GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautagaiek eman dituzten erantzunak jakinarazten ari dira gizarte-eragileak

Hautagaiei galdeketa egin ondotik, horiek emandako erantzunen berri ematen ari dira gizarte erakunde eta eragileak. Era horretan, boto-emaileek horien artean hautu egin aitzin, Jon Anzaren kasuari buruz edota euskal presoen egoeraz zein jarrera duten jakin dezaten.

p018_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Datorren igandeko hitzordua hurbiltzen ari dela, hautagaiek hainbat gairi buruz zein jarrera eta engaiamendu duten jakinarazten ari dira Ipar Euskal Herriko hainbat gizarte erakunde.

Hala, Jon Anza Kolektiboak militantearen desagerpen eta heriotzaren nondik norakoak argitzeko ikerketa parlamentarioa burutuko lukeen batzorde berezi bat bultzatzeko prest diren galdetu zieten hautagaiei. Ezkerreko eta zentroko gehienak (NPA, FG, PS, EE-Berdeak eta EHBaiko hautagai guztiak) horren alde agertu dira.

Alta, UMPko hautagaiek erantzun ez izanak agerian uzten du, kolektiboaren esanetan, Michele Alliot-Marie 6. barrutiko hautagaiak (gertaera horien garaian Barne eta Justizia ministroa izan zena) «afera honetan duen erantzukizuna babestu nahi dute». Ondorioz, eskuineko alderdi horretako hautagaien «isiltasuna eta mespretxua» argiki salatu ditu kolektiboak.

Presoen eskubideen alde

Herrira mugimenduak ere hautagai guztiak interpelatu ditu urriaren 13an presoen eskubideen alde egingo duen manifestazioaren karietara.

EHBaiko hirurek, NPAko Pedro Carrasquedok eta Serge Noguesek, PSko Sylviane Alauxek, Michel Lamarque independenteak, eskuineko Jean-François Zunzarrenek eta EE-Berdeetako Alize Leiziagezaharrek eta Marie-Ange Thebaudek aldarrikapenak jasotzen dituen agiriarekin bat egin dute.

Ipar Euskal Herriko zortzi hautagaik erantzun diote baikorki Amnesty Internationalek giza-eskubideak babesteko xedearekin igorritako dekalogoari: EHBaiko Anita Lopepe, Peio Etxeberri-Ainziart eta Laurence Hardouin; PSko Frantxua Maitia eta Colette Capdevielle; EE-Berdeetako Philippe Etcheberry, MoDemeko Jean Lassalle eta FGko Bernadette Lavigne.

Bestalde, Bizi! mugimenduak aldaketa klimatikoaz eta energia iturrien aldaketaz interpelatu zituen hautagaiak, (FNkoak salbu) galdeketa baten bidez.

Hamahiruk, tartean egun diputatu diren hirurek (Jean Grenet eta Alliot-Marie UMPkoak eta Lassalle zentrista) «axolagabekeria» agerian utzi dutela deritzo Bizi!k, «ez baitira gai horiez beren proposamenak azaltzeko gauza izan». Beraz, hiru horiei, UMPko Mixel Oxibarri, LOkoei, EAJ-PNBkoei, NPAko Noguesi, Zunzarreni eta Petetini «txeke zuririk» ez ematera deitu dituzte hautesleak.

INSTITUZIOA ETA AHT

Lurralde elkargo berezia sortzearen alde azaldu dira hautagaien %60 (tartean FGko bat). AHT bide berriaren kontra agertu dira gehienak ere, baina proiektua babesten dutenek -UMP, MoDem, PS eta PNB- ez dute erantzunik eman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo