GARA > Idatzia > Mundua

PSOEren porrota iragarri du CSIk kanpaina espainolaren abiadan

Maiatzaren 22ko udal eta foru bozak ez dira batere onuragarriak izango PSOErentzat, aurreikuspenen arabera; botoak galdu eta tradizioz bere eskuetan izan diren hainbat gune galduko dituela diote CISek egindako inkestek. Aurkari nagusi duten PP, aldiz, indartuta aterako dela nabarmendu dute. Bart gauerdian abiatu zen hauteskunde kanpainaren bonbardaketa.

GARA |

Espainiar estatuan bart gauerdian abiatutako maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetako kanpainaren atarian, kalkulaezina da PSOEren gobernuarentzat inkestek iragartzen duten porrota. CIS Ikerketa Soziologikoen Zentroak atzo jakitera emandako datuen arabera, diputazioetan dozenaka boto galduko dituztela aurreikusteaz gain, tradizioz PSOEren eskuetan izan diren hainbat feudo ere galduko dituztela eman dute aditzera. Bi kasu dira, zehazki, aipagarriak; Extremadurakoa eta Gaztela-Mantxakoa. Nahiz eta alderdi txikiren batekin akordioa lortuz gero, alderdi sozialistak boterean mantentzeko aukerarik baduen, boto kopuruan nabarmen jaitsiko dela adierazi du CISek.

Horiek ez dira afera bakarrak, ordea; Madrilen, Gaztela-Leonen, Murtzian zein Errioxan ere boto galera agerikoa izango dela aurreikusten da, eta PSOErentzat are okerragoa dena, botoak bere aurkari nagusi PPren mesedetan galduko dituela zehaztu baitute.

Inkestek pausaldi labur bat eskaini diote PSOEri, ostera, Estatu espainoleko hiru herrialdeetan, hain zuzen, Asturiasen, Aragoin eta Kanariar Uharteetan. Nolanahi ere, gainerako alderdien sostengua premiazkoa izango dute boterea eskuratzeko.

Erakunde autonomikoetan ez ezik, hainbat hiritan ere ez dute berri onik espero sozialistek, botoak galtzearekin batera, hainbat hiritan duten nagusigoa ere galduko baitute. Sevilla, Zaragoza, Santiago eta Bartzelona aipatzen ditu CISek, baita PPren mendeko Madrilen eta Valentzian dezente ahulduko direla ere.

Inkestak lau urtez PSOEk aurrera eraman duen gestio txarraren argazkia direla baloratu zuten atzo PPko kideek, euren alderdiak jasotako emaitza onengatik pozarren agertzeaz batera. Alta, inkestak lantzen orain pare bat hilabete hasi zirela ohartarazi zuen CISek eta, hortaz, emaitzak franko aldatu ahal izan direla. Aintzat hartu behar da, gainera, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak uko egin ziola pasa den hilabetean beste behin ere hautagai izateari, eta horrek eragin zuzena izan dezakeela boto asmoan. Zentzu horretan, inkestek «aireratzeko pista egokian» kokatzen dituztela adierazi du Jose Blanco PSOEko idazkari nagusiordeak.

Ekonomia krisia aurreikusten dute adituek abiatu berri den hauteskunde kanpainako gai nagusi. Hain zuzen ere, horren inguruan mintzatuz hasi zituzten ekinaldiak Blancok Madrilen eta PPko buruzagi Mariano Rajoik Sevillan.

SALAKETA PP-RI

PPren aldeko botoa eskatuz, kartelez lepo ageri ziren atzo Estatu espainoleko hainbat hiri, nahiz eta legeak debekatu egiten duen hori kanpainatik kanpo. PSOEk salaketa jarri du PPren kontra, eta azken honek kontratatutako enpresaren akatsa izan dela argudiatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo