ostean, kazetaritza eta politika arloan Euskal Herrian gertatzen ari diren zentsura kasuak azaldu zituen.
Bestalde, Writers for Peace Committeeko kideek ohiko lanari ekin diote. Helburua da munduan diren gatazkei konponbidea erraztea idazleen langaiaren, alegia, hitzaren bidez. Ahalegin horretan, Ekialde Hurbileko gatazkei ekin diote, bereziki israeldarren eta palestinarren artekoari, eta bertan izan ziren bi herri hauetako ordezkariak, PENek adierazi zuenez.