GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aristoteles Fuentes Jimenez Tuterarra

Denok Bardeetara!

Nuklearrak eta tiro poligonoa eraso beraren bi alde izanda, Gladysen heriotzaren urteurrenean poligonoaren aurkako martxa egiten da Bardeetan, urtean behin bederen bonbazaleei gure ezetza jakinarazteko

Inperialista guziak paperezko tigreak baino ez dira, erran zuen Maok. Eta Palankari Handiak arrazoi bazuen ere, aipuari bertze gauza bat gehi lekioke: agian paperezkoak dira, baina atzaparkadak mingarriak dira oso. Izan ere, «The War You Don't See» bezalako dokumentalak ikusteko adorea badaukagu, mendebaldarron bonbek nola hiltzen duten, eta euren ondorioak zein diren, agertuko zaigu begi aurrean. Umeen gorpuetan oinarritzen da gure nagusitasuna, antzerki-lan siniestro baten bidez.

Baina antzerki-lan kriminalek ere entseguak behar dituzte, azken erakustaldian dena OK gerta dadin. Eta, informazio pixka bat bilatuz gero, berri asaldagarriak aurkituko ditugu. Entsegu odoltsu horiek, sarraskiaren prestaketak, non eta hemen, gurean, Euskal Herrian egiten dira.

1951tik NATOren hegazkinek edertasunaren isla diren Bardeak bortxatzen dituzte. Franco errespetagarri bihurtzeko ahaleginen artean, diktadurak hamaika base eskaini zizkion Eisenhowerrek gidatutako inperialismoari, eta hor hasi zen gure kalbario hau. Biztanleen iritziak deus baino garrantzi gutxiago zuen, noski, eta hegazkin militarren zarata bortitza gure bizitzen parte egin zen. Zarata eta, nola ez, ezustekoak, beldurra eta edozein egunetan herritarren baten hilketa gertatu ahal izatea. Hegazkin horiek gauza asko daramatzate hegoen azpian, baina loreak ez dira izaten.

Eta hori bertakoon egunerokotasunari dagokionez. Baina batek daki zenbat bonba, zenbat misil bota duten hiltzeko makina hegadunek. Batek daki zenbat libiar, irakiar edo afganistandarren erailketa prestatu diren gure Erriberan. Eta, halaber, batek daki mota anitzeko munizioaren erabilpenak nola eragin duen erriberarron osasunean; hagitz ohikoa da gurean minbizia hitza entzutea, ohikoegia agian. Zoritxarrez, zonaldeko agintariei bortz jasotzen ditugun arrisku eta inposaketa hauek guziak. Poligonoa ederki datorkie haiei edo, hobeki erran, haien ongi betetako poltsikoei.

Herri honetan eskarmentu luzea daukagu naturari egiten zaizkion erasoen kontrako ekimenetan. Lemoiz salbatzeko borroka gogoan daukagu, eta herriak garaipena nola lortu zuen. Borroka latza izan zen, dudarik gabe, baina proiektua geldiaraztea lortu genuen, bitarteko guziak erabiliz. Ordaina handi-handia izan zen, eta Tuteran bertan Gladys izeneko neskatoak bere bizia eman zuen 1979ko ekainean. Hiltzaileak, berriz, zigor gogorra jaso zuen: domina bat eman zioten.

Nuklearrak eta tiro poligonoa eraso beraren bi alde izanda, Gladysen heriotzaren urteurrenean poligonoaren aurkako martxa egiten da Bardeetan, urtean behin bederen bonbazaleei gure ezetza jakinarazteko. Urteetan zehar, Poligonoaren Aurkako Asanbladak kudeatu du martxa. Baina azken boladan gauzak aldatzen hasi dira. Alderdi politiko batek daukan kontrolaz nekatuta, zenbait herritarrek plataforma berri bat sortu dute, Bardenas Ya! izenekoa. Plataforma berri hau Erribera bera bezain anitza da. Hor biltzen direnak ideologia askotarikoak dira; oro har, militarismoaren aurka dagoen herritar multzoa. Euskal Herrian ongi asko dakigunez, eragileak edota erakundeak zahartzen dira, denboraren poderioz herdoildu arte. Baina hori gertatzen denean, ekimen berriak loratzen dira Kantauri eta Ebro artean. Bardenas Ya! lore horietako bertze bat dugulakoan nago.

Aurten ekainaren 5ean izanen da poligonoaren aurkako martxa. Erriberako eguzki biziak lagunduta Bardeetan zehar ibiliko gara, Euskal Herria askatasunerantz ibiltzen den bezalaxe. Beraz, Euskal Herri osotik etortzera animatu nahi zaituztet, Hegoaldeko Hegoalde Urruna ezagut dezazuen. Topikoetatik harantzago joan ahal izateko, kanta zaharkituek diotena baino zerbait gehiago jakiteko, politikari edo kazetari espainol edo, tamalez, abertzale batzuen aurreiritziak gainditu ahal izateko. Ekainaren 5ean, Tuterara hurbildu, Bardenas Ya!-ren pankartaren atzean paratu eta betikoei erakuts diezaiegun hemen gaudela, hemen egonen garela eta azken hiltzaile uniformedunak gure herritik ospa egin arte beti bezain irmo jarraituko dugula. Erriberan ere borrokak merezi duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo