GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atxiloketak salatzeko manifestazioa antolatu dute Donibane Garazin

p016_f02.jpg


A. MANTEROLA |

Aste honetan jazotako hiru atxiloketak -Josu Esparza, Intza Oxandabaratz eta Julen Mujika- salatzeko eta irtenbide politikoa aldarrikatzeko manifestazioa egingo da, larunbatean, 15.30ean, Donibane Garaziko Herriko Etxetik landa.

Askatasunako, ezker abertzaleko eta Segiko kideek atxilotuen familia eta lagunekin eta presoen senitartekoekin atzo egindako agerraldian, gogor salatu zituzten azken atxiloketak. «Berriz ere martxan ezarri da frantses makineria errepresiboa. Horra Estatu frantsesak prozesu demokratikorantz urratsak egiteko eskaerari emandako erantzuna», esan zuen Emilie Martinek.

Erantzun horrekin, frantses Gobernuak «epe motzeko etekina» bilatzen duela gaineratu zuen Askatasunako bozeramaileak. Parisi «jokamolde arriskutsu eta arduragabea» izatea ere leporatu zion.

Ezker abertzaleko kide Maider Larrieuk gogora ekarri zuenez, «herri honetako zati gero eta zabalagoak aterabide demokratikoa» nahi du eta nahiz eta Estatu frantsesak «bidea ez duen erraztuko», probokazioa eta mespretxua ez dituzte onartuko.

«Gakoa ezagutzen dugu eta herri harresia eraikitzen hasi gara» jarraitu zuen Larrieuk, «eskubideen eta demokraziaren alde engaiatzen diren eragile sozial eta politikoak eta mobilizazioetan parte hartzen duten herritarrak» ugaritzen ari direla nabarmenduta.

Berririk gabe

Intza Oxandabaratz atxilotuaren amak, berririk gabe daudela jakinarazi zuen: «Ez dakigu zehazki non eta nola dauden, ezta zergatik atxilotu dituzten ere. Baina prentsa espainolak nonbait badaki eta betiko gezur eta intoxikazio lotsagarriak ateratzen ari dira».

Bere haserrea eta hunkipena ezkutatzeko zailtasunarekin, Lutxi Oxandabaratzek bizitzen ari diren une gogorrak aipatu zituen: «Beste milaka familiei lehen tokatu zaien bezala, orain gu ari gara terrorismoaren aurkako legediak eragiten duen amesgaiztoa bizitzen. Intza atxilotzen duten laugarren aldia da eta Julenen gurasoek jadanik seme bat preso dute».

Euskaldunen kasuan, atxiloketa egoeraren «gogortasuna» areagotu egiten dela salatu zuen. «Badakigu Parisen dena kargu larri bilakatzen dela, euskalduna izatetik militante antolatua izateraino. Baina ez gaitezen engaina, bai Josu bai Julen eta Intza ere, beren militantziarengatik dira jazarriak. Ez dira haien bila etorri, herri honen ahotsa eta proiektua gelditzera baizik», gaineratu zuen jasotako elkartasuna eskertuz.

Larunbateko manifestazioak ez du soilik atxiloketak salatzeko helburua. «Aterabide demokratikoa, errepresioari stop!» leloak argi uzten duen moduan, konponbide politikoa exijitzeko ere karrikaratuko dira. Donibane Garazin bildutakoek mobilizazioarekin bat egiteko deia egin zieten orotariko herritar, hautetsi eta eragileei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo