KRONIKA | CRISTOBAL BALENCIAGA MUSEOAREN IREKIERA
Emakumearen ertzak irauli zituen getariarrak badu etxe berria
Cristobal Balenciaga museoa prest da, gatazkak-gatazka, nazioarteko moda goitik behera aldatu zuen diseinatzaile getariarraren lana ezagutarazteko.
Ane ARRUTI
Pozik egoteko, ospatzeko eguna zela azpimarratu nahi izan zuten atzo erakunde ezberdinetako ordezkariek. Eta bazuten arrazoirik horretarako. Hamarkada zurrunbilotsu baten ostean, Cristobal Balenciaga getariarraren omenez jaio den museoak ateak zabalduko ditu azkenean. Egun ederregia datu polemikoekin zapuzteko, izan ere, bertaratutako komunikabide mordoaren aurrean ez zuten aipatu ere egin hasierako sei milioi euroko aurrekontua 30 milioiraino «hazi» denik, ezta museoak, oraingoz behintzat, ez duela zuzendaririk izango ere.
Katramilak katramila, goi mailako joskintzako maisuak merezitako tokia izango du bere jaioterrian, inoiz jostun bati eskaini zaion dimentsio honetako lehen museoa, hain zuzen. Toki paregabean kokatu dute Cristobal Balenciaga Museoa, herriaren goialdean, 9.000 metro koadrotik gorako azalera hartuta. XIX. mendeko Aldamar jauregiari lotu zaio kristal beltzezko eraikin berria. Iluntasun hori, ordea, argi bihurtzen da barrura sartzean, bertatik kanpoaldea eta itsasoa ere ikusten baita.
Sentsazio hori datorren astetik aurrera izango da denen esku. Asteartean izango da inaugurazioa; ostegunean getariarrek taldeka sartzeko aukera izango dute; eta ostiraletik aurrera, martxa betean izango da museoa.
1.200 piezako bilduma
«Jostun onak arkitektoa izan behar du forman, margolaria kolorean, musikaria harmonian eta filosofoa neurrian», esan ohi zuen getariarrak; eta ez zen hitzetan gelditzen. Bere lana ezagutzen dutenak ados daude «bikaintasuna, perfekzioa, sormena, zorroztasuna, berrikuntza, dotorezia eta zintzotasuna» bezalako hitz potoloek definitzen dutela Balenciaga. Christian Dior-ek, esaterako, honakoa esan zuen getariarraz: «Ehunekin ahal duguna egiten dugu. Balenciagak, nahi duena».
Cristobal Balenciaga Fundazioaren ekimena izan da museoa, «diseinatzailea hobeto ezagutaraztea» helburu duena eta «bisita leku izateaz gain, inspirazio leku» izatea ere nahi lukeena, Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuaren esanetan.
Fundazioak 1.200 piezatik gorako ondarea bildu du, soinekoak gehien-gehienean, baina baita osagarriak ere. Fundazioko presidente sortzaileak, Hubert Givenchyk, bere bilduma partikularretik 109 jantzi eman ditu eta, 2003an iritsi zen, bestalde, ikusgai dagoen pieza garrantzitsuena: Belgikako Fabiola erreginaren eztei-jantzia. Monakoko errege-etxeak dohaintzan emandako lau jantzi ere topatuko ditugu, Grace Kellyrentzat neurrira diseinatutakoak, hain zuzen.
Diseinu horiek guztiak txandaka ikusteko aukera izango da museoan. Aldiro, 70 jantzi eta hogei bat osagarri bilduko ditu erakusketak eta, gehienez, urtebeteko epean aldatuko da. «Kontserbazio arrazoiengatik ezin ditugu denbora gehiago mantendu ikusgai. Argiztapen hain ahula izatea ere ez da gure aukera, ehunen erakusketetan onartzen den gehienezkoa 50 lux-ekoa da», azaldu zuen Miren Arzalluzek, bildumen arduradun eta komisarioak. «Piezak aldatu egingo dira, baina erakusketaren ildoari eutsiko diogu», gaineratu zuen.
Eguna, gaua, koktela...
Sei erakusgelatan bereizita jarri dituzte piezak eta kronologiko baino, jantzien araberako sailkapena egin dute. Gai bakoitzari argi eta kolore bana egokitu diote. Lehen gunea «Hasierak» izendatu dute, «zentzu zabalenean ulertuta», esan zuen Arzalluzek. «Gune horretan, zentzua hartuko dute XIX. mendearen amaierako moda zurrunarekin izandako lehen harremanek, edota Lehen Mundu Gerraren ostean, emakumearen jantzietan etorri zen askapenak». Bildumako pieza zaharrena hor aurkituko dugu, 1912an bere lehengusina Salvadora Egañari oparitu ziona.
«Eguna» bigarren gunean, silueta berritzaileak ageri dira: 1947an aurkeztutako bizkarrean forma kurbatua zuen upel linea, erdi estua (1951), tunika (1955), zaku jantzia (1957)... Pauso hauen bitartez ezarri zuen Balenciagak «emakumearentzako silueta berria».
Luxua izango da «Koktela» guneko ezaugarri nagusi, betiere funtzionaltasuna ziurtatuz. «Emakumeak berak bere burua nahi zuen moduan erakuts zezan uzten zuen», esan zuen Arzalluzek. Baby-doll forma famatuak hemen aurkituko ditugu, baita «Gaua» laugarren gunean ere. «Bolumenekin esperimentatu zuen asko eta, mitoak beltzarekin lotzen badu ere, oso jantzi koloretsuak egin zituen». Bertan dago Givenchy-ri bere urtebetetzean oparitutako soinekoa.
Osorik ikusteko moduan biraka ari diren sei soineko zurik osatzen dute «Emaztegaiak» gunea, 40ko hamarkadatik 60korainoko bilakaeraren erakusgarri. Bukatzeko, «Funtsezko lana» bildu da, helburutzat «jostun-sortzailearen teknika fina nahiz beti erakutsi zituen berrikuntza tekniko apartak nabarmentzea» duena.