GARA > Idatzia > Mundua

Gobernuaren aurkako zentsura mozio batek arrakala areagotu du Japonian

Naoto Kan lehen ministroaren kargugabetzeak berehalakoa dirudi. Oposizioko alderdi nagusiek Gobernuaren kontrako mozioa aurkeztu zuten atzo Parlamentuan, eta ziur aski gaur emango dute horren gaineko botoa bertan. Halakorik gerta ez dadin ahaleginetan diharduen arren, ez dirudi Kanek karguan jarraitzeko sobera aukera dituenik, bere alderdiko hainbat parlamentarik mozioa babestuko dutela jakinarazi baitute; agintariaren dimisioa eskatzera ere ailegatu dira.

p016_f01_97X160.jpg

GARA |

Joan den martxoaren 11n Japonian jazotako Ritcher eskalako 9 graduko lurrikarak eta hark eragindako tsunamiak bortizki astindu zituzten herrialdeko eraikinen zimenduak, baita hango sistema politikoaren joan-etorriak aise harrotu ere. Dozenaka milioi txanpon kostatuko duten berreraikuntza lanek eta artean mendean hartu ezin izan duten Fukushimako zentral nuklearraren auziak kritika andana ekarri dizkio Naoto Kanen gobernuari, eta neurrigabeko kostu horrek karguaren galera ere eragin liezaioke lehen ministroari.

Izan ere, aurrera eraman duten kudeaketa eskasa tarteko, Gobernu kabinetearen kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuten atzo Parlamentuan oposizioko alderdi nagusiek, azken asteetako krisia gainditzeko. 2009. urtera arte, 54 urtez etengabean gobernatu izan zuen Alderdi Liberal-Demokratak sustatu du mozioa, hango buruzagi Sadakazu Tanigakiren hitzetan, lehen ministroak sinesgarritasuna galdu duelako jendearen aurrean. «Japoniarrengan lidergo jarrera sendo bat erakutsi behar zuen momentuan, beste norabait begira aritu da Gobernua. Gure herrialdearen berreraikuntza bada orain gure egiteko nagusia, lehenbizi agintariak aldatu behar ditugu», esplikatu du.

Atzo Parlamentuan aurkeztutako zentsura mozioa gaur ebatziko dute, ziur aski, parlamentariek; aurrera eginez gero, lehen ministroaren eta bere kabinete osoaren kargugabetzea ekarriko luke horrek, baita akaso Parlamentua desegitera ailegatu ere.

Adituek diotenez, zentsura mozioak aukera handia du errealitate bilakatzeko, Alderdi Liberal-Demokratako parlamentariek ez ezik, Komeito eta Sunrise Party alderdiek ere bat egin baitute proposamenarekin. Alta, boto horiek guztiak batuta ere ez lukete proposamenak aurrera egitea lortuko, gobernatzen diharduen Alderdi Demokratako 80 boto beharko bailituzkete gutxienez horretarako. Mozioaren sustatzaileek, dena dela, ez dute amore eman, halakorik gertatzea ere ez bailitzateke batere arraroa izango, adituen esanetan.

Dimisio eskaerak

Batetik eta bestetik heldu zaizkion juzguei itzulia eman nahian eta zentsura mozioaren aurrean babeste aldera, «botere-borroka» alde batera utzi eta «elkartasunean oinarritutako iniziatiba eratzeko garaia» dela azpimarratu du Kanek. Bere estrategiak, ordea, ez ditu bere alderdikoak ere konbentzitzen, zenbait adituk nabarmentzen dutenez, mozioaren aldeko jarrera erakutsi baitezakete gaurko bozketan. Hain zuzen, auziaren inguruan erakutsi duen eite haundiustekoa leporatzen diote agintariari, eta, azkenaldian izaten ari den ospe txarrak eta erreforma fiskalak aurrera ateratzeko asmoz egin dituen aldaketa politikoek alderdiari kalte egin diezaioketela uste dute.

Alderdi Demokratikoaren barruan aise nabarmentzen diren bi korronteen gidaritzan daudenak izan dira hautsak harrotzen jardun direnak; zehazki, Yukio Hatoyama lehen ministro ohia eta Ichiro Ozawa. Biek ala biek jarraitzaile ugari dituzte alderdian, eta antza, hasi dira dagoeneko neurriaren aldeko sostengua pilatzen. Badira mozioa eztabaidatu aurretik lehen ministroak dimititu dezala eskatzen dutenak ere; modu horretan, balizko hauteskunde batzuk saihestu eta Alderdi Demokratikoa Gobernuan geratzea ahalbidetuko lukete, beste lehen ministro bat izendatuz, noski. Kasu horretan, oposizioko kide nagusi den Alderdi Liberal-Demokratarekin gobernu-koalizioa osatzeko abagunea aztertuko lukete, azken legegintzaldian blokeatuta izan diren hainbat legeri bultzada emateko.

Duela pare bat urte ailegatu zen Kan gobernuburu izatera, Hatoyamak dimisioa eman ondoren. Ez da lehen aldia zentsura mozio bati aurre egin behar diola, kargua hartu eta berehala gainditu behar izan baitzuen lehena. Kargugabetzea gauzatuz gero, Japoniak azken legegintzaldian izan duen hirugarren gobernuburua litzateke.

dimisioak gobernuan

Alderdi Demokratikoan Ichiro Ozawaren aliatu diren bost goi-kargudun dimititzeko gertu azaldu dira, gaurko bozketan Kanen kontra jardun ahal izateko; hainbat komunikabideren arabera, 50 batek egingo dute gobernuburuaren aurka.

hainbat erronka

Zentsura moziotik onik ateratzeaz gain, beste zenbait erronka ere izango ditu konpontzeko Kanek epe laburrean; zentral nuklearren auziari irtenbidea eman eta erreforma fiskalei heldu, batik bat.

Tsunamien arriskua gutxietsi egin zuen Tokiok

Gaur-gaurkoz Japoniak bizi duen hondamendi nuklearra Gobernuaren aurreikuspen faltagatik izan da, hein handi batean; halaxe sostengatzen du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak. Zentral nuklearretan tsunamiek izan zezaketen eragina gutxietsi egin zuen Tokiok, eta ez zituen, hortaz, behar besteko neurri hartu. Fukushimako zentrala ipini dute horretarako adibide, hura ez baitago 5,7 metro baino gehiagoko olatu bat jasateko prestatuta.

Hantxe izan da azken asteetan nazioarteko agentziako lan-talde bat, egoeraren balorazioa egiten. Ondorioak biltzen dituen txostena ekainaren 20tik 24ra Vienan izatekoa den ministroen goi-bileran egingo dute publiko, baina lehenbizi horren berri eman diote Tokiori.

Gobernuak onartu du sektorearen araudi markoa gainbegiratu egin behar duela, halako kasuetan jarduteko eskuliburu bat duten arren, martxoaren 11n «ez zuelako funtzionatu».

IAEAko kideak, dena dela, harrituta geratu dira Japoniak krisiaren aurrean izan duen «erantzun eredugarriagatik». «Mirestekoa da erakutsi duten balentria, herritarrak salbatzeagatik mantendu duten irmotasuna», esan du ordezkari batek. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo