GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Profesionaltasuna neurtu

 

Saiatu egiten gara gure gorabehera pertsonalek eraginik eduki ez dezaten gure jarduera laboralean, jarrera aseptiko horri esker profesionalagoak bagina bezala. Profesionaltasuna gakoa izan da emakumeentzat, lanean jardun dutelako gizonezkoak beste zereginetan zeuden bitartean. Elkar hiltzeari utzi eta gerratik itzultzen zirenean, «euren» espazioa hartzen zuten berriz, emakumeak etxera bidalita. Emakumeek gainbalioa agertu behar zuten, gaitasun soberakoa, «berez» ez zegokien lekuari eusteko.

Lan mundura masiboki sartu ginen belaunaldiko emakumeek azkar ikasi genuen etxekoa etxean utzi behar genuela eta lanean lanari ekin behar geniola, bietan full time baina bereiz (nahiz eta erosketarako zerrenda egin bi klaseren artean eta biharamuneko artikulua pentsatu harrikoa egin bitartean, hori bai, disimuluaz). Helburu behinena zen ez zedila nabaritu emakume ginela, hau da, emakumeek dituzten handicap estrukturalak ez antzematea, horrek kolokan jarriko balu bezala lanerako gure ahalmena.

Ahultasun zantzua zen lanetik lehenago ateratzea haur txikiak plakak dituelako eztarrian, edo aitortzea ez garela bilera garrantzitsura joango premiazkoa delako amari bazkaria ematea ohean gaixo dagoen artean.

Ebitatu izan dugu lanean erakustea alde domestikoa eta egunerokotasunak eragiten digun aldarte aldaketa. Errorea.

Errorea da eremuak bereiztea, eskizofrenia ontzat ematea, partzelak onartzea. Aspaldidanik bilatzen dut profesionalaren atzean dagoen pertsona, eta pertsona ikusteak ematen dit profesionalaren tamaina. Eta ez dut uste profesional onik dagoenik pertsonak huts egiten duen lekuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo