GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren «pause»-ak

Inoiz ez zaizkio eman behar oporrak musikari. Musika entzuteko tresna guztiek dute «pause» botoia, baina zertarako sakatu pause edo etenaldia? Aurreko esaldiari musika hitza kendu eta «bizitza» idatziko bagenu ohartuko ginateke zergatik pauseak ez duen balio. Inoiz ez zaizkio oporrak eman behar bizitzari. Bizitzak ez dauka pause teklarik. Pausen ez ginateke hemen. Bizitzak etenaldi bakarra du.

Musikarekin eta bizitzarekin oihartzunaren legea edo indarra gertatzen zaigu maiz. Oihartzunaren hasierako indarra galtzen doa denborarekin, eta une batean desagertu egingo da itzuli dizun erantzun amaituan, oihartzun bukatuan; oihartzuna eten egin da. Baina hori gertatzen da ez duzunean entzuten bizitzari bota diozun oihua, orduan bukatzen da oihartzunaren legea. Musikarekin beste horrenbeste. Norberak luza dezake oihartzunaren legea. Musikan errepikapenak egiten dira, ahalik eta hobekien ikasteko egindako abestia. Kantuaren errepikapenak alda dezake abestiari buruzko estreinako sentsazioa eta indargabetu gure buruan, nahiz eta entzulearen pentsamendutik alde egiterik ez duen.

Errepikatuko dugu: norberak luza dezake oihartzunaren legea. Lege guztiak, ordea, ez betetzeko egiten dira edo apurtzeko. Zertarako nahi dituzu legeak? Demokraziarekin bezala, zertarako nahi duzu demokrazia, gero «benetako» demokrazia aldarrikatzeko? Horrek esan nahi du orain arteko demokrazia ez dela benetakoa. Urteetan bizitakoa memorian gorde eta gero konturako zara entzun zenuen musikak zerbaiterako balio izan dizula. Gogoratzea beti da garrantzitsua. Tijuana In Blue taldearen «Bebe y olvidalo» leloa, beraz, zertarako?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo