GARA > Idatzia > Kultura

Soinu eta pandero hotsez jantziko dira Iurreta eta Durango

Trikitia sustatzeko eta hedatzeko asmoz, eta ikasle, irakasle eta elkartzen den jende guztiaren gozamenerako, Euskal Herriko Trikitixa Eguna prestatu dute larunbaterako. Jose Jabier Abasolo «Tiliño» omendu, eta soinu eta pandero hotsez alaituko dituzte Durango eta Iurreta.

p043_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Euskal Herri osoko trikitilariak eta trikitizaleak bilduko dira etzi Iurretan eta Durangon, eta ikasleek plazara ateratzeko eta elkar ezagutzeko aukera paregabea izanen dute. Gainera, Jose Jabier Abasolo Tiliñori, euskal kulturaren berpizkundeari bultzada handia eman zion iurretarrari, esker ona adieraziko diote.

Atzo aurkeztu zuten jaia Donostian, eta hainbat gazte elkartu zen trikiti eta panderoa joz kaleak girotzen. Adolfo Jainaga irakaslea Tiliñori buruz mintzatu zen, eta erran zuenez, herrigintzan sekulako lanak egin arren, orain arte omenaldirik jaso ez duen pertsonetako bat da.

«1974tik 1999 arte Iurretako sanmigeletan antzinako musikajoleen eguna antolatu zuen, eta Euskal Herriak bizi zuen perpizkunde soziala, politikoa eta kulturala sustatu zuen. Gerraurreko trikitilari eta musikajole asko ahaztuta zeuden, instrumentuak ere armairuan gordeta zituzten, eta Tiliñok erakutsi egin zizkigun bere antolakuntzari esker», hasi zen.

Maurizia, Fasio eta bertze artista batzuk ezagun samarrak ziren herritarrentzat, baina Jose Jabier Abasolok txanpiñoiak bezala atera zituen hainbat eta hainbat musikari, eta, gainera, nola ikasi zuten azaldu zuen. Anitz autodidaktak ziren, eta nolako graziarekin jotzen zuten erakutsi zuen. Oraingoarekin konparatuta, hagitz bertzelako kantaera eta jotzeko modua zuten, eta hori transmititu nahi izan zuen Iurretakoak.

Lan hau guztia aitortuko diote larunbateko bestan. 11.00etan elkartuko dira Iurretan, eta 12.30ean herriko dantzariek, Udalak, Zabaleta eta Mutriku trikitilariek, Fredi Paia eta Eneko Abasolo Abarkas bertsolariek eta makina bat soinujolek hasiera emanen diote omenaldiari. Oskar Estangak eta Fredi Paiak kalejira bat sortu dute Tiliñorentzat, «entzun orduko ondo sartzen dena eta ikasleek erraz jotzeko modukoa», eta haren erritmora iritsiko dira Durangoraino, Landakon bazkaltzeko eta Gozategirekin dantzatzeko.

Iñaki Aranaga irakasleak txikitatik ezagutu du egun honetan sortzen den giro berezia, bazkaltzean bertze herri bateko jendearekin elkartu eta musika jotzen hastean pizten den magia, eta pozik zegoen egun-pasa eder hau berreskuratu dutelako. Bizkaiko Trikitixa Elkartearekin elkarlanean antolatu dute dena. Bertako Naiara Billalabeitiak adierazi zuenez, trikitia sustatzea eta kalera ateratzea dute helburu, baita motibatzea ere, eta zer hobea horretarako jai hau baino. Primeran hartu zuten ekimena Bizkaian egiteko proposamena eta ohore handia da eurentzat Tiliño izatea omendua, elkarte honetan ere ekarpen handia egin baitu. Denak animatu zituzten bestara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo