GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udal politika «benetan» eztabaidatu arte Bidu ez da Eudelen zuzendaritzan izango

Bilduko ordezkaritzak agerraldia egin zuen atzo Donostian, Eudelek asteartean egingo duen batzarrean koalizioaren jarrera zein izango den azaltzeko. Eudelen aldaketa sakona eskatu zuten, eta hori gertatzen ez den bitartean ez direla zuzendaritzan izango iragarri zuten.

p021_f02.jpg

Ana ABARIZKETA |

Bilduko hainbat alkatek eta zinegotzik agerraldi bateratua egin zuten atzo, azken asteetan jo-puntuan dagoen Eudel elkartearen inguruan koalizioak hartutako jarreraren berri emateko. Hala nola, Donostian egindako prentsaurrekoan Tolosa, Ondarroa, Zumaia, Usurbil, Meñaka, Sopuerta eta Aguraingo alkateek eta Irungo Jokin Melida zinegotziak parte hartu zuten.

Irailaren 20an Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Udalen Elkarteak egingo duen batzarrari begira Bilduk zein jarrera politiko hartu duen azaldu zuten, baita oro har Eudeli dagokionez aurrerantzean izango duen jarrera zehaztu ere. Hala, Eudelen ordezkaritza duten udalerri batzuetako ordezkariak batzarrean izango direla jakinarazi zuten. Eta, bertan, «udalerrien eta Udalen egoeraren eta udal politikaren benetako eztabaida baten beharra» nabarmenduko dutela eta Eudelen izaera bera aztertzeko eskatuko dutela iragarri zuten. Pauso horiek behar bezala egin bitartean, Bilduk ez duela ez Eudelen zuzendaritzan esku hartuko, ez gai desberdinei buruzko bozketetan parte hartuko argitu zuten.

Horretaz gain, Eudelen inguruko eztabaida «lehenbailehen» egin dadin, Bilduk «bere prestutasuna» erakutsiko duela, eta beharrezkotzat joz gero, Eudelen ezohiko batzar baten bidez eztabaidari ekitea ere proposatuko dutela azaldu zuten.

Era berean, EAJk eta PSEk Eudel «beraien udal politika garatzeko tresna gisa» erabili dutela salatu zuten, udal interesen gainetik «alderdi interesak ezarririk, eta bertako baliabideak beren politika partidisten mesedetarako».

Bestelako Eudel baten alde

Usurbilgo alkateak argi eta garbi utzi zuen koalizioak ez duela zuzenean Eudel erakundea kritikatzen, «funtsean begi onez ikus genezakeelako Euskal Herriko udalen autonomia bultzatu, indartu eta udal politikaren garapenerako laguntza ekar dezakeen udal erakunde edo instituzio bat bultzatzea». Baina, ohartarazi zutenez, Eudelek azken urteetan egindako lana ez da hori izan, eta EAJren eta PSEren programa politikoak aurrera ateratzeko tresna instituzionala besterik ez dela izan salatu zuten.

Eudel, bere garaian, Euskal Herriko udalerrien autonomian sakontzeko, bestelako instituzio eta eragileen aurrean udalek berezko ahotsa izateko, udal politikaren garapenean udalei laguntza teknikoa eskaintzeko eta Europarekiko harreman politikoak eta elkarlana sustatzeko sortu zela gogora ekarri zuten; horiek direla, hain zuzen ere, Eudelen estatutuetako helburuak. Halabaina, helburuekin alderatuta, Eudelen emaitzak «oso-oso eskas» gelditu direla adierazi zuen Aizpuruak, eta EAJ eta PSE jo zituen horren erantzule nagusitzat.

«Alderdi horiek ez dute udal autonomian sinesten», esan zuen, eta hainbat adibide eman zituen. Besteak beste, udal lege baten egitasmoa mahai gainean jartzeko zenbat urte behar diren galdetu zuen, edo udalek egun dituzten arazo ekonomikoei erantzuteko, zer-nolako irtenbideak proposatu dituen Eudelek, edota nolatan garatuko den autonomia diru iturririk izan gabe. Horiek horrela, azken urteetan Eudel «ostrukarena egiten» aritu dela ondorioztatu zuen.

Bestalde, azken udal hauteskundeetako emaitzek udal mapa «erabat berria» ekarri dutela azaldu zuten, EAJk izandako erabateko nagusitasuna amaitu baita. Hala, benetako aldaketak eragiteko aukerak badirela adierazi zuen Bilduk, egun batetik bestera izatea ezinezkotzat jo zuen arren.

Acuerdos con Lakua que flaco favor hacen a los municipios

Entre los argumentos que Bildu puso ayer encima de la mesa para demostrar que Eudel ha estado hasta ahora «al servicio» de intereses partidistas citaron como uno de los más evidentes el acuerdo suscrito con el Departamento de Interior de Lakua por el cual los policías municipales se verán obligados a implicarse en «la persecución política y la represión», viendo así equiparada su figura a la de los agentes de la Ertzaintza. El alcalde de Zumaia, Iñaki Agirrezabalaga, preguntó si «ésa es la manera que tienen de impulsar la autonomía municipal», reprochando a PNV, PSE y PP que actúen «en favor de intereses de partido y totalmente parciales». A.A.

«EUSKAL HERRIA»

Eudelen estatutuetan «Euskal Herria» aipatzen dela nabarmendu zuen Bilduk eta horren harira, honakoa galdetu zuen: «Zer egin du berau bultzatzeko eta indartzeko? Zer egin du lurraldetasunaren alorrean? Zer lan harreman garatu dira gainontzeko lurraldeekin?»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo