GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Tras el 22-M

«Aro baten amaiera ekarri du ezkertiarren artean Bilduk piztu duen ilusioak»

 
Mikel Biain
Oñatiko alkate berria

Mikel Biain (Oñati, 1977) egun Nafarroako Kutxak (CAN) Arrasaten duen ordezkaritzako zuzendaria bada ere, Oñatiko alkate kargua hartuko du laster eta batzarkide ere izango da. «Dinamismoa, gardentasuna, gaztetasuna eta freskotasuna; finean, politika egiteko beste modu bat», horixe da Bilduk instituzioetara eramango duena, Biainen esanetan.

Oñatin alkatetza 32 urtez EAJk izan badu ere, Bilduk gehiengo osoz irabazi ditu azken hauteskundeak. Mikel Biain izango da alkate berria eta hasi da dagoeneko herritarren eskariak entzuten, zorion mezuez gain. Udal taldearen lehentasuna herritarren, eragileen eta alderdien parte hartzea ahalbidetzea izango da.         

«Emaitza onak» espero zenituztela zenioten, baina horren onik?

Aurretik sentsazio onak genituen, sumatzen genuen jendea animoz zegoela, jende gaztea gehienbat. Irabaztea espero genezakeen, baina, horrenbesteraino ez. Gure irakurketaren arabera, ezker abertzalearen ohiko botoez gain, 500 inguru EAtik etorri dira eta beste 900 –parte hartzea igo duten botoak– guregana etorri dira, eta 3.300 boto inguru bildu ditugu. 

Zein sektoretatik etorri da boto berria?

Nik uste jende gaztearena izen dela, aurreko urteetan arrazoi ezberdinengatik bozkatu ez duenarena. Kanpainan beste alderdi batzuetakoak ere inguratu zitzaizkigun oraingoan guri emango zigutela esaten.

Debagoienan ere emaitza onak izan ditu Bilduk –9 herritatik 7tan gehiengo osoa–. Nola ikusten duzu hori?

Ez da kasualitatea izan hemen ezker abertzaleak gehiengoa izatea. Soziologikoki kooperatibismoak indarra duen gunea da Debagoiena, gizarte dinamikoa da eta horrek isla izan du.

Batzar Nagusietan 22 batzarkide izango ditu Bilduk, tartean zu zeu. Zer iruditzen zaizu gobernatzeko sortu den lehia?

Garbi ikusi da haustesleek zer nahi duten; 22 batzarkide lortzea oso esanguratsua da. Azkenean, baina, EAJren esku dago giltza, bere hautagaia aurkezten duen ala ez. PSEk bere babesa emateko EAJri baldintzak jarri eta adostasunik lortzen ez badute ere, azkenean PPk eta PSEk euren botoak emango dizkiete jeltzaleei hautagaia aurkezten baldin badute. Hala eta guztiz ere, Bilduk aukera handiak ditu gobernatzeko eta horrela egin beharko luke. 

EAJk Bilduren gobernatzeko gaitasuna zalantzan jarri du, botoa prozesuaren aldekoa izan omen dela-eta. 

Batak ez du bestea kentzen, bateragarriak dira. Guk prozesu bat bultzatu dugu, baina, aldi berean perfil teknikoa dugun pertsonak gaude Bildun. Egia da administrazioan ez dugula eskarmenturik, baina guk dinamismoa, gaztetasuna, freskura eta politika egiteko beste modu bat ekarriko dugu.

Oñatira itzuliz, 32 urtez EAJ egon da alkatetzan. Aro baten amaieran al gaude?

Nik baietz esango nuke. Herri nahiko tradizionala da Oñati, baina, une honetan herritarrak mugitu egin dira. Ilusioa piztu da herrian, batez ere gazte eta ezkertiarren artean. Garbi asko erakusten dute hori izan ditugun boto berri guztiek. EAJk bere oinarria mantendu egin du, baina gu balio erantsi batekin gentozen, eta hori herritarrek eskertu egin dute; beste eredu parte hartzaile bat ekarri dugu.

Oñatik aldaketa beharra al zuen?

Ez Oñatik bakarrik, orokorrean egoera sozial, politiko eta ekonomikoa errotik aldatzeko gogo nabarmena dago. Jendea nazkatuta dago langabeziarekin edo eskuineko politikarekin, esaterako.


Parte hartzea igotzearen ondorioz, alderdi txikiagoak ordezkaririk gabe geratu dira Udalean.

Egia da, orain soilik Bildu eta EAJ geratu gara Udalean. Lehen mosaiko zabalagoa zegoen Hamaikabat, Aralar, PSE eta IUrekin. 

Nola jokatuko duzue alderdi horiekin?

Gure asmoa da, ahal den neurrian eta udal araudiak uzten digun heinean, horien parte hartzea ahalbidetzea batzordeen bidez.

Zein da egingo duzun lehenbiziko lana?

Udalaren barne antolamendua ezagutu eta ekonomikoki zein administratiboki egoera zein den ikusita, parte hartzea bultzatzeko bideak jartzen hasiko gara. Ez dakigu nola gauzatuko den, baina bitartekoak jarriko ditugu herritarrek, alderdiek eta eragileek parte har dezaten.

Arloz arlo ideia eta proposamen berritzaileak dituzuela diozue. Zein dira Bilduk Oñatirako dituen asmoak?

Herriko bi merkatuak batuko ditugu frontoiaren inguruan, arropena eta jakiena. Basoko biomasa aprobetxatuz, gainera, erregaia egiteko planta jarri eta herriko ekipamenduetan erabiliko dugu. Bestalde, Eteo-ko eraikin zaharrean arte eta sorkuntzarako gunea sortuko dugu eta gazteak eta baliabide ekonomikorik ez dutenentzat estudio txikiak eraikiko ditugu. Txokolatearen Interpretazio Zentroa ere buruan daukagu.

Nolako Oñati ikusi nahi zenuke hemendik lau urtera?

Nortasun propioa duen herria da Oñati; hala ere, ezkerreko ukitua emango diogu. Herri parte hartzaile eta ezkertiarra ikusi nahiko nuke. Janire ARRONDO