Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Lilurarik ez
Justizia eta askatasuna ezin dira lortu jadanik existitzen diren tresna «demokratikoen» erabilera «egokiago» batekin. Kapitalismo «humanoagoa» egiteko saiakera da, hain zuzen, egun porrot egin duena
Aurreko artikulua idatzi nuenetik ez dira gutxi izan galdezka etorri zaizkidanak ea zergatik ez dudan ondo ikusten plazetako «ernegatuen» mugimendua. Akaso, ez nuen ondo azaldu. Lehenik eta behin, ez nago horren kontra... egundaino halakorik! Mugimendurik txikiena ere pozgarria da hain pasibo eta tontoturik dagoen Espainian. Baina liluraturik ikusten nituen batzuk eta lurrera ekarri nahi nituen hausnarketa txiki batez, eta Bretch eta Laboaren «Lilurarik ez!» zabaldu.
Duela aste bi esan nuenez, ezinezkoa da ekintza politiko bat gauzatzea jarrera «apolitiko» batetik. Ez dakit hori kokapen defentsiboa edo demagogia hutsa den (demagogia hutsa denez alderdi eta sindikatu guztiak berdinak direla esatea). Edozelan, politikoa ez izateko, iraultza «etikoa» egin nahi omen dute.
Etika ez da tresna baliagarria ezer iraultzeko. Etika balio orokorretan oinarritzen da, baina, hala ere, egiarekin gertatu bezala, ez dago etika absoluturik. Ideologia politikoa ez da orokorra, baina, hala ere, gatazka politikoan, sozialean, nazionalean, ekonomikoan, defendatu behar den taldearen tresna absolutua da. Horrela, momentura arte proposatu dituzten neurri zehatzak (langabeziaren arazotik bankuen kontroleraino edo fiskalitateraino) ez dira hobeak edo txarragoak absolutuaren, etikaren, ikuspegitik; politikoki eta ekonomikoki onuragarriak dira batzuentzat (gutxi batzuentzat) eta kaltegarriak gehienontzat; hortaz, absolutu batean defendatu behar dira talka egiten duen arerioaren aurrean.
Eta absolutu moduan defendatzeak sistema iraultzea dakar. Gaur egungo sistema injustizia horretan datza. Baina, jakina, antisistema izatea zer den azaldu eta balioztatu ordez, beste batzuon modura, jarrera defentsibotik antisistema ez direla esanda hasi dute bidea. Sistemaren edukia (kapitalismoa) eta forma (demokrazia kapitalista) ez zaizkie gustatzen, baina ez dute ez edukia ez forma irauli nahi. Birmoldatu nahi dituzte. Iraultzarik gabeko iraultza.
Ez dute ezer berririk asmatu. Are okerrago, berandu da hirugarren bide horretarako. Benetako justizia eta askatasuna ezin dira lortu jadanik existitzen diren tresna «demokratikoen» erabilera «egokiago» baten bitartez. Kapitalismoa «humanoagoa» egiteko saiakera da, hain zuzen, egun porrot egin duena. Esan bezala, pozten nau Espainian zerbait mugitzeak, baina hau Euskal Herria da. Mugimendurik inon badago, geure etxean da. Inon badago langileria, gazteria eta herri oso bat borrokan, Euskal Herrian izan da, da eta izango da. Aldarrikapen horiek ondo ezagunak ditugu.
Ondo etorriak, beraz, eta egin dezagun denok funtsezko bide eraginkorra.
Ezin amaitu espainolei zera galdetzeke: noren eskubideak uste zuten defendatzen genituela kalean? Eskubide zibil eta politikoak denonak dira ala ez dira. Zer egiten zuten, zer egiten dute euskaldunok torturatzen, atxilotzen eta jipoitzen gaituztenean? Akaso, ez zuten Bretch-i egozten zaion poema ezagutzen? borrak eta kolpeak euren plazetara heldu behar izan dira? Eta, bai, berbok erreminez idazten ditut.