GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Chiracen zigorra, haren ibilbide politikoaren eta politikagintzan hedatutako ustelkeriaren isla

Bere ibilbide politikoan zehar, Estatu frantseseko presidente ohi Jacques Chirac ez zen ez bere jarduna gizarte bidezkoago baten zerbitzuan jartzeko ahaleginean nabarmendu. Askok gogoratuko dute Errepublikako presidente zela Polinesiako proba nuklearrak berrabiatzeko agindua eman zuelako, besteak beste. Baina aurrerantzean bere ibilbide politikoaren ezaugarri nagusia ustelkeria izango da; Parisko alkate zenean diru publikoa desbideratzeagatik, hain zuzen. Ez du Parisko Auzitegi Korrekzionalak ezarri dion bi urteko espetxe zigorra bete beharko, baina zigor hori ibilbide triste baten isla tristeagoa izango da betiko. Chiraci ezarritako zigorra politikagintzan hedatu den gaitz gero eta kezkagarriago baten isla ere bada, politikagintza berarekin ustelkeria daraman jarduera gisa ikusarazten baitu. Politikagintza gizartearen zerbitzuko jarduera izaki, hura norberaren interesen mesedetan erabiltzeak herritar askok politikariekiko mesfidantza agertzea eragiten du, eta, politikari guztiak ustelak ez badira ere, horretarako motibo argiak ematen dituzte haietako askok. Baita -Chiracen eta beste hainbaten ustelkeria kasuak epaitegiek berretsi dituztela ikusita- ezkutuan zenbat ote dauden pentsarazteko ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo