GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Pello Urzelai 2011/9/17 | Berria

Zigorraren itsukeria

(...) Epaia, lehenik, bidegabea da, hain zuzen estrategia politiko-militarra indargabetu eta bide politiko hutsetan oinarritutako estrategia bultzatu dutenak zigortu dituelako. Gainera, egin dutenaren kontrakoa egotzita zigortu ditu.

Epaia irakurrita, nabarmenak dira aurreiritziak, eta nabarmena da zigortzeko borondatea. Epaimahaikoentzat auzipetuak ustezko errudunak dira, errugabetasuna frogatu behar dutenak. Ustezko errugabetasun printzipioaren kontra. Epaileek frogaren ardura ez dute akusazioen bizkar jarri. Ez die eskatu auzipetuek ETAren agindupean aritu zirela frogatzeko. Alderantziz, auzipetuei ezarri die ETAtik urrundu direla frogatu beharra. Baina urruntasuna eta desadostasuna adierazten dutenean, epaimahaiak ez die sinesten eta «estrategia defentsiboa» dela argudiatzen du.

Epaia ahula da oso. (...) Bost «oinarrizko egitate» aipatzen ditu epaimahaiak epaiaren 42. orrialdean. Bostak erraz errefusatzekoa dira. Lehena, LAB sindikatuaren egoitzan izandako bilerak. Baina bilera horietan hitz egindakoaz ez dago datu bat ere. Beraz, biltze hutsa ezin da delitutzat jo. Bigarrena, Iparraldera egindako bidaiak. Baina epaimahaiak onartzen du ez dela frogatu ETArekin bildu zirenik, eta ez dago datu bat bera ere bidaia horietan hitz egindakoa ETArekin lotzeko. Hirugarrena, ETAren eta ezker abertzalearen dokumentuen arteko «kausa-efektua harremana». Epaiketan, baina, argi gelditu zen ETAren dokumentuetan agertzen ziren aurreikuspenak ez zirela bete. Laugarrena, ETAk eta ezker abertzaleak antzeko terminologia erabiltzea. Absurdoa da hitzen antzekotasuna delitu bihurtzea. Bosgarrena, ETAren «tesi armatuetatik benetako urruntasuna adierazten duen jarduerarik eza». Epaiketan esandakoak gutxietsi egin ditu epaimahaiak, eta, larriena, dokumentuetan ageri direnak saihestu ditu. Ez ikusiarenak egin du, zigorraren helburura iritsi ahal izateko.

Epaiaren atzean ez dago bakarrik epaimahai jakin bat: egoera berriari trabak jarri nahi dizkiotenak daude, aldaketa eragozteko edo atzeratzeko zigor politika balioetsi dutenak; hain zuzen, egunez egun sendotzen ari den egoera berri honetan galtzaile sentitzen direnak. Galtzaile, ez dutelako jasaten ezker abertzalearen estrategia aldaketak emaitza onak ekartzea edo Bilduk arrakasta izatea edo independentismoaren berpizkundea. Sektore horien artean sekurokratak dira, gatazka armaturik gabe boterea galduko dutenak. Haien eragin negatiboa kontuan hartzekoa bada ere, egoera berria nahiko sendotuta dago, eta orain arteko bilakaera ez da geldotuko, alderantziz baizik. Azkartu eta indartu egingo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo