GARA > Idatzia > Ekonomia

Irakasleen ebaluazio sistema berria salatu dute Baionan

A. B. |

UNSA, FSU, CGT eta FO sindikatuek atzo goizerako deituta zuten manifestaldiak 150 lagun inguru elkartu zituen Baionako karriketan. «Ebaluaketen erreforma ez: proiektua baztertu» aldarrikapena luzatzen zuen banderola nagusiarekin abiatu zuten sindikatuek protestaldia. LAB sindikatuak beste 80 ikasle eta irakasle inguru biltzen zituen taldearekin bat egin zuen mobilizazioarekin, «Inposaketarik ez: eskola ez da kapitalismoaren mesedetan dagoen enpresa bat» aldarrikapenarekin.

Manifestaldia Lan Burtsatik abiatu zen, eta, Santespirituko zubia zeharkatu orduko, Baiona Ttipian kokatuko Paul-Bert ikastetxearen aitzinean bukatu zen. Bertan, greba mugagabean diren Paul Bert ikastetxeko irakasleei sostengua helarazi zieten bildutako herritarrek.

Lan etenaldiak ikastetxetan

Urtarrilean indarrean jarri asmo duten ebaluazioa sistema berria salatu zuten atzokoan sindikatuek, irakasleen lana ikastetxeetako buruek epaitzea proposatzen duelako. «Ez da gehiago irakaslearen lanaren edukia begiratuko, baizik eta ikastetxearekin daukan inplikazioa. Gainera, klientelismoari ateak zabaltzen dizkio», erran zuten. Soldata emendatzeko aukerak eteteko asmoa zegoela ere salatu zuten. Manifestaldiaz gain, greba eguna ere deitua zuten sindikatuek. Ikastetxe gehienek egin zituzten lan etenaldiak. Bigarren mailako irakasleek erantzun zioten batik bat deialdiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo