GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Landare lotiak?

Gehiago erreparatu behar ote genioke lurrazalak berez urtero janzten duen kalpar natural aurten tximatsuago duen horri?

Orain bi hilabete, bi landare topatzen nituen atzenduak, udaberriroko erritmoa guztiz partikulartuta. Segun zein negualdi, milorri txurixkak edozein bide bazterretan zutitzen zaizkizu otsailerako. Aurten oso bestela ibili da.

Beste landarea, eta hau azkartu da sanisidrotatik hona, astalarrosa izan da. Ez dakit zerk eman bide dion hain jokabide frenatua. Esnaerraza da berez, udazkenean bertan loratzen hasteraino; baita neguan ere, eguzkiak ikuttutxoren bat eman orduko. Aurten, maiatzaren erdira arte zaputz luze eta lotian egon da. Esan gabe doa, nik hemen Arantzazuko sasixkak alaitzen dakien astalarrosari begiratu diodala, ez beheragoko haran eta ibarretakoari.

Sanisidroak pasatu eta handik lauzpabost egunetara, astalarrosa iratzar eta pizturik genuen: ordura arte sasilarrosarik ez zegoela zirudien xoko berdoxketan ere, han azaldu zen tximeleta ttiki solte txurixken antzera, elur malutatxo xapalen tamainan. Agudo loratu zen, kolpean esango nuke, astebetean ia denak zabal eta arroxaturik genituela.

Ez hala milorria: gordinago iraun du askozaz. Beheko ibarretako bide bazterretan ez bezala, ekainak 3 harrapatu dituenean ere, badago hemen tortorik, lora txurixkak zabaldu ezinik dabilen gordintxorik, alexka bat edo beste zurtoin berdeen artean xurixkatuz juxtu-juxtuan. Txikiagoak bai, buru txikikoak, zurtointxo mehe laburrekoak, haiek zurituagoak daude: lerden eta zutituenak, aldiz, goiko buru zapalaz gainera, adartxoak dituzten sendoenak, horiek gordinagoan diraute, sanantonioak arteko zaputzean nonbait.

Bi urtetik behingo erritmo eta bizialdiak ote dituzte, 21na ilargialdikakoak, lauzpabost ilargitako atsedenaldia gozatzen dutela? Batek daki! Aurtengo udazkenetik udaberrira, bost ilargialdi deskantsu ederrean iraun dute, indar berri oparoenak berritzen, ahalik eta dotoreenik uda irauteko.

Edo, udako bero zakarren susmoz, uda sasoi trinkoegia ote datorkigu? Aurten, egia esan, hostotza manta gainjantzi itxurazkorik duen pago eta haritzik bada, sendokote ageri denik, eguzki printzek ez dutela asko penatuko desafioka…

Gehiago erreparatu behar ote genioke lurrazalak berez urtero janzten duen kalpar natural aurten tximatsuago duen horri…?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo