GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Okerbidean zuzen

Ezin burutik kendu lagunena. Klima aldaketa sustatzeko beroaldi politikoa. Epaia omen, epaile ei direnek benetan epaitu izan direnei zuzenduta, hor zuzenik balego sikiera. Oker dabiltza, baina, euren zuzenbidean. Eta txarrena dena, ez dute okerra zuzenduko duen ganorazko bururik. Lagun batek idatzi berri duenez, Estatuaren hegazkina amiltzen doa arin batean eta kabinan inor ere ez, txisteko tximinoa bera ere ez. Pena ematen du gure beheko Estatu ei den horrek. A zer lastima! Hortaz, Libiako hegoaldeko tribuenak gauzatuago ematen du Estatu horrek baino. Tira, harira! Epai bidegabea. Zuzentasunaren parodia nazkagarria, youtube zer horretan primetime orduan ipintzekoa, behin eta berriz. Planeta lotsaren lotsaz ari da biran, Iberia gainetik pasatzeko lotsaz. Bidegabea, bai, hemen bidea egiteko balio duen hango epai bidegabea; han biderik ez dute eta. A zer lastima!

Hango Estatuaren zimenduek inoiz ez dute arrokarik ukitu; hortaz, zimentarririk ez. Hareen gainean eraiki nahi izan zuten, mugikorrak ez zirelakoan; usteak ustel. Hau kolpea! Beheko hareak mugikor izan eta gaineko Estatua mugiezin eraiki nahi! Hortaz, lurraren ikarek mugiezina dena erraz eraisten ohi dute, berez mugikorra denak uhinaren batera mugitu eta mantendu egiten dela. Oinarrizko fisika kontua. Aspaldian galdu zuten iparrorratza, eta orain iparra bera galtzeko bidean dira, atzera egiterik ez duen bidean. Filtrazioak dira, besteak beste, Estatu horren ormek azkeneko bi urtean jasan duten pitzatzearen ondorio, eta pitzaduren beraien seinale. Husten ari zaie ontzia. Gero eta lehorte politikoagora doaz, buruz, egarri izatea zer den jakitera iritsi gabe...

Beheko Estatua gero eta gehiago da hori, estatua, hareazkoa izan ere, higatua. Baina plazarik gabeko estatua. Hango plazak suminduek dauzkate hartuta. Hemengo plazak sumendiek, beroaldi politikoak aktibatu dituen sumendiek; azken batez, odolak su gabe diraki. Bai, ekonomia da beheko estatuzko Estatuak gaur gaurkoz duen krisirik txikiena, azalena, lurralde-krisiak txiki utzi duen krisitxoa. Dagoeneko duen arriskua ez da primarena, bai zera, askoz ere primarioagoa den arriskua baino: izatekoa bera, koroaren zezen-larruaren esparrua bera. Zainketa berezien gelan da, ospitale pribatuan. Andaluziako poeta handiak esan bezala, gaixo egotea baino okerragoa da sendagile txarra izatea. Goian bego!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo