GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etorkinen aurkako jarrera gainditzeko bidea «pedagogia» dela dio Arartekoak

Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordearen aurrean agertu zen atzo Iñigo Lamarca, Arartekoaren 2010eko txostena aurkeztera. Etorkinen aurkako jarrera zabaltzen ari dela nabarmendu zuen, eta «pedagogia» behar dela halakoak saihesteko.

p013_f02.jpg

GARA |

Iñigo Lamarca arartekoak Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordearen aurrean agerraldia egin zuen atzo, 2010. urteari dagokion Arartekoaren txostenaren berri emateko. Hala ere, dokumentua martxoaren 29an aurkeztu zuen erakundeak komunikabideen aurrean.

Gizartean etorkinei buruz dauden «aurreiritzi eta estereotipo faltsuak» behingoz atzean uzteko, «pedagogia» egiteko beharra azpimarratu zuen Lamarcak Gasteizen. Hori da txostenaren ondorio nagusietako bat; izan ere, gizartean bertakoa ez den beste arraza edota estatu bateko pertsonenganako dauden aurreiritziak «etsaitasuna» sortzen ari direla esan zuen, baita jarrera «kezkagarriak» ere.

Nabarmentzekoa da Euskal Herrian kanpotik etorritako pertsonekiko «etsaitasunak gora» egin duela. Halako jarreren adibide, SOS-Arrazakeriak Bilboko taberna batzuen aurka jarritako salaketa; hain zuzen, hainbat etorkinei sarrera ukatu izan dietelako.

Lamarcaren ustetan, etorkinenganako gaitzespena «maiz estereotipo faltsuetan eta aurreiritzietan» oinarrituta dago. Datu ofizialek guztiz bestelako emaitzak erakusten dituzte.

Horren adibide da 2008an Lakuak burututako txostena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etorkinek duten inpaktu ekonomikoa ikertu zuten bertan. Emaitzek diotenez, etorkinen batez bestekoak bertakoa denaren gastu sozial antzekoa du; baina, aldi berean, diru kutxara bertakoek baino %23,5 gehiago ematen dute, horien jarduera-tasa dela-eta.

Etorkinen gehiengoa lana egiteko asmoarekin datorrela nabarmendu zuen Iñigo Lamarcak. Laguntza soziala jasotzen dutenek, berriz, «hemengoak bezalaxe», bazterkeria jasateko arriskuan daudelako jasotzen dutela adierazi zuen.

Jardunaldiak

Egoera honen aurrean, datorren urterako jardunaldi batzuk prestatzeko asmoa dutela iragarri zuen atzo Arartekoak. Giza eskubideen «adeitasunean eta positibismoan» oinarritutako mezuak helaraziko dituztenen bozgoragailu izan nahi dute.

Legebiltzarrean aurkeztutako txostenean 2010eko jarduerak jasotzen dira. Iaz, Arartekoak 6.446 kasutan esku hartu zuen; hau da, 2009an baino %3,75 gehiago.

2010ean, herritarrek 1.859 kexa egin zizkioten Arartekoari eta 59 espediente bideratu zituzten ofizioz. Herritarren kexak, batez ere, gizarte arlokoak izan direla ere argitu zuen atzo Lamarcak Legebiltzarrean.

KEXAK

Iaz, 1.859 kexa aurkeztu zizkioten herritarrek Arartekoari; eta 6.446 kasutan esku hartu behar izan zuen; hau da, 2009. urtean baino %3,75 gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo