GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi | Kazetaria

Kinkien kluba

Klub honetan sartzeko ez da txartel berezirik behar: bakoitzaren borondatearen araberakoa da batzuetan, gainerakoek jartzen dizuten etiketaren araberakoa besteetan. Txima luzeak daramatzazula, kinkia; buruan gandorra duzula, kinkia; bizarra egin gabe duzula, kinkia; besoak tatuajez beterik dituzula, kinkia; larruzko txupa, praka estuak eta bota militarrak maite dituzula, kinkia; sudurreko piercing-etik belarritakoraino katea zintzilik daramazula, kinkia; musika gordinenarekin burua gora eta behera astindu zale zarela, kinkia.

Klub horretakoak dira larunbatean Indonesiako Aceh eskualdean bildutako ehunka gazteak. Punk musikak elkartu zituen han, baina uste ez bezala amaitu zen kontzertua. Polizia andana bertaratu zen, eta jaia bertan behera geratu zen. Ez zeuden kinki bilkura hura onartzekotan, eta neurriak hartu zituzten: 65 neska-mutil atxilotu zituzten, eta «garbiketa espirituala» -hitzez hitz- egin zieten. Bizarra egiteko makinekin gandorrak eta tximak moztu zizkieten -soil-soil utzi arte-; piercing-ak kendu; biluztu eta putzu batean elkarrekin bainu bat hartzera behartu; hortz eskuila bana eman eta «erabil itzazue!» agindu. Txukun-txukun jarri ondoren, atxiloketa-gune batera eraman zituzten, 10 egunez behar bezalako heziketa jaso dezaten. Orduan bakarrik utziko diete etxeratzen. «Neska-mutil hauek bide zuzenean jartzen ari gara», argudiatu du poliziaburuak. Kinkitxoa izandako baten partetik, fuck off!!

Kinki etiketak, ordea, estetikaren eta moralaren integristek jopuntuan jarritako «oinbeltz, tximaluze, txakur-txirula» horiek baino jende gehiago harrapatzen du. Zer da, bada, Espainiako Errege Etxetik ostikoka bidali nahi duten Zumarragako gizon apain hori, kinkia ez bada? Markako alkandora, praka eta oinetako distiratsuak janzten ditu, ileko marra zuzen asko du, baina ez dauka, itxura batez, eskua luzatu eta harena ez den sosa patrikaratzeko arazorik. Hori, nire etxean, beti kinki bat izan da. Eta atera kontuak zein arriskutsua den: Madrilgo Argizari Museoko ateak ere zabaldu egin baitizkiote. Ez du merezi lekurik Borboi «kanpetxano» eta ondratuen aretoan.

Koinatu zuenaren irudiaren ondoan (ez baduzu bideoa inoiz ikusi, bila ezazu sarean, «Marichalar museo cera» hitzak jarrita; aldarteak onera egingo dizu) bukatuko du Iñakirenak ere, hautsa pilatzen. Garbiketa espiritualik gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo