GARA > Idatzia > Kultura

Grezia klasikoko eta Japonia feudaleko abentura zoragarriak kontatzen ditu Fernando Morillok

Elkarren Multibidaiariak bilduma berriak estetika berezia du, mamia ere halakoa den seinale. Fernando Morillok Termopiletako gudara eta samuraiengana darama irakurlea koadrila gasteiztar xelebre batekin.

p041_f01_148x104.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Lehoien dantza. Grezia: jolasa eta odola» eta «Heriotzaren soinekoa. Japonia: ezpata, ispilua eta harribitxia» dira Multibidaiariak sail berriaren lehenbiziko bi liburuen izenburuak. Abentura zirraragarrien iragarle dira, azaleko letra tipoa eta irudiak bezala. Gazteei zuzenduta daudela eman dezakete, baina Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak irakurle guztiei gomendatu zizkien, hagitz freskoak eta arinak direlako eta era erakargarrian ematen dutelako Grezia klasikoko eta samuraien Japoniako mundu kolektiboaren berri.

Zientzia-fikzioa, abentura, misterioa eta maitasuna nahasten dira unibertso paralelo edo birtualetara egindako bidaietan, bertze garai baterako jauzietan. «Bidaia fantastikoak dira alde batetik; baina, bestetik, errealak dira, multibidaiariak Gasteizko koadrila bat direlako», argitu zuen Mendizabalek. Aurkibide batekin hasten dira liburuak, koadrila bitxi samar honetako kideak eta garai historikoa deskribatuz, eta gero, atalez atal egiten du aitzinera nobelak, hagitz erraz irakurtzeko aukera emanez. Bukaeran, pertsonaia historikoei buruzko azalpenak eta glosario bat agertzen dira, hobeki kokatzeko.

Nobela hauen idazlea, Fernando Morillo, Filosofian lizentziaduna eta Fisika ikasia da, gazte literaturan euskal letrek duten egilerik oparo eta ezagunenetako bat. Adierazi zuenez, anitz maite ditu azkeneko liburuotan deskribatutako bi garaiak, Grezia klasikoa eta 1600. urteko Japonia feudala. Horregatik, idazteko informazio bila hasi zenean gauza interesgarri ugari topatzen zuen eta arazoa gustuko gauzak kentzea izan zen berarentzat, abentura bat egitea baitzuen helburu, eta ez datu base bat.

Borroka eta artea josiz

Urki, Olain, Harriet, Antton eta Rakel gasteiztar lagun xelebreek esperimentuak egiten dituzte ordenagailuarekin eta kubo formadun kristalezko kutxa handi batekin mundu birtualetara bidaiatzeko. Eta hara non egun batean helburua lortzen duten. Lehenbizi K. a. 480. urteko Greziara joaten dira, Termopiletako gudara. Bertan, Leonidas erregeak eta 300 espartarrek Xerxes pertsiarraren armadari heriotzaraino aurre egin zioten, nahiz eta ezinezkoa izan irabaztea. Ezin zuten, baina hala ere aitzinera egin zuten. «Pertsonaia zoragarriak zeuden. Ez du ematen egiazkoak izan zirenik. Ikaragarrizko nahasketa bitxia gertatu zen: alde batetik, borrokarako izugarrizko sena zuten, eta bestetik jolasa azaltzen da. Hamabost ale ere idatziko nituzke euren inguruan».

Pasio handiz mintzatzen zen Morillo. «Borroka eta artea josten dira, arte pasionala, dena dastatu eta ezagutzekoa. Japonian ere nahasketa hori gertatzen da, baina borroka ikaragarri gogorra izan arren, fina eta baretasunez betea da. Kontraesana izugarria da. Samuraiek kode zorrotzak betetzen zituzten eta ninjak gehiago ziren egokitu eta irautekoak».

Bi herrialde eta garaiotako benetako saltsetan sartzen ditu asmatutako pertsonaiak. «Ni ez nintzen egon bertan... Edo bai -erran zuen, hobeki pentsatuta-. Asko irakurri baitut». Historiarekin ahalik eta fidelen izan da, baina abenturekin jolastuz. Pertsonaien solas batzuk egiazkoak dira, hain literarioak izanik idazleak pentsatu baitzuen nekez hobetuko zituela.

Fitxa

Liburuak: `Heriotzaren soinekoa. Japonia: ezpata, ispilua eta harribitxia' eta `Lehoien dantza. Grezia: jolasa eta odola'.

Testua: Fernando Morillo.

Ilustrazioak: Iñaki G. Holgado.

Argitaletxea: Elkar, Multibidaiariak bilduma.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo