Krisia gainditze aldera, bitarteko instituzionalak eskatu ditu LABek
Krisiak markatutako Biltzar Nagusia ospatuko du LABek ekainaren 21 eta 22an Barañainen, azken lau urteetan egindako urrats nagusiak aztertzeko asmoz. Atzo azken nazio biltzarra egin zuten Hendaian eta eztabaidaren bitartez egoera aztertu eta alternatiba bat eraikitzeko beharraz mintzatu zen Ainhoa Etxaide idazkari nagusia. Langileriari etorkizun bat eskaintze aldera, bitarteko instituzionalak eta ekonomia erreala indartzea funtsezkotzat jo zituen.
Iraia OIARZABAL | HENDAIA
LABeko ordezkariek nazio biltzarra burutu zuten atzo Hendaian, ekainaren 21 eta 22an sindikatuaren VIII. Biltzar Nagusian aurkeztuko duten ponentzia eztabaidatzeko. Azken lau urteetan egindako urratsak aztertu zituzten atzoko saioan, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak azaldu zuenez. Bilera egiteko Hendaia hautatu izanaren arrazoia ere aipatu zuen Etxaidek: batik bat, sindikatuak Ipar Euskal Herrian izandako gorakada dela-eta erabaki zuten bertan egitea.
Gauza jakina den arren, kongresua krisiak markatuko duela nabarmendu zuen Etxaidek. Horrela, egoerari irtenbide sendo bat ematearen beharraz eta irtenbide hori garatzeko bideez arituko dira Barañainen. Etxaidek ohartarazi zuenez, instituzio eta gobernuek alboratu egin dute alternatiba estrategikoak eraikitzeko aukera eta, horregatik, eginkizun hori langileei dagokiela uste du.
Krisiak eztanda egin zuenetik, berau eragin duten politika berberak aplikatzen ari direla aipatu zuen eta, ondorioz, krisialdia okerrera egiten ari dela azpimarratu zuen. «Krisiaren kostu guztia langileon gainean jartzen ari dira», salatu zuen Etxaidek. Egoera horren aurrean, ezinbestekotzat jo zuen Euskal Herriak herri gisa egoera aztertu eta alternatiba propioa garatzea. «Guk langileei etorkizun bat eskainiko badiegu, alternatiba bat eraikitzetik etorriko da», gaineratu zuen.
Etxaideren esanetan, alternatiba gobernu eta instituzioek daramaten ildotik erabat aldentzen da. Izan ere, orain arteko politikei eusten dieten bitartean, egoera onera ez ezik, galbidera joango dela iritzi zion.
Ekonomia errealaren azterketa
Alternatiba eraikitzeko bidean, Euskal Herriko ekonomiari buruzko gogoeta sakon bat egitera deitu zuen LABeko idazkari nagusiak, zehazki ekonomia erreala indartu eta horren gainean erabakiak hartzera.
«Oraingo eredua oso zaharkitua dago eta porrot egin du. Baliabideak baditugu aldatzeko, aukera politiko eta sozialak badaude», adierazi zuen Etxaidek. Alta, aurrera eramateko zailtasunak ikusten dituela aitortu zuen, «instituzio eta gobernuak kontrako norabidean doazelako».
Bestalde, Ipar Euskal Herrian LABek emandako aurrerapausoak azpimarratu zituen Etxaidek. Hamar urte beteko dira Ipar Euskal Herrian sindikatua jaio zenetik, eta pixkanaka langileen artean bitarteko bihurtzen ari dela aitortu zuen. Horren adierazletzat jo zuen duela hiru aste aurkeztutako proposamen sozioekonomikoa. Hala ere, eztabaidan sakondu beharra dagoela nabarmendu zuen.
Era berean, bitarteko instituzionalen beharra aldarrikatu zuen, herritarren parte hartzearekin, erabakiak hartu eta hauen beharrei erantzuteko. «Krisi ekonomikoak eta honek eragindako krisi politikoak aurrera egiten duen heinean, beharrezkoa da herri alternatiba bat edukitzea», baieztatu zuen.
Etxaideren hitzetan, gehiengo sozialak argi erakutsi du eredu ekonomiko, sozial eta politiko propioa nahi duela, eta azken urteetan izandako lau greba orokorrak jarri zituen adibide gisa. «Alternatiba horrek eskaintza politikorik badu, bitarteko sindikal eta sozialak baditu, egitea posible da Euskal Herrian».
LABek Ipar Euskal Herrian izandako garapena nabarmendu zuen Etxaidek eta langileen artean bitarteko bihurtzen ari dela adierazi zuen. Ildo horretan, proposamen sozioekonomikoa aurkeztu zuten duela hiru aste.
Ekainaren 21 eta 22an VIII. Biltzar Nagusia egingo du LABek Barañainen. Azken lau urteetan egindako urratsak aztertuko dituzte bilkura horretan eta krisiaren aurrean alternatiba bat eraikitzeko eman beharreko pausoez arituko dira.