GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | «MONZON» PASTORALA

Larraintarrek eta bergararrek bat egin dute pertsona historiko bat omentzeko

Denak ados zeuden: atzo hagitz egun berezia izan zen, omenduak, Telesforo Monzonek, merezi bezalakoa. Ia Larraine osoa bildu zen haren jaioterrian, antzerki handi baten bidez nor izan zen oroitarazteko. Zuberotarrek ohi duten gisan, kantuz kantu.

p008_f01.jpg

Maider IANTZI

Eguerdian, Bergarako seminarioko jolastokian jarritako karpa handian, larraintarrak makillatzen, janzten eta desfilea hasteko prestatzen ari ziren. Han zen Zuberoako herriko alkatea, Sebastien Uthurriague; banderatxoekin aktoreei noiz sartu eta atera abisatzen dien eszena zuzendaria; Telesforo Monzon gaztea interpretatu behar zuen aktorea; helduaren papera egin behar zuena ere bai... 200 biztanle dituen Basabürüko herri ttiki honetako herritar gehienak zeudela erran daiteke aktore, dantzari, musikari eta laguntzaileen artean.

Inguruan hainbat bergarar eta bisitari zebilen protagonisten jantzi dotoreei begira. Denetariko pertsonaiak zeuden: apaiza eta hainbat haur berari laguntzen; militarra; artzainak; baita Txillardegi, Jose Luis Elkoro eta Monzonekin harremana izan zuten bertze pertsonaia historiko batzuk ere.

Bergarako Udaleko kideek dena ongi atera zedin laguntzen zuten. Leire Iruin eta Maren Belastegi zinegotzien arabera, balio handia du pastoral hau egiteak. «Oso ona da larraintarrekin egin dugun harremana, bi herrien artean sortu den elkarlana. Asko daukagu eurei eskertzeko, esfortzu handia delako herriaren gehiengoa etortzea».

2.400 pertsonarentzako lekua prestatu zuten karpan euskal antzerki honetaz gozatzeko, eta Bergara ezagutarazteko ere aukera ona zela azaldu zuten. «Guretzat, inportanteena herriak zein ondo erantzun duen ikustea da. Urtebetez lan talde bat aritu da dena prestatzen eta bukaera aldera auzolana bultzatu dugu muntatze lanetarako, bazkariak eta afariak zerbitzatzeko... Bergarar pila batek hartu dute parte».

Larraintar batzuk ostiraletik zeuden Gipuzkoako herrian, bertze batzuk atzo goizean etorri ziren eta bergararrek euren etxeak eskaini zizkieten lotarako. «Jende baino etxe gehiago daude! -agertu zuten zinegotziek harro-. 150 pertsona aritu dira boluntario bezala eta lan egiteko modu hau oso positiboa izan da. Horregatik, hemendik aurrera ere horrela jarraitzera animatu nahi dugu jendea».

Mezurik handiena

Dominika Urruti Telesforo helduari bizia eman zion aktorea da. «Bere historiak bihotzak hunkitzen ditu», adierazi zuen. Erran zuenez, pastoral guztiek dute bere mezua, baina honena «handiena» da. «Larrainen denok euskaraz mintzatzen gara naturalki, baina abertzaleak ez gara anitz, jendeak ez du Euskal Herriko historia ezagutzen, ez daki zer gertatu den, eta emanaldi honek hangoei momentu historiko hau ezagutarazteko balio du. Nik ere ez nuen ezagutzen; kantuak bakarrik, horiek txikitatik entzun nituen».

Pastoralak Zuberoan duen indarra azaltzeko, Urrutik erran zigun abertzaleak ez direnek ere ez dutela gibelera egin eta antzerkian parte hartu dutela.

Eszena guztiak kantuz egin zituzten, Zuberoan beti ari direlako kantuan. Aktoreak kontatu zigunez, bestak direnean ostatuetan ez dute musikarik ere jartzen; zertarako? Nahikoa da bat melodia batekin hastea gau osoa euskal kantuak abesten emateko.

Halako batean txistu eta danbor soinuak hasi ziren eta lauburudun bandera berde eta gorriak astinduz herriko plazarantz abiatu ziren larraintarrak, dotore-dotore lerroan jarrita pertsonaia guztiak. Udaletxearen aitzinera ailegatu zirenean, «Agur Zuberoa» abestiarekin agurtu zituzten aterkiak eskuan esperoan zeuden herritar guztiak. Balkoitik, Monzonen irudi batek begiratzen zien, besoak gora altxatuta indartsu mintzatzen zen politikari handia oroitaraziz.

Hainbertze ahots elkartuta

Handik Olaso dorrera jo zuten, pertsonaia garrantzitsu honen jaiotetxera, «Aupa gizona, jaiki mutil...» kantatzeko. Momentu polita izan zen, ikurrina balkoian eta hainbertze jende eta ahots desberdin elkartuta. Baina euri zaparrada zela-eta, bukaera eman behar izan zioten desfileari. Bazkaltzeko ordua zen, gainera, eta indarrak hartu behar zituzten arratsalderako. Jean Bordaxar pastoralaren idazlea eta Niko Etxart ere blai eginda zihoazen. Bordaxarrek nabarmendu zuenez, Monzonek merezi zuen halako omenaldi bat, pertsona handia izan baitzen, Euskal Herria ororen gainetik maite zuena. Bergaran, bere sorlekuan eta ehortzia den lekuan egiteak sinbologia handia duela gaineratu zuen.

Antzerki honetan mezu ugari agertzen direla azaldu zuen, Monzonek eman zituenak. «Gero, ikusle bakoitzak hartzen du berea, edo ez; baina mezuak hor daude. Zer pentsatzen zuen, zer bizi izan zuen, zer gerla eta borroka izan ziren denbora horretan, zer nahi zuten... Oraingo egoera ere agertzen da pixka bat. Bakoitzak hartzen du bere ustez on dena; zentzu horretan hartzen dut historikoki zerbait erakustea».

«Pastoral batean historia kontatzen da», jarraitu zuen. «Gazteriarentzat zer izaten ahal den esperantza hoberena: demokrazia agian, edo bizimolde hobe bat, pertsonek leku hobe bat dutena, eta ez diruak...». Informazio anitz bildu eta historia ezagutu ondotik, dena bertsotan jarri zuen Bordaxarrek. Sei hilabete eman zituen idazten eta pastoralaren kodeetara atxikitzea «zinez zaila» bada ere, berarentzat gaitzena lema bat atzematea izan zen, baita historia ongi ezagutzea ere. «Idaztea zure sentimenduen arabera egiten duzu».

Gurekin solas egin eta Tasio Erkiziarekin elkartu zen idazlea. Ezker abertzaleko militante historikoak agertu zuenez, antzerki mota berezi hauek gehienbat Ipar Euskal Herrian egin arren, ondare nazionalak dira eta zabaltzen eta berreskuratzen ari dira, leku zehatz batekoak izatetik Euskal Herri osokoak izatera pasatzen ari dira pixkanaka. Bertzetik, «zazpi herrialdeen artean sare ekonomiko, kultural eta sozial bat sortzea beharrizan nabarmena» dela adierazi zuen.

«Espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herria bereizten egiten dute ahalegina; eta euskaldunok batu egin behar dugu, elkarlanean ari». Atzokoa «aurrera begira sustatu behar dugun ezinbesteko auzolan horren adierazgarritzat» jo zuen.

Mitinak oso-osorik euskaraz eman zituen lehen politikari handia

Bergarako udaletxeko bilera aretoko eskailera-buruan, Telesforo Monzonek berak egiten digu ongietorria; bere irudi handi bat da, mitin betean eskuak altxatuta. «Ziurrenik, bera izan zen euskal nazionalismoaren barruan mitinak oso-osorik euskaraz eman zituen lehen politikari garrantzitsua», dio Ludger Mees EHUko katedradunak.

1904an jaio eta 1981ean zendu zen pertsona historiko honen politikari izaeraz gain, kultura-gizona eta bergararra ere izan zela azaltzen da urriaren 2ra arte ikusgai izanen den erakusketan. «Lizardiri bezala gertatu zaio Monzoni ere neurri batean, poetaren ospeak ezkutuan utzi izan du prosagilearen handia», aipatzen du Koldo Izagirrek. Urte askotan etxetik urrunduta, Bergara izan zuen amets, eta itzuli zen eguna izan zen berarentzat zoriontsuena. Orduko irudi eta testuak bildu dituzte, baita bere bizitzako bertze etapetako objektuak ere: idazmahaia, koadernoak, argazkiak... Pertsona ezagun honen alde ezezagunagoak erakusteko. M. I.

HISTORIA EZAGUTZEKO

Pastorala Telesforo Monzoni egindako omenaldi handi bat izan zen, bere herrian emana gainera. Baina, horretaz gain, izan zuen bertze funtziorik: jendeari garai historiko zehatz bat ezagutaraztea, Monzonek 1904tik 1981era bizi izan zuena.

BI HERRIEN ERANTZUNA

Bergararrek eta larraintarrek, biek nabarmendu zuten pastoral hau aitzinera ateratzeko herritarrek egindako ekarpena. 200 biztanle dituen Zuberoako ia herri osoak parte hartu zuen antzerkian, eta bergararrek laguntza handia eman zieten.

SANMARTINAK

Antzerkia eta jaia batu ziren, egunotan sanmartinak ospatzen ari baitira Debagoieneko herrian. 21.00ak aldera bukatu zen pastorala; kantuak eta dantzak ez, ordea. Eta bergararrek eta larraintarrek elkarrekin luzatu zuten besta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo