Gasteiz 2012ko Europako Hiriburu Berde izendatu dute ofizialki Bruselan
Javier Maroto alkateak «Liburu Berdea» jaso zuen atzo Europako Parlamentuan. Gaurtik aurrera, Gasteiz 2012ko Europako Hiriburu Berdea da ofizialki. «Hiria iraultza berdearen buru izango da», adierazi du alkateak.
Ion SALGADO | GASTEIZ
Javier Maroto (PP) Gasteizko alkateak «Liburu Berdea» -Europako Hiriburu Berdearen lekukoa- jaso zuen atzo Europako Parlamentuan, Hanburgoko estatu idazkari Holder Langeren eskutik. Horrenbestez, Gasteizko Udalak azaldu bezala, hiria dageneko 2012ko Europako Hiriburu Berdea da ofizialki. «Gasteiz iraultza berdearen buru izango da, beraz, oso harro gaude azkenean izendapena eskuratu izanaz, hiru hamarkadetan zehar egindako lanaren ezagutza baita», adierazi zuen alkateak Europako Parlamentuan egindako hitzaldian, «Liburu Berdea» jaso baino minutu batzuk lehenago.
Bruselan egindako ekitaldian, Javier Marotok gasteiztar guztiei eskaini nahi izan zien Arabako hiriburuak lortutako izendapena, «guztiona eta guztiontzat baita». «2012. urtea ideiak partekatzeko eta etorkizuna eraikitzeko ardura gure gain hartzeko urtea izango da», nabarmendu zuen Gasteizko alkateak.
Gorka Urtaran (EAJ) eta Kike Fernandez de Pinedo (Bildu) Gasteizko Udaleko zinegotziak ere pozik azaldu ziren atzokoan Arabako hiriburuak lortutako izendapenarekin. «Radio Vitoria» irratiari egindako adierazpenetan, bere poza adierazi zuen Fernandez de Pinedok; hala ere, pozak poz, izendapena ardura bat dela ere gogorarazi zuen. «Zenbait arazo konpondu beharko ditugu datorren urtean, mugikortasunarekin lotutakoak adibidez», nabarmendu zuen.
EAJko Gorka Urtaranek, bere aldetik, Marotok «Liburu Berdea» jaso zuen unean «zirrara handia» sentitu zuela onartu zuen. Politikari jeltzaleak esan zuenez, Gasteizek Europako Hiriburu Berdearen izendapena merezimendu osoz lortu duela egiaztatu beharko du hurrengo hilabeteetan Europar Batasunaren aurrean. «Gasteiztar guztiok hartu beharko dugu parte erronka horretan», azpimarratu zuen.
Ospakizun ekitaldiak
Gasteizko Udalak Bruselan lortutako izendapena ospatzeko zenbait ekitaldi antolatu ditu asteburu honetarako. Besteak beste, gaur arratsaldean Baskonia eta Alaves Gasteizeko bi kirol talde nagusiek babestutako haurrentzako jarduera izango da 18.30etik aurrera hiriko Zabalgunean.
Rezikletas antzerki taldeak, bere aldetik, musika, antzezpena, mugikortasun iraunkorra eta birziklatzea uztartzen dituen ikuskizun berritzailea eskainiko du hiriko erdialdeko kaleetan barna 19.30etik 20.30era.