Irudi biziko lana, Subijanaren sorkuntzak begiekin gozatzeko
Everest argitaletxeak ateratako «Akelarre» lana ez da ohiko sukaldaritza liburua, errezeten ordez argazki eta irudi ikusgarriek dutelako indarra, irakurleak Pedro Subijanaren sorkuntzak begiekin jateko eta proposamenik harrigarrienak nola egiten dituen ezagutzeko.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Hasieratik bertatik, harritzea izan da Pedro Subijanaren eta lantalde osoaren asmoa. Juantxo Egañaren argazki koloretsu eta handiekin, sukaldari ospetsuaren testuekin edo Luis Alonsoren diseinuarekin, liburua esku artean hartzen duena txunditzea. Kanpotik beltza baina barrenetik koloretsua den lan honek berrogei urtetako sorkuntza, berrikuntza eta hobetzeko grina jasotzen ditu.
Everest argitaletxeko kideez eta kazetariez gain, familia, lagunak eta sukaldaritzarekin lotutako aurpegi ezagun ugari elkartu ziren atzo Igeldoko Akelarre jatetxe dotorean: Hilario Arbelaitz, Ramon Roteta, Jose Juan Castillo, Juan Mari eta Elena Arzak, Tatus Fombellida, Joxe Mari Aizega... Begiekin, belarriekin eta, batzuek, sabelarekin ere gozatu ahal izan zituzten liburuan bildutako platerak.
Umorez kontatu zuen Subijanak Pedro Luis Uriarte Innobasqueren sortzailea hitzaurrea egiten hasi eta 11 orrialde idatzi zizkiola. «Indar eta ilusio handia jarri zuen, baina jakina, azkenean orrialde batean utzi behar izan zuen!». Ondoren, plateren irudiak eta gaztelaniazko eta ingelesezko argazki oinak datoz. Moluskuak arrantzalearen sarean, xaxua koko izozki apartsuarekin, bildotsa txingarretan erreta ardo hondarrekin... Bitxiak eta goxoak dira egiten dituen nahasketak eta lortzen dituen kolore eta testurak.
Dastatzeko bi menuk osatzen dute liburuaren bizkarrezurra eta horiez gain denbora batean jatetxeko izarrak izandako plateren irudiak agertzen dira. Bukaeran, hagitz gustuko izan dituen bi atal egin ditu Subijanak, bat Basque Culinary Centerri eskainia -berarentzat «obsesio» ere bilakatu zena- eta bertzea ikerkuntzari eta garapenari eta aurkezpena egin zuten gelari berari. «Areto hau beste obsesio baten ondorio da», adierazi zuen dastamenaren espezialistak. Bertan egiten dituzte ikastaroak, hitzaldiak, erakustaldiak eta dakitena erakusteko bertzelako ekintzak. Azkenburuko gisa, DVD bat dakar lanak, musikarekin eta irudiekin jatetxeko langileen egun bat nolakoa den azaltzen duena hasieratik bukaerara. Ziklo horretan parte hartzen duten pertsona guztiak ager daitezen egin dute ahalegina, eguzki sarrera ikusgarri batekin gustura afaltzen ari diren bezeroak barne, eurei gozaraztea eta plazera eta emozioak sentiaraztea baitute xede. Horretarako, Subijanaren iritziz, ezaugarri bakarra da behar-beharrezkoa: gauza onaren aldeko hautua egitea, gauzak ongi egitea eta norbanakoa gai den zereginetan jardutea.