GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Maribi Ugarteburu Ezker abertzaleko kidea

EPPKren urratsak irekitako atea itxi nahian?

Egunez egun argiago geratzen ari da behin betiko konponbide prozesu demokratiko eta dinamikoa sendotzeko eta elikatzen jarraitzeko prest nortzuk dauden, eta horretan sekulako garrantzia dauka EPPK lehen lerroan kokatu izanak

Borroka armatua gainditutzat eman eta eragindako mina aitortu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) ekainaren 2an plazaratutako adierazpenaren bidez. Bake prozesua azken porturaino eramateko «herriaren indarrak biderkatu eta denok batera jo beharra» aipatu dute, era berean, agirian. Konponbide prozesuaren baitan ez ezik, konponbideen aldeko lehen lerroan kokatu da, horrenbestez, EPPK. Sekulako urratsa da. Adierazpenaren esanahiak bezainbesteko garrantzia du, gainera, EPPK-k bere osotasunean urrats honekin bat egin izanak.

Seguruena bateratasun hori da benetan «etsigarria» iruditu zaiena Ares, Loza, Urkullu eta Basagoitiri. Preso politikoen izaera kolektiboa, eta areago izaera politikoa bera deuseztatzeko eta birrintzeko etengabeko presio eta xantaia neurriak sustatu eta lagundu izan baitituzte, urtea joan eta urtea etorri. Aldiz, EPPKren adierazpenak erabat irauli die eskema: adierazpen kolektiboa da, aho batez kokatu dena konponbide demokratiko integralaren aldeko norabidean.

«Etsigarria, desengainua, antzezpena, ez-nahikoa eta betiko kontua». Horra hor, hurrenez hurren, ekainaren 2an bertan, aurretik idatzita ziruditen erreakzioen hitz giltzarriak, Rodolfo Ares, Iñigo Urkullu, Jose Antonio Pastor eta Antonio Basagoitiren ahotan. Beraz, borroka armatuaren zikloa amaitutzat eman izanak eta «alde anitzetako minaz erantzukizun osoz» jabetu izanak, bat-batean ez du garrantzirik, duela gutxi horixe bera egin beharra aipatzen zutenentzat.

Oraintsuko hemerotekak honako titularrak erakusten ditu: «EAJk Rajoyri urratsak egiteko eskatu dio eta presoei, berriz, eragindako mina aitortzeko» (2012-01-09); «Mendiak eragindako mina aitortzeko eskatu die presoei» (2011-12-10); Soraya Saenz de Santamaria: «Eragindako mina aitortu beharko dute» (2012-05-04). Adierazpen horiek egin ziren bitartean, EPPK-k jada abiatua zuen bere barne eztabaida prozesua, sakabanaketak, isolamendu erregimenek eta komunikazioen etengabeko interbentzioek larriki zailtzen duten eztabaida izan arren. Orain, eztabaidaren emaitza agertu denean, berriz, «ez-nahikotasunaren» bozeramaileak Adierazpe- naren mamiari gorrarena egin diote. Eta, usu beste gai askorekin egin ohi duten bezala, beraien hitza ere jan egin dute. Arduragabekeria politikoa eta faltsukeria maila gorenera eramaten ari dira, baiki.

Bereziki mingarria eta era berean argigarria izan da oso EAJren posizioa gai honekiko. Aieteko Adierazpena aintzat hartu zuten berberek bizkarra ematen diote orain, kontraste nabariko jokabideetan lerratuta: Fernandez Diazen gizarteratze plana, xantaia eta eskubide urraketa oinarri dituena, aurrerapausotzat jo zuen EAJk. Orain, berriz, EPPK bake prozesuaren alde lerratu izana, borroka armatua amaitutzat eman izana eta eragindako mina aitortu izana ahuntzaren gauerdiko eztula ei da Urkullu jaunarentzat...

Amnistia hitzari heldu dio PP-PSOE-EAJ fronteak, EPPKren Adierazpenak daukan mami politiko sakonari harresia ezarri nahian. Baina hori ere maltzurki egin dute. «Amnistiaren bidez inpunitatea lortu nahi dute», esan zuen presaka eta korrika Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek. «Badakite legeak ez duela onartzen amnistia», Rodolfo Aresek... Euskal Preso Politikoen Adierazpena irakurri baldin badute, hala ere, oso ondo dakite bertan ez dela inon ere aipatzen amnistia preso guztien aldibereko askapen gisa. Aitzitik, amnistia eta autodeterminazioa gatazkaren konponbide osoari lotutako bi kontzeptu politiko gisa aurkezten dituzte presoek.

«Gatazka politikoaren isla gara, eta irtenbidea konponbide integralarekin loturik doa; Amnistia-Autodeterminazioarekin» dio adierazpenak hitzez hitz. «Gatazkaren arrazoiak konponbidean jarri, preso guztiak kaleratu eta berriak ez sortzearekin» lotzen dituzte bi kontzeptu uztartuak, beraz. Eta ez dugu uste Urkulluk, Aresek eta Basagoitik irakurtzen ez dakitenik. Ez da hori. Konponbidearen izaera integralari ez diote aterik ireki nahi, hori da kontua. Ez dute abiatu nahi eskubide guztien errespetua eta bermea zoru bezala izango duen bidean barrena; horrek pertsona guztien eskubide guztiak gordetzea baitakar, preso politikoenak barne. Era berean, eskubide nazional eta sozialak aitortzea ekidin nahi dute, Euskal Herriak daukan erabakitzeko eskubidea baitago guztiaren muinean.

Guztiz larria da, beraz, ezetzaren fronte-kideen jarrera: ideia eta proiektu politikoen konfrontazio demokratiko askeari dioten beldurragatik, prest daude giza eskubideen urraketa larriekin jarraitzeko. Sakabanaketa, preso gaixoak ez askatzea eta kartzela zigorrak luzatzea horixe baita: gaur egun euskal herritarren kontra egunero-egunero eragiten den bortxakeriazko eraso larriena. Presoen mintzakidetzarekin zein ETA erakundearen ordezkaritzarekin biltzeko eta hitz egiteko eskariei gorrarena egiten jarraitzea ere eskema beldurti eta ukatzaile horretatik bakarrik uler daiteke.

Maskara guztiak erortzen ari dira. Egunez egun argiago geratzen ari da behin betiko konponbide prozesu demokratiko eta dinamikoa sendotzeko eta elikatzen jarraitzeko prest nortzuk dauden, eta horretan sekulako garrantzia dauka EPPK lehen lerroan kokatu izanak. Aldiz, egunez egun ilunagoa da «gaur bai eta bihar bai zera!» dabiltzanen jokabidea. Egiozue kasu errealitateari behingoagatik.

Guk geuk, irekitako bideari ekingo diegu, herritarrekin batera, eskuz esku. Biderkatu egin behar ditugu gure ahaleginak datozen hilabeteetan, eskubideen aldeko borroka etengabean: presoak Euskal Herrira lehenbailehen ekartzea exijituz, beraien kontra egunero ezartzen diren salbuespenezko neurriak behin betiko kentzeko eskatuz. Urratsez urrats, bakea eta askatasuna eraikitzera, presoekin beraiekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo