GARA > Idatzia > Kultura

Javier Alvarez de Eulateri eskainiko diote igandeko Arantzazu Eguna

GARA | DONOSTIA

Arantzazuko Adiskideak elkarteak bigarren Arantzazu Eguna aurkeztu zuen atzo. Igandean ospatuko dute eta Javier Alvarez de Eulate artista izango da protagonista, santutegiko beirate ezagunen egilea. Sortzaile honen ibilbideari aitorpena egitearekin batera, ehunka lagun festa giroan biltzea nahi dute, eta leku honen eta gizartearen arteko lotura estutzea ere bai.

Horretarako, egitarau bete-betea prestatu dute: goizeko hamarretan, Edorta Kortadi arte kritikariak eta Juan Mari Martinez de Ilarduia frantziskotarrak Eulateren arteari eta izaerari buruzko hitzaldia emango dute. Eta ondotik, bisita gidatua izango da margolariarekin berarekin santutegiko klaustroko atzera begirako erakusketara eta basilikako beirateetara. Meza, trikitixa, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolarien kantuak, eta herri bazkaria izango dira gero.

Donostian jaio baina 1961etik Erriberriko frantziskotarren komentuan bizi den artista omentzeko, urrira arte zabalik egongo den klaustroko erakusketaz gain, Kutxak Donostian duen Boulevard Aretoan ere zabalduko dute beste bat, azarotik abendura. Eta «Arantzazu» aldizkariak berari eskainitako monografikoa editatu du.

Eulatek lan oparoa egina du. Bere katalogoan 600 pintura eta eskultura lan inguru daude, eta material hori dena, publiko gehienarentzat ezezaguna, ikusi ahal izango da erakusketetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo