GARA > Idatzia > Euskal Herria

Barcinari tartak botatzeagatik auzipetutako beste bi kideek ere ez dute deklaratu

Ibon Garcia eta Mikel Alvarez auzipetuak Donostiako epaitegian izan ziren atzo eta deklaratzeari uko egin zioten, ekintza Estatu frantsesean gertatu arren, auzia Auzitegi Nazional espainolaren esku utzi izana salatzeko. Euren aurkako «jazarpen penala» gaitzetsi zuten.

p020_f02.jpg

Jon ADAN | DONOSTIA

Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari iaz Tolosan (Frantzia) hiru tarta jaurtitzeagatik auzipetuta dauden kideen aurkako epaiketaren beste saio bat izan zen atzo. Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz da AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduko lau ekintzaileak, Mikel Alvarez, Gorka Ovejero, Ibon Garcia eta Julio Villanuevaren aurkako auziko epailea.

Iaz egin zuten AHTren aurkako ekintza hori, Nafarroako presidentea Pirinioetan batzar batean parte hartzen ari zen bitartean.

Gertaera horregatik auzipetutako beste bi lagunek maiatzaren 17an Iruñean egin zuten bezala, Ibon Garciak eta Mikel Alvarezek ere deklaratzeari uko egin zioten atzo epailearen aurrean, hain zuzen auzia Audientzia Nazional espainolaren esku geratu zelako. Euren hitzetan «salaketa publikoa izan zen ekimen umoretsua burutzeagatik» jasaten ari diren «jazarpen penala» salatu zuten.

Pedraz epaileak 4 eta 10 urte arteko kartzela zigorra eskatzen du lau auzipetuentzat.

Horiek horrela, Alvarez eta Garciaren abokatu Fidel Sanchezek -Alvarez, Ovejero, Villanueva, Garcia eta sukaldariz jantzita eta tartak eskuan zituztela agertu ziren hainbat ekintzailek lagunduta- hau gogorarazi zuen atzo Donostian: «Nafarroako Foru Poliziak gertaera horien inguruan ikerketa bat jarri zuen martxan, nahiz eta horretarako inongo eskumenik ez izan, ekintza Frantzian gertatu baitzen». Hori dela eta, egoera hau irregularra dela adierazi zuen.

Zigor neurrigabeak

Bestalde, adierazi zuenez, Alvarez ez dator bat autoak jasotzen duenarekin, «bera ez dira Barcinari tartak botatzeagatik epaitzen ari, ondoren emandako prentsaurrekoan parte hartzeagatik baizik». Bestalde, Mikel Alvarezek salatu zuen Frantzian deklaratu nahi zutela agertu zuten arren, Estatu frantsesak ez zuela horrelakorik onartu eta Nafarroako Gobernuak auziak Auzitegi Nazionalaren esku jarraitzea ahalbidetu duela. Hartara, tribunala «errepresiboa» dela esan zuen.

Era berean, «neurrigabetzat» jo zuen berak eta bere hiru kideek 4 eta 10 urte bitarteko kartzela zigorrei aurre egin behar izatea; izan ere, «Europan agintari ezagunen aurka salaketa publiko umoretsu ugari egin dira, eta inoiz ez dute kartzela zigorrik izan».

Azkenik, maiatzaren 15ean Mugituk, auzipetuen egoeraren berri emateko, Bilboko Frantziaren kontsuletxera Estatu frantsesari zuzenduriko eskutitza bidali zuela eman zuen jakitera Alvarezek. Horrez gain, mugimendu sozial frantsesekin harremanetan hasi direla jakinarazi zuen, «jazarpen penal hau salatzearren bozgorailu lana egin dezaten».

ZIGOR ESKAERA

Mikel Alvarez, Gorka Ovejero, Ibon Garcia eta Julio Villanueva auzipetuentzat 4 eta 10 urte arteko kartzela zigorra eskatzen du Pedraz epaileak, iazko urrian Yolanda Barcinari hiru tarta botatzeagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo