GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Hausnarrean

Hausnar eguna dugu gaur Hego Euskal Herrian, hauteskunde bezpera denez gero. Baina ez Fiedrich Nietzschek proposatu zuen bezala hausnar egiteko eguna, alegia «ia behia izanda» hausnar egitekoa, baizik eta azken egunotan ikusi eta entzundakoaren gaineko hausnarketa egitekoa, hartara biharko botoa erabakitzeko. Ez dakit noraino eragiten dion hauteskunde kanpainak botoaren norabideari, egingo nuke erabakigarriagoak direla kanpaia baino lehen izandako gertakariak, edo kanpainan bertan izandakoak baina harekin zerikusirik ez dutenak. Nolanahi ere, nik biharko botoa erabakitzeko hausnar lanak aspaldi eginda ditudanez, beste hausnargai bat dakart lerrootara, beti ere kontuan izanik behioi belarra kendu digutela, haren ordez izen engainagarriko hausnargaia eskainita: pentsua.

Aste honetan Nazioarteko Diru Funtseko buru Dominique Strauss-Kahn izan da munduko hedabideetako izarra, eta haren gaineko gogoeta partekatuko dut gaurkoan; edo, bestela esanda, mundu librearen, gizon-emakumeen -batez ere gizonen- garapenerako sekulako aukerak eskaintzen dituen mundu librearen onuren gainekoa, hain zuzen. Hesiodoren «Lanak eta Egunak» obrako pasarte bat datorkit gogora (gutxi gora behera, buruz ari naiz eta): «Lan egizu gogotik; hartara, nagiak bekaitz izango zaitu aberatsa zarenean». Beharbada motibazio noble horrek eraman zuen Frantziako Alderdi Sozialistako kidea NDFren Zuzendaritzara, gauak 3.000 dolarreko gela batean eman ahal izateko eta, hartara, nagion bekaizkeria eragiteko. Dirudienez, ordea, prezio horrek hoteleko gelazain (beltz!) bat barne hartzen zuela uste izan zuen orain hurrengoan. Eskerrak mundu libre honetan horrelako langile finentzako berme juridikoak indarrean dauden eta DSK-k milioitxo bat dolarren truke kartzela saihestu duen oraingoz.

Gaur hedabideen arretagune nagusi den M-15 mugimendua ere hizpide ekartzea otu zait, baina elkarretaratzeak hasi ziren lekuak, Madrilgo Puerta del Sol plazak, hain zuzen, euskaldun, eta espainiar, askori bezala, Gabon Zaharreko kanpaiez gainera, oroitzapen beldurgarriak dakarzkit: DGS ilunarenak. Eta preso eta iheslariengana doakit gogoa, bereziki Agustin aspaldiko lagunarengana, ama galdu berri duen honetan hari eta haren familiari nire besarkada helarazteko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo