Gatazka armatua aintzatetsi du Kolonbiak biktimen lege berrian
Senatuak eta Ordezkarien Ganberak onartu berri duten lege-proiektuan jasotzen da gatazka armatuaren izatea, nahiz eta horrek ez dien talde armatuei izaera politikorik aitortuko, eskuin-muturrekoek eskatu bezala. Proposamena osatu gabea dela salatu dute, ordea, biktimen elkarte eta giza eskubideen aldeko erakundeek, ez baititu biktima guztiak kontuan hartzen.
GARA
Gatazka armatua hasi zenetik 50. urteurrena bete denean aintzatetsi du Kolonbiak horren izatea, hainbat hamarkadetako korapiloa askatu eta biktimen lege-proiektuari sostengua erakutsi ostean. Atzo eman zioten onespena Exekutiboak proposatutako lege-proiektuari Senatuan eta Ordezkarien Ganberan, gobernatzen diharduen U alderdiaren, Alderdi Kontserbadorearen eta Muturreko Aldaketa alderdiaren babesarekin. Aldeko 62 boto eta kontrako hiru jaso zituen lehenbizikoan, eta aldeko 93 eta aurkako beste hiru bigarrenean. Konstituzio Gortetik pasa beharko du orain egitasmoak, Juan Manuel Santos presidentearen baietza jaso eta martxan ipini ahal izateko.
Biktimen legea mugarri ezinbestekotzat jo du kolonbiarren gehiengoak, aspaldian galdegiten zen egitasmoa baitzen. Kritika andana ere eragin ditu, ostera, batik bat Alvaro Uribe presidente ohiaren jarraitzaileen partetik. Araudiak gatazka armatuaren existentzia aipatzen du bere hirugarren artikuluan, eta termino horrek, talde armatuei, herrialdeko jarduera politikoan aritzeko zilegitasuna ematen diela diote.
Alabaina, onespena ematearen trukean, lege-proiektuan parrafo bat txertatzearen alde egin dute uribistek; hain zuzen, gatazkaren aintzatesteak ez diela talde armatuei -FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak eta ELN Nazioa Askatzeko Armada, besteak beste- izaera politikorik aitortzen argitu dute, haiek biktimaren legeaz profitatu daitezen saihesteko.
Nolanahi ere, uribistena ez da oposizio bakarra izan, Polo Demokratiko Alternatiboak ere zalantzan jarri baitu proposamena; halako legeak aprobatzea baikorra dela ziurtatzen duten arren, gatazkak eragindako biktima guztiak ez direla kontutan hartzen kexatu dira -talde paramilitarrek eragindakoak, esaterako-, eta horregatik, Gorte Konstituzionalean helegitea jarriko dutela eman dute jakitera. Dena den, alderdiak Senatuan dituen sei ordezkarietatik hiruk legearen aldeko botoa eman dute.
1985. urtetik aurrera jazotako gertaerak hartzen ditu aintzat legeak, kalte-ordainetarako eskubidea, laguntza psikologiko eta fisikorako eskuduntza eta gizartearekiko biktima errekonozimendua aitortzen zaizkielarik. Hori guztia garatu ahal izateko, era berean, erakunde instituzionalak eratzeko aukera jartzen dute mahai-gainean.
Gobernuak eta komunikabide haundi gehienek legearen onarpena txalotu duten arren, giza eskubideen aldeko erakundeek eta hainbat biktimen elkartek «osatu gabeko neurri bat» dela ziurtatu dute, «biktimen bizkar osatu den egitasmo bat» delako. Legearen osaketan biktimen elkarteak kontutan ez hartzeaz gain, Gobernuak parte-hartze publikoaren aukera ere baztertu egin duela diote. Salatu dutenez, Polo Demokratiko Alternatiboak ere 150 helegite aurkeztu dizkio egitasmori, bat bera ere kontutan hartu ez dutelarik.
Egoera kezkatzeko modukoa dela azpimarratu dute, frogek diotenez, giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako urraketek ez baitute etenik. Odhiaco erakundeak ziurtatu du, Santosek agintean daramatzan 300 egunetan ez direla abusuak apenas murriztu; areago, kasu batzuetan egoera aise gaiztotu dela konfirmatzera iritsi dira.
Horregatik, auzian eskua sartu dezala galdegin diote Nazio Batuen Erakundeari, Kolonbiari «zigorgabetasuna errotik mozteko benetako borondate politikoa exijitu, eta, indigenen eta nekazarien eskubideen aldeko neurriak eskatzeko».
Guillermo Enrique Torres, alias «Julian Conrado», Venezuelan atxilotu dutela eman zuen jakitera atzo Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak, bi herrialdeetako indar armatuen elkarkidetzaz.
FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren ekintzaile taldearekin lotzen dute Conrado; 1998 eta 2000. urte artean Gobernuarekin burutu ziren negoziazioetan FARCen ordezkari izan zela diote, baita hildako «Raul Reyes»-en gertukoa zela ere. «Abeslari» ere deitzen diote, konpositorea izateaz gain, hainbat musika instrumentu jotzen dituelako; haien jaiak alaitzen omen zituen. Venezuelatik Kolonbiara estraditatuko dutela jakinarazi du Santosek. GARA