GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

Berri onak

Tabakoa erretzea ez dela kaltegarria frogatu du AEBetako zientzialari talde batek. Hamarkada luzetako ustearen kontra, ez du osasun arazorik eragiten; aitzitik, izatekotan mesede egiten du.

Justin Bieberrek, Tokio Hotelek, David Bisbalek eta Celine Dionek musika uztea erabaki dute. Berririk ez egiteaz gain, dagoeneko argitara emandako disko guztiak merkatutik erretiratuko dituzte. Kontzerturik ere ez dute eskainiko. Horien ordez, The Clashek, Led Zeppelinek, Camaron de la Islak eta Sepulturak -Cavalera anaiak tartean zireneko Sepulturak- bere sasoian grabatu bai baina inoiz argitaratu gabeko dozenaka kantu kaleratzeko asmoa agertu du argitaletxe batek.

Justizia guztiontzat berdina denez, eta biktimak biktima direnez eta borreroak borrero, gerra zikinean zerikusia izan zuten guztiak -X jaunetik hasi eta azken mertzenarioraino- jazarri, atxilotu, epailearen esku jarri eta kartzelatu egingo dituztela agindu du Barne ministro espainolak. Epaituak eta zigortuak izanagatik ere, kalean libre, uso, dabiltzanekin hastekotan dira: Rodriguez Galindo, Barrionuevo, Vera, Amedo, Sancristobal eta enparauekin.

Europako Banku Zentralak gezurtatu egin du Estatu espainoleko finantza-sistema kolokan denik. Eta Jose Ignacio Goirigolzarrik 53 milioi euroko urrezko erretiroarekin egin zuen bezalaxe, duten sos soberakina behar handiena duten herritarren artean banatzea erabaki dute banketxeek eta kutxek.

Akabo Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren gaineko eztabaida! Azkenean ez da errauskailurik eraikiko Zubietan -ez beste inon-, eta atez ateko bilketarik ere ez da egingo. Are gehiago, edukiontzirik ere ez da beharko. Gipuzkoarrek hondakinik ez sortzeko sistema asmatu dute, makina ekologiko -ez du isurketarik egiten eta isil-isila da-, merke eta azkar bati esker. Orain eztabaida bestelakoa da: udalerri guztiek nahi dute aparatu berria beren lurretan.

P.D.: Lelokeria honen ideia ez da nirea; Felipe Borboikoak eman zidan asteartean, komunikabideek «berri onei» leku handiagoa egin behar diegula esan zuenean. Horra, beraz, ekarpentxoa gizagaixoarentzat. Baina ez dezala ahantz egunkari honetan inoizko berririk onenaren titularra jartzen dugunean, berari ez zaiola batere gustatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo