GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Txapelketatik ikerketa zientifikora

Bertsolaritza Euskal Herritik mundura

Arratsaldeko laurak ziren, Donostiako Kursaal Andoni Egaña edota Maialen Lujanbiori egindako argazkien agertoki zela. Beraiekin batera Asier Altuna zuzendaria zebilen; «Bertsolari» dokumentala aurkezten, alegia.

p050_f06_199x096.jpg

Maddalen LARRINAGA

Arratsalde euritsua izan zen atzokoa, baina Kursaaleko ate inguruan jendetza polita zegoen bilduta, aretora sartzeko prest. Barrura sartzeko orduan, areto nagusia beste hiri batean kokatuta balego bezala izan zen. Jendez gainezka zegoen, denak «Bertsolari» dokumentalaren esperoan. Hain zegoenez betea, Zinemaldiko laguntzaileak ari ziren eserlekuak bilatzen, lagun kopuruaren arabera besaulkien artean tokitxo bat eginez.

Filmaren proiekzioa baino lehen, zuzendaria, Asier Altuna, eta dokumentalean parte hartu duten bertsolariak aurkeztu zituzten, beraiek zeuden eserlekuak argiztatuz. Bertan ziren Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Miren Amuriza eta Jon Sarasua bertsolariak. Izugarrizko txalo zaparrada jaso zuten bai hasieran, bai filmaren amaieran.

Dokumentalean hainbat kontu lantzen dira; bai Egañak, bai Lujanbiok bertsolariaren garunean esaldiak osatu baino lehenagoko hamabost edo hogei segundo horietan gertatzen den guztia azaltzeko saiakera egin zuten, nagusiki, gauza nahiko konplexua.

Baina bromak eta egoera surrealistak ere ageri dira ikerketa zientifiko bati esker, eta kontu horiek ikusleen artean barreak piztu zituzten, hasieran bertso-saio baten antza gehiago zuen proiekzioak zinema giroa lortuz. Bestetik, Miren Amuriza bertsolaria aktore bilakatu du Altunak dokumental honetan eta berarekin irudi poetiko eta harrigarriak lortu ditu. Ondoren egin zen prentsaurrekoan Amurizak azaldu zuenez, hasiera batean Altunaren proposamenak inpresio handia sortu bazion ere, orain «pribilegiatua» sentitzen da, «hemen egoteagatik bertsolari hauekin, baita parte hartu izateagatik ere».

Prentsaurreko euskalduna

Bederatzi egun hauetan Zinemaldiaren inguruan mugitzen den prentsa munduan erabiltzen eta entzuten den hizkuntza nagusia ingelesa denez, nahiko arraroa izan zen atzoko prentsaurrekoa, euskaraz egin baitzen. Euskal Herri mailako hedabide ugari bildu ginen bertan, baita Hego Amerikako batzuk ere.

Altuna hasi zen galderei erantzunak ematen. Lehenik eta behin, noski, proiektuaren sorrerari buruzko galderak egin zizkioten. Proiektu hau egiteko arrazoi garrantzitsuenetakoa bertso txapelketa bakoitzean hunkitu egiten zela izan zen, Altunaren hitzetan, eta emozio horietan oinarrituz, bertsolaritza munduari buruz ikertzea erabaki zuen Andoni Egañari egindako elkarrizketa batzuen bidez. Gainera, ez da ahaztu behar txapelketa bateko finala nahiko zinematografikoa iruditzen zaiola Altunari, «irabazlea eta galtzailea baitaude amaieran». Hala ere, une hartaraino bere «heroia» zen Egaña Euskal Herriko Txapelketako finalean buruz burukotik kanpo gelditu zenean, bere «heroi» hori erori zitzaion, eta lana beste modu batean bideratzea erabaki zuen.

«Hasieratik oso argi nuen bertsolaritza altxor txiki bat dela. Kanpotarrek ez dute ezagutzen eta ikusle horiengana iristeko asmoa izan dut, baita hemengoengana ere. Nik uste dut bertsolaritza ezagutzen ez duenak ere gustura ikusiko duela», azaldu zuen atzo Altunak. «Kanpora eta Euskal Herriko erdaldunei begira» egina ere badela esan zuen Maialen Lujanbiok. «Nazioartean zer den erakustea da gure asmoa eta guretzat garrantzitsuena», gehitu zuen. Alde horretatik, eta aretoan zeuden amerikar kazetarien interesa ikusirik, Zinemaldian asmo hori betetzea lortu dutela dirudi.

Dokumentalak ematen duen askatasunaz baliatuz, gidoirik gabe aritu da Altuna filmatzeko lan osoan zehar. «Muntaketa unean ikusi nuen pelikula egiteko aukera genuela, sentimenduak ere ukitu genitzakeela», azaldu zuen. Izan ere, aurretik egindako lan guztia elkarrizketa luzeak izan ziren eta, solasaldi horietatik eta Jorge Oteiza eskultoreak idatzitako testuetan oinarrituz osatu zuen Altunak gidoia.

Bestalde, oraindik ere existitzen diren artxiboko hainbat dokumentu ere erabili ditu, baina «ez dago material gehiegi eta behar nuena bakarrik erabili dut. Gainera, nire asmoa erreportajetik urruntzea zen, eta barruko zerbait egitea nahiago nuen».

AGORTUTA

Zinemaldian «Bertsolari» dokumentalak lau emanaldi izango ditu. Lehen saioarekin euskarak hartu zituen Kursaaleko pasilloak, eta ingelesa, egun batez behintzat, albo batera geratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo