GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Helios del Santo | AEKren Artezkaritza Kontseiluko kidea

25. urtemugan beste lege bat nahi dugu

Euskaraz bizitzea da egoera honi buelta emateko proposatzen dugun erronka. Euskaraz bizi nahi dugunok euskaraz bizi ahal izatea, hain zuzen ere. Euskararen normalizazioa erdiesteko asmoz herritarrek izan dituzten lorpenak handiak izan dira. Bide horretan sakonduz, aurrera jarraituko dugu

Atzo, abenduaren 15ean, Vascuenceren Legeak 25 urte bete ditu. Nafarroan euskararen normalizazioan talka handia suposatu duen marko juridikoa. Izan ere, Legeak euskara lurralde osoan ofiziala ez izateko oinarria jartzen du. Vascuenceren Legeak herrialdea hirutan zatitzen du eta soilik zonalde vascofonoa deitua izan den horretan da euskara ofiziala. Gaztelania, Nafarroan, berezkoa, ofiziala eta ezagutu beharrekoa da. Euskara berezkoa da, partzialki ofiziala eta ez da ezagutu behar. Estatus desoreka hori normalizazioa eragozten duen oztoporik handienetako bat da.

Hori dela eta, lege berri batek bestelako baldintzak ezarri beharko lituzke: euskara ofiziala Nafarroa osoan, ezagutu beharrekoa, lehentasunezkoa, jardun mota guztietan...

Bestalde, helduen euskalduntzean aritzen garenontzat Vascuenceren Legeak gure lana bukaezina bihurtzen du. Beste behin, gogora ekarri nahi dugu AEK-ko euskaltegion bilakaera naturala desagertzea dela. Vascuenceren Legeak, ordea, suposatzen du eskolan euskara ikasi ez duten 60.000 gazte egotea 18 urte betetzen dituztenean.

Horrez gain, aipatzekoa da Vascuenceren Legean alor asko eta asko batere arautu gabe daudela. Hala, arlo horietan euskararen normalizazioak ez du euskarri legalik eta herritarrak babesgabetasunera zigortzen ditu Nafarroako Gobernuak. Helduen euskalduntzearena horietariko bat da. Beraz, gure ustez, lege berri batek hauxe jaso beharko luke:

1. Helduen euskalduntzeak euskararen normalizazio prozesuan duen garrantzia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak bitarteko egokiak jarriko ditu eskaintza osoari erantzuteko. Bestalde, helduek euskara ikas dezaten sentsibilizazio kanpainak bultzatuko ditu. Euskaltegi oro baldintza egokitan ari dadin beharrezkoak diren bitarteko ekonomikoak luzatuko ditu.

2. Administrazioak ahalegin berezia eginen du irakasleriaren prestakuntza bermatzeko, hala nola, ikas materialaren sorkuntzan ere.

3. Lan mundua euskalduntzeko plangintza bereziak bultzatuko ditu Nafarroako Gobernuak.

4. Euskara ikastea doakoa izanen da ikasleentzat, horretarako, Administrazioak bitarteko ekonomikoak jarriko ditu edo beka sistema egokia bermatuko du.

Euskaraz bizitzea da egoera honi buelta emateko proposatzen dugun erronka. Euskaraz bizi nahi dugunok euskaraz bizi ahal izatea, hain zuzen ere. Euskararen normalizazioa erdiesteko asmoz herritarrek izan dituzten lorpenak handiak izan dira. Bide horretan sakonduz, aurrera jarraituko dugu. Horretarako, euskaraz bizi nahi dugunok harrotasunez halaxe eginen dugu: euskaraz bizi. Eta hautu horren ondorioz, euskararen normalizazioa ekarriko duen olatua bultzatuko dugu. Bide horretan, herri gogoaz gain, beste baldintza politikoak, ekonomikoak eta esan bezala, juridikoak, ezinbestekoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo