Lander Garro | Idazlea
Latorrizko danborra
ETAko buruzagi izatearen akusazioa egiten dietenean, politika egin ez dezaten eragozteko, nabarmen ageri zaigu ETA dela espainiarren danbor txikia Dena da eromen luze, horditu eta infantil baten ondorio lazgarri. Baina umeari nork edo nork danborra kendu beharko dio, goiz ala berandu
Denbora gurpil zoro bat da. Badoa, erremediorik gabe. Inork ere ezin du gelditu. Nahiko genuke, denborak ezinbestean eragiten duen parabola maltzurra saihestu, gu guztiok jaio, bizi eta hiltzera garamatzan kurba makabroa. Baina ezin dugu. Gunter Grassek, bere «Latorrizko danborra» ospetsuan, denborarekin lehia egiten zuen pertsonaia baten istorioa kontatu zigun. Oscar Matzerath-entzat ez zen deborarik pasatzen. Bere ingurukoen bizitza zikloak aldatzen zihoazen neurri berean, berea geldi zegoen.
Ingurukoak jaiotzen, handitzen, heltzen eta hiltzen ikusten zituen, baina bere zikloa bere horretan geratzen zen, mugiezin. Ez dakigu zein den Matzerathek heltzeari uzteko izan zuen arrazoia. Pertsona heldu baten heldutasuna lortu omen zuen hiru urterekin, eta, kanpotik haur itxura izan arren, barrendik heldua omen zen. Adin horrekin eskaileratik erori zen, bestetik, eta horixe zen munduari begira erabiltzen zuen aitzakia: istripu txiki hura. Mundua asetzen zuen azalpen txiki horrekin. Hortxe dugu, beraz, izaki heldua umearen gorputzean sartuta, bizitzari kanpotik so egiten diona, joandakoaren arrangurarik edo nostalgiarik gabe, eta etorkizunarekiko ezaxola, ezjakin, indiferente. Egotea baino ez du helburu, besteek bizitzaren gurpil zoroan bizitzeko borroka egiten duten bitartean. Zertarako bizi da? Sena hutsez bizi diren bestelako bakterio, birus edota itsas hondoko izaki arraroen gisara, biziraute hutsagatik. Huraxe da hilezkortasunaren paradoxa: bizitza betiko bermatuta, bizitzak berak zentzua izateari uzten dio. Zeren bizitzari zentzua ematen dion gauza bakarra baita, nahitaezko amaiera krudel horri aurre egiteko borrokak ematen diona. Elkarrekiko menpekotasun erabatekoa dute, bizitzak eta heriotzak. Denek ulertzen dute hori, ezpada eroek eta txoriburuek. Matzerath umea, izan ere, hori baitzen: eroa. Eroentzako egoitza batean bizi zen, eta bere bizitza oro zen eroetxean gertatzen, mundutik at: bai mentalki, eta bai fisikoki ere, bazterturik. Hilezkortasunaren prezioa zen.
Eta horixe bera da espainiarrek ulertu nahi ez dutena. Bizitzeko modu bakarra dago: zikloen logika onartzen duen modua, hain zuzen. Espainiak izan zuen berea, koloniek eman zioten aberastasun eta odol festarekin, loria beliko eta haragitsu harekin. Baina politikaren garaian, herritarren agindupean, Espainiak ez du logikarik txikiena. Eta logika gabezia horren ondorioz gerta liteke soilik Madrileko Auzitegi Nazionalak Otegi, Jazinto, Rodriguez, Zabaleta eta Diez kartzelara bidaltzea. Espainia bizitzaren zentzu oinarrizkoena utzitako ume handia da, bizitzaren borroka zentzuzkoari uko egindakoa, bere psikiatrikoan bizi dena bizitza horixe dela pentsatuz: ezerezera doan hilezkortasun ergel bat. Ume azala duen arima lizundua, zimeldua da.
Matzerathek latorrizko danborra zuen, eta danborraren bidez, bizitzaren pasarteak bizitzeko gaitasuna eskuratzen zuen. Bizitzaren korrontetik at geratutako subterfugioa zen, bizi zelako ilusioari eusteko tranpa. Jostailu txoro hura, beraz, hil ala biziko tresna bilakatu zen ume sorginduaren eskuetan. Jostailurik gabe, bizitza eroetxe hartako horma kakaz betetakoetara mugatuta geratzen zen.
Horrexegatik, Espainiak gure agintari politikoei ETAko buruzagi izatearen akusazioa egiten dienean, zertarako eta politika egin dezaten eragozteko, ageri zaigu hain nabarmen ETA dela espainiarren danbor txikia. ETArik gabe, Espainia desartikulatutako herrialde txiroa da, ekonomia errealak bere berezko tokira itzularazi duena, herrialde puztua, non teknologia orok duen adreiluaren forma sinplea, non ingeniaritza oro den adreilua adreiluaren gainean jartzea, hain justu ume batek egingo lukeen moduan, izan arima gazte edo zaharrarekin.
Baina ETAren danborra jo orduko, hantxe ageri zaigu Espainia metamorfizatua, bere juje, lege, palazio eta militar modernoekin (oraintsu aldatu dituzte guardia zibilek uniformeak, danbor hotsen erritmopean). Jo danborra, eta Espainia bizitzaren kateari lotzen zaio, defiziten, subdesarrolloaren eta subkulturaren mamuetatik libre, psikiatrikoaren hormak behin-behinekoz atzean utzita.
Espainiaren ilusio delirantearen biktima dira, Otegi eta Bateragune auzikoak bezala, beste presoak ere. Dena da eromen luze, horditu, zentzugabe eta infantil baten ondorio lazgarri. Baina umeari nork edo nork danborra kendu beharko dio, goiz ala berandu, eta, danborrarekin batera, umea ere desagertuko da. Gure esku dago.