GARA > Idatzia > Kirolak

Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko borroka, ring-era mugatua

Orain dela hiru urte Oiartzunen bizitako esperientzia onaren bidetik, Euskal Herriko eta Espainiako kick boxing selekzioak berriz ere aurrez aurre izango dira larunbat honetan, Basaurin. Harreman zuzen eta jatorrarekin, ezinezkoa dirudiena lor daitekeen adibiderik onena.

p038_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Beste edozein kiroletan ia ezinezkoa izango litzatekeena, Euskal Herriko eta Espainiako selekzioak nor baino nor ikustea, ohitura bilakatzeko bidean doa kick boxingean. 2008an Oiartzunen antolatutako jaialdiaren jarraipen gisara, bi taldeak berriz ere elkarren aurka neurtuko dira larunbatean Basauriko kiroldegian. Selekzio bakoitza bost borrokalariz osatuta egongo da eta neurketak K1 moldean jokatuko dira. Euskal selekzioa ordezkatuko duten kirolariak Ana Isabel Sordo, Andoni Iglesias, Javier Saenz, Mikel Rodriguez eta Aratz Garmendia izango dira, eta borrokaldia 18.00etan hasiko da. Sarrerak egunean bertan erosteko ez da inolako arazorik egongo eta 15 euroko prezioa izango dute guztiek.

Anartz Iturbe antolakuntzako kideak azaldu duenez, 2008ko jaialdia errepikatzeko aukera bi selekzioen artean dagoen harreman onari esker sortu da. «Orduko lehia berdinketarekin amaitu zen, eta oso giro ona eduki genuen. Gainera, Espainiako selekzioarekin etorri ziren kirolariek ere oso pozik amaitu zuten esperientziarekin, euskaldunen partetik jaso zuten tratuarekin eta harrerarekin. Jendeak asko eskertu zien Euskal Herriko selekzioaren aurka aritzeko proposamena onartu eta Espainiaren izenean lehiatzera etorri izana. Geroztik, bigarren jaialdi bat antolatzeko hitz egin dugu askotan. Beraiek Madrilen egitea proposatu ziguten, baina guk ez genuen argi ikusten horren bideragarritasuna, eta orain Euskal Herrian egiteko aukera sortu da», azaldu du.

Alde horretatik, horrelako lehiaketak posible izatea kick boxingaren nazioarteko egitura bereziari zor zaio, Iturberen hitzetan: «Kontuan izan behar da, kontaktu kirol gehienak bezala, kick boxinga kirol profesionala dela eta ez daukala federakuntza bakarra. Alderantziz, federakuntza edo asoziazio askotan banatuta dago eta horrek geldiarazi egiten ditu Espainiako Federazioak edota Kirol Kontseilu Nagusia bezalako egiturek jarri nahi izaten dituzten trabak. Guk mundu mailako elkarteekin edukitzen ditugu zuzenean harremanak. Gainera, espainiarrek beraiek onartzen dute gure izaera, aspalditk datorren borroka bat delako, nahiz eta kostatu zaigun gure aldarrikapenak ulertaraztea. 2008an beldurrez etorri ziren, ez zekitelako zer aurkituko zuten hemen. Baina ikusi zutenean hura jai bat zela guretzat, beraiek ere pozik aritu ziren, harremanak are gehiago hobetuz».

Larunbatekoari begira, antolakuntzak keinu bat egin nahi izan dio Bizkaiko afizioari, euskal selekzioaren jaialdia herrialde horretara eramanda: «Apustu arriskutsua da. Kontuan izan behar da orain artean giro euskaldunago bat duten herrietan antolatu ditugula gure txapelketak. Oraingoan Bizkaiaren aldeko apustua egin dugu. Bilbotik gertu, jakinda Euskal Herriko populazioaren gehiengoa bertan bizi dela. Badakigu afizio handia dagoela, eta beti beraiek Gipuzkoara joan beharrean, kasu honetan jaialdia Bizkaian antolatzea erabaki dugu. Udaletxea alderdi abertzaleen eskuetan ez dagoen herri batera joatea ere interesgarria iruditzen zaigu», argitu du Iturbek.

Maila oneko kirolariak

Baina horrelako hitzordu batek derrigorrez duen aldarrikapen kutsutik harantzago, larunbateko jaialdiaren balioa bere kirol-mailari ere badagokio. Euskal Herriko borrokalariek argi utzi dute beren maila aparta azken urteotan, eta bere garaian Jose Vicente Eguskiza nafarrak irekitako bidea -zazpi aldiz irabazi zuen Munduko Txapelketa eta lau aldiz Europakoa-, beste askok jarraitu dute ondoren ere nazioarteko lehiaketetan.

Gertutik jarraitu beharreko kirolariez galdetuta, Anartz Iturbek pare bat gomendio eman dizkigu: «Mikel Rodriguez hor egongo da, Europako txapeldun izandako donostiarra. Zoritxarrez, lesio baten erruz titulua galdu egin zuen, baina berriz ere bueltan da. Aratz Garmendia ere aipatu daiteke, Euskal Herrian kontaktu kiroletan beti oso sartuta egon den mutila, Athleticeko jokalaria izan zen Joseba Garmendiaren anaia. Lehen aldia izango du euskal selekzioarekin eta espero dugu lan ona egitea. Emakumeen arteko borroka bat ere ikusi ahal izango da».

Gaur egungo bi edo hiru euskal borrokalari onenak faltako diren arren -«beste konpromiso batzuk dituzte esku artean»-, ikuskizuna ziurtatuta dago larunbaterako. Horregatik, antolatzaileek zale guztiak Basaurira gerturatzera animatu nahi dituzte, eta eskerrak eman jaialdia antolatzen lagundu duten guztiei, «bereziki Espainiako borrokalariei, beraientzat zailagoa delako guretzat baino jaso ditzaketen errepresaliei aurre egin eta pauso hori ematea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo