GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atzera begirako ibilaldia Bermeora, Ondarroaren txandaren atarian

Bizkaiko ikastolen jai nagusia da Ibilaldia. Ondarroan ospatuko da hil honen bukaeran aurtengo edizioa, baina urteak daramatzate makina bat herritan festa erraldoi hau prestatzen. Egun handiaren testigantzarik hurbilena, hala ere, Bermeoko Eleizalde ikastolak du, iaz egin baitzen herrian.

p019_f01.jpg

Ana ABARIZKETA

Ibilaldi luzea da ikastolena. 1970eko hamarkadaren azken urteetan ikastolen mugimendua nabarmen sendotu eta egituratu zen; izan ere, ikastola berriak sortu eta abian zeudenak nabarmen hasi ziren. Testuinguru horretan sortu ziren ikastolen aldeko jaiak. Bizkaiko jai nagusia, Ibilaldia, 1978.urtean egin zen aurreneko aldiz. Uribe Kostako ikastolek antolatu zuten eta Getxon egin zen. 1980tik aurrera, urtez urteko hitzordua bilakatu da euskaltzale guztientzat.

Datorren igandea iritsi bitartean, Bermeo eta Eleizalde ikastola dira hurbileneko testigantza dutenak, denboran behintzat. Tamaina horietako jaialdi bat prestatzea ez da lan makala, bisitaria izatea edo prestatze lanetan aritzea gauza bera ez diren bezalaxe. Ondarroako Zubi Zahar eta Lekeitioko Resurreccion Maria Azkue ikastoletan, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileek dagoeneko azken uneko prestatze lanetan dihardute, ziur aski. Duela urtebete Bermeoko ikastola zegoen egoera berean, alegia.

Ikuspegi pribilegiatua duen herri arrantzalea da Bermeo, eta Gaztelugatxe du altxorretako bat. Itsasora lotua erabat, Urdaibaitik gertu dago.

Bi urtetako lana

Eleizalde ikastolako zuzendari Aintzane Egaña izan zen Ibilaldia buru-belarri prestatzen jardun zuenetako bat. Duela urtebete GARAk plazaratutako galderei erantzunez, euskara eta euskal kultura aipatzen zituen, Bermeon Ibilaldia zertarako antolatu galderari erantzunez; «bai Bermeon, baita Euskal Herri osoan ere, euskara eta euskal kultura bizirik mantentzeko».

Orain, eta iaz bezala, bi puntu horiek dira Eleizalde ikastolaren erroak. Horren harira, euskaraz alfabetatutako bizilagunak gero eta gehiago direla aipatu du, eta horren ondorioz, euskarak «berezko bidea» jarraituko duen ustea dugula iritzi dio Egañak. «Erabiltzea falta zaigu, eta sarritan hori izaten da alderdirik ahulena». Hain zuzen ere, erabilera sustatzea da ikastolen lanetako bat, euskara eta euskal kultura sendotzea, etorkizuneko giltza dutenak heziz.

Baina zer eman diezaioke Ibilaldiak antolatze lanetan diharduen ikastolari? Aintzane Egañak, eskatzen duen lan eta esfortzuaz gain, euskaltzaleen eta ikastolen proiektu zaleen bultzada eta berotasun nabarmena azpimarratu ditu. Horrez gain, politena eta sekula nahiko eskertuko ez duen zerbait ere bada. «Ibilaldiak ezer erakutsi badigu, izan da kapaz garela gaur egun, eta oraindaino, helburu eta ilusio baten inguruan batzeko, musu-truk lan egiteko; eta, hori eginez gero, gainera, helburua lortu egiten dela. Nik hori nahiko nuke Euskal Herriarentzat», esan du. Zeren inguruan batzen garen eta zerk batzen gaituen topatzea da gaitzena, bere hitzetan.

Bada zerbait egun handia iritsi arte antolatzaileen kezka dena. Jendea herrira gerturatuko ote den, hain zuzen. Aurreko urtean, eguraldi eskasa egin zuen arren, zorionez, jendeak harrera beroa egin zion Ibilaldiari, eta jendetza gerturatu zen Bermeora. Buruhauste horiek, hala ere, egitarau potente bat prestatzera bultzatu zituzten. «Guk kultur ekitaldi eta emanaldiak asko zaindu genituen, apustu indartsua egin genuen».

Urte eta erdi eta bi urte arteko lana da tamaina honetako jaialdi bat prestatzea. Egunean zehar 1.200 bat lagunek jardun zuten beharrean, lotu beharreko hamaika kontutan jo eta su. «Urtean zehar 40 bat lagun aritu ginen lanean, eta denda kontuan hartzen badugu, gehiago». Ikastolaren inguruko pertsonez gain, Eleizaldeko bazkide ez direnak ere laguntzera etorri zirela dio Egañak.

Egañaren iritziz, Ibilaldia bezalako jaialdi bat antolatzea norberak bizi beharreko esperientzia da. Hala eta guztiz ere, ikastolen artean elkarlanean aritzea oso ohikoa dela adierazi du.

Ikastolen erronkak asko aldatu dira, bere esanetan. Azken urteetan, eta egun bizi dugun krisi egoeraren ondorioz, Eleizalde ikastolaren proiektua aurrera ateratzea da garrantzitsuena, hain zuzen, euskarari eta euskal kulturari eustea. «Gai izan behar dugu XXI. mende honetan euskara eta euskal kulturarekin aurrelariak izaten, edo behintzat mundua aldatzeko ekarpenen bat egiten, gurea den horretatik abiatuta».

HILAREN 29AN GOGOTSU EKINGO DIOTE BIDEARI ZUBI ZAHAR ETA R.M AZKUE IKASTOLEK

Herri arrantzale bati ondo baino hobeto doakion leloa aukeratu dute ondarroarrek: «Boga». Eta lelo horri indarra ematen, ehunka irudi. Horra nobedade; izan ere, Ibilaldia 2011k ez du logo bakarra. Beraz, Boga ikastolaren alde!

Egun osoko ibilbidean bost gune prestatu dituzte antolatzaileek. Zubi Zahar herri ikastola, Alleri Zaharra, Alleri, Zaldupe eta Musika plaza/Alameda dira tokiak, hurrenez hurren. Ondarroako berba jatorrari, itsasoari eta arrantzari lotuta daude guneen ia hitz guztiak.

Orotara, 5.400 metro izango ditu ibilbideak. Azken hiru guneak gazteenak izango dira batez ere. Aurreneko biak, aldiz, familia girokoak izango dira. Batik bat, 2. gunea, Irrien Lagunak izango baitira bertan. Bestalde, ibilbidean zehar, kale animaziorako hainbat osagai aurkitu ahal izango dira Ondarroan. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo