GARA > Idatzia > Kultura

Aitorpen bat idatzi du Anjel Lertxundik, barruan bor-bor egiten duten galderez betea

Semeak aitari egiten dion aitorpen luzea da «Etxeko hautsa» nobela, noiz eta alzheimerra dela-eta entzuleak ulertu ezin dionean. Hori ez da eragozpena narratzailearentzat barrenean irakiten dioten zalantzak adierazteko. Anjel Lertxundik bere belaunaldiaren erradiografia bat egiten du, ikusten dituen arrakalak seinalatuz, nahiz eta nola itxi ez jakin.

p044_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Alberdaniak Anjel Lertxundiren lanik berrienaren bi edizio kaleratu ditu aldi berean: jatorrizko idatzia, «Etxeko hautsa», eta Jorge Gimenezek itzulitako «Los trapos sucios». Galdera ugari ageri da 70eko hamarkadan girotutako istorio honetan, irakurleari etengabe dei egiten dioten zalantza politikoak eta pertsonalak. Familia haustura ere erakusten du, belaunaldien arteko aldeagatik eta alzheimerragatik, eta bi narrazioren arteko paradoxa: semeak memoria ekartzen du; aitak, berriz, utzi.

Hori guztia hizkera «austero eta instrumentalago batekin», gogoeta bera jartzeko lehen planoan eta irakurketa hari narratibotik kanpoko elementuekin ez trabatzeko, itzultzaileak atzoko aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez.

Idazleak argitu zuen bere esperientziatik edo talaia pertsonaletik hurbilen dagoen lanetako bat dela, autobiografikoa izan ez arren. «Nire belaunaldiaren erradiografia posible bat da. Heziketa guztiz estu eta dogmatiko batetik gentozen; gazteak ginen eta tontoak, eta lortu nahi genuen eta amesten genuen mundura iristeko hartutako bidea okerra izan zen kasu askotan. Erresistentzia eta indarra gauza bera balira bezala jokatu genuen, txanpon beraren bi aldeak balira bezala», hasi zen.

«Ordutik hona denbora asko pasatu da eta memoria astuntzen joan da. Memoria berritu nahi ez duzun zatietan zapaltzen duzunean min ematen du». Galderaz eta dudaz josita dago liburua; erantzunak falta dira. Nobela historiaren arrakaletatik sortzen dela erran zuen Novalisek, eta idazle oriotarrak gaineratu zuen arrakalak egitura baten ahultasuna adierazten duten seinaleak direla, hondamendi bat gerta daitekeela iragartzen duten alarma deiak. Nola ixten diren ez badaki ere, idazteak arrakalak egon badaudela errateko eta non dauden seinalatzeko balio dio. «Urtez urte ikusi dut nola joan diren handitzen eta ugaritzen eta nola joan garen horietara ohitzen. Eraikinak arrakalekin segitzen du», baieztatu zuen.

Ez daki sortzen dituen pertsonaiek eta hauek bizitzen dituzten istorioek nora eramanen duten, baina argi du zintzoa izan beharra dagoela norberak abiatzen duen istorioarekin, nahiz eta une bat iristen den non idazleak ez duen marrazten doan bidea kontrolatzen. «Ez dut uste historiaz eta literaturaz determinismo mekaniko batekin hitz egin daitekeenik. Harremanak askoz konplexuagoak dira, eta horiei esker gertatzen da literaturaren miraria. Hasierak markatzen du garapena, baina bidean failak daude eta horietan tupust egin dezakete pertsonaiek. Dardarka has daitezke eta espero ez dituzten egoerak bizi ditzakete».

«Etxeko hautsa» nobelako protagonistari halaxe gertatzen zaio, hasiera-hasieratik gainera.

Istorioaren hiru arrakalak

Nobela bisita batekin hasten da: lagun bat etortzen zaio protagonistari etxera, mesede eske. ETAko kide batzuk autoz herri batetik bertzera eraman behar ditu, eta hor sortzen zaio lehenbiziko zalantza, hortxe hartu behar du lehenbiziko erabakia.

Hasieran ederra eta heroikoa iruditzen zitzaion erresistentziaren mundua, baina bizio bat dauka protagonistak, hots, galderak egitea, eta horrek eramaten du arrakalak ikustera. Mundu hori ez da amesten zuen bezain perfektua, heroikoa eta justua. Tragedia bat ere gertatzen da eta horrek areagotu egiten dizkio zalantzak, eta gehiago konturatzen da bere pertzepzioaren okerraz. Hori guztia bazterrean uzteko ihes egiten du eta galderak egiteari uzten dio, erosotasunaren alde... Aitaren gaixotasuna etorri arte, eta berarekin batera gutun bat, aitari zerga iraultzailea eskatuz.

Hor sortzen da bigarren arrakala, eta aitortza, aitarekin kontrastatu nahiko lukeen esperientziarena, ez eskatzeko, azaltzeko baino. «Aitak ez zion bere egia kontatu, baina berdin zaio, aitak egin ez zuena egingo du berak». Hirugarren arrakala edo faila ispilua da, bere buruari aurrez aurre begiratzea eta erosotasunagatik baztertu zuen galderak egiteko ohitura berreskuratu behar duela konturatzea.

Idazleak nabarmendu zuenez, ez zuen kanpokoa soilik kontatu nahi, barruan bor-bor egiten dioten zalantzak eta galderak ateratzea zen bere asmoa. Kontzientziaren eta ideien fluxu hori kontatzea interesatzen zitzaion, pertsonaiaren barrenean irakiten duen hori guztia. «Etengabe galdetzen dio protagonistak bere buruari eta irakurleei, baita niri ere orain».

Erantzun batzuk eman zituen atzo: «Garrantzitsua da zer egiten dugun gure garaia aurrekoak baino argiagoa izan dadin eta etorriko direnak ez daitezen ilunagoak izan. Tribunalak epai bera ematen digu guztioi: egiten duguna baino, egin genezakeena azaltzen digu».

GALDETZEKO BIZIOA

Hasieran ederra eta heroikoa iruditzen zitzaion erresistentziaren mundua, baina bizio bat zuen protagonistak, galderak egitea, eta horrek arrakalak ikustera eraman zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo