GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josean Bueno, Belen Arrondo STEE-EILAS

Hizkuntza garrantzitsua bada...

Espero que catalanes y vascos podamos aunar esfuerzos en el Congreso español, representando a nuestros respectivos pueblos Arduradun politiko batzuek adierazten dute hezkuntza inbertsiotzat hartu behar dela, eta ez gastutzat; baina gero beren jardunean beste norabide batetik abiatzen dira

Hauteskunde garaian gaude, eta behin eta berriro ari gara entzuten hezkuntzaz hitz egiten. Testuinguru honetan gure iritziak eta proposamenak plazaratu nahi ditugu, arduradun politikoei kontuan har ditzatela eskatuz:a

1. Krisiaren aitzakiarekin kaltetze larria eta murrizketak ari gara jasaten hezkuntzan bai Nafarroan bai EAEn. Gure ustez, hezkuntza, beste zerbitzu publikoak bezala, indartu egin beharko litzateke egoera honetan. Eta irakaskuntza publikoa lehenetsi, kohesio soziala eta aukeren berdintasunaren bermea delako.

2. Ildo horregatik, benetan «denon eskola» lortzeko eta aukeren berdintasuna egiazkoa izateko, kalitatezko hezkuntza guztion eskura jartzeak izan behar du helburu nahitaezkoa. Nola erdiesten da hori? Baliabide eta prestakuntza gehiagorekin, lekuan lekuko ikastetxeen arazoak eta eskaerak aintzat hartuz, aniztasunari ateak zabaltzeaz gain erantzun profesional egokiak eta nahikoak emanez, bazterketa arriskua ematen den tokietan neurri bereziak hartuz... Honako hau eguneroko lana da, eta lehentasunez markatua egon beharko litzateke arduradun politikoen agendan.

3. Ikasle guztiontzat nahi dugun kalitatezko hezkuntzan hizkuntzak funtsezkoak dira. Euskara ikas-hizkuntza nagusi bilaka- tzea da erronka, ikasleak benetan elebidunak izan daitezen bidea baita; euskararen normalizazioa eta kohesio soziala lortzeko beharrezkoa zaigu. Euskal gizartearen apustua garbia da honetan. Urrats asko eman ditugu, baina bidea dugu aurretik: lingua navarrorum deitua izan zenak ez du lortu oraindik Nafarroako hezkuntza sisteman legokiokeen gutxieneko onarpen maila, eta EAEn bertan gabeziak ditugu, ikasle askok ez baitute erdiesten euskararen ezagutza-maila egokia. Neurri eraginkorrak behar ditugu gure ume eta gazte guztiak, jaiolekua edo familiaren jatorria dena delakoa, euskaraz gai izan daitezen. Eta, noski, atzerriko hizkuntzen irakaspenean hobetzen jarraitu behar da.

4. Askotan esaten da eskolatik hasi behar dela biharko jendartea eraikitzen. Ez da makala erronka! Emakumezkoak zein gizonezkoak berdintasunean nahi baditugu, eman diezaiogun merezi duen garrantzia berdintasunean oinarrituriko ereduak ikastetxeetan sustatzeari, gizarte eredu sexistei aurre eginez (publizitatea, telebista, testuliburuak...); horrela genero bereizketa zein indarkeria ekiditeko hazia ereiten dugu.

5. Elkarren arteko errespetuan eta elkarrizketan oinarriturik antola ditzagun eskola jarduerak, bizikidetzan gu baino trebeagoak izan daitezen gerokoak.

6. Utz dezagun doktrinamendua eskolatik kanpo: erlijioak beren lekuetan, meskitetan, elizetan, norbere etxean...; eskola publikoa, guztiona izan beharko litzatekeen esparrua izanik, guztiontzako errespetuari zabal diezaiogun, edozein motatako konfesionaltasunik gabe.

7. Euskal Herriaren jendarteak eta hezkuntzak berezko beharrak eta erronkak ditu, eta behin baino gehiagotan kanpotik ezarritako neurriak eta legeak aurrera jotzeko oztopo zaizkigu. Hezkuntza alorreko eskuduntzak Euskal Herrian osoki egon beharko ziren, geure errealitatetik abiatuta aurkezten zaizkigun erronkei geure erantzunak landu eta garatu ditzagun.

8. Tamalez, hezkuntza erronka berri eta zahar guztiei erantzun egokia emateko baliabideak motz geratzen zaizkigu. 2012ra begira, Nafarroako eta EAEko gobernuek hezkuntza aurrekontuak gutxitu dituzte, nahiz eta ikasle kopuruak gora egin duen: Nafarroan %7 jaisten da hezkuntzaren aurrekontua eta EAEn %0,9. Ez dator bat hitza eta ekintza, arduradun politiko batzuek adierazten baitute behin eta berriro hezkuntza inbertsiotzat hartu behar dela, eta ez gastutzat; baina gero beren jardunean beste norabide batetik abiatzen dira. Europako OCDEko herrialderen hezkuntza gastuaren batez bestekoa Barne Produktu Gordinaren %6,1a da. Euskal Herrian hortik urrun gaude oraindik.

Hautagaiak bere mezua zabaltzen ari dira; lerro hauetan gonbitea egiten diegu proposamen hauek aintzat hartzeko. Izan ere, hezkuntzari ematen zaion egiazko lehentasuna ekintzek definituko dute, ez bakarrik hitzek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo