GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | libiako egoera

Gaddafi suntsitu zutenei aurre egiteko prest dago Bani Walid

Bani Walidera sartu nahi badute gure hilotzen gainetik igaro beharko dute». Bani Walid Muammar Gaddafiren jarraitzaileen azken gotorlekuetarikoa dela dio egungo Libiako Gobernuak, eta duela hamar egunetik agintarien babesa duten indar armatuek inguratuta dute.

p030_f01-199x92.jpg

Imed LAMLOUM AFP

«Duintasunez bizi gara eta duintasunez hilko gara. Guztiok gara borrokalariak eta inbaditzaileei aurre egiteko gaitasuna dugu». Hiriburuak azken unera arte eutsi zien Gaddafiren aurka altxatu ziren matxinoen erasoei.

Gobernuaren erabaki baten atzean babestuta, Armadak eta bereziki Misrata hiriko -Bani Waliden etsai historikoa- matxino ohiz osatutako miliziek urria hasi zenetik inguratuta dute hiriburua, Gaddafiren erregimenaren arrastoak «garbitu» nahi dituztela argudiatuz.

Une lasaiak izaten badira ere, Bani Walideko herritarren eta hiriburua inguratuta duten indar armatuen arteko borrokak egunerokoak dira eta Misratatik eratorritako talde armatu ugari batu dira gudara.

Bart ordea, aurreko egunetan Bani Waliden aurka abiatutako ofentsiban hamaika hildako eta 75 zauritu baino gehiago eragin ostean eta bonbardaketek aurrera jarraitzen zuten bitartean, Libiako Gobernuak hiriburuko buruzagi tribalekin militarren sarrera baketsua negoziatu zuela adierazi zuen. Bani Walideko agintariek, aldiz, informazio hori ukatu zuten.

Bin Omran Shaabanen heriotzak -Misratako matxino ohia eta ustez Gaddafi bere urrezko pistolaz hil zuena-, Bani Waliden bahitu ondoren hila, historikoki etsai izan diren bi hirien arteko tentsioa areagotu zuen.

Horren harira, Nazio Kongresu Nagusiak, herrialdeko aginte politiko nagusiak, irailaren 25ean Defentsa eta Barne ministroei exijitu zien Bani Walideko bahiketaren arduradunak aurki ditzatela, beharrezkoa balitz «indarra erabiliz».

Mardoum bailarako borrokek lau hildako eta 70 zauritu baino gehiago eragin zituzten Bani Waliden hamar egunen buruan, Salah Mabrouk hiriko ospitalearen arabera.

Defenditzeko zilegitasuna

«Legitimoki defenditzeko egoeran gaude, Nazio Kongresuak hartutako erabakia ilegala baita», esan du Salah Abdeljabbar Estatuko instituzioen faltan hiriburua zuzentzen duen batzorde sozialeko kideak.

«Erabakia Kongresua osatzen duten 200 kideetatik 50ek baino ez dute onartu. Gainera, auzitegiak baino ezin ditu halako erabakiak hartu. Mugimendu oso arriskutsua da, munduan aurrekaririk gabea. Nola erabaki daiteke hiri bat zigortu edo suntsitzea pertsona batzuk atxilotzeko?»

«Bin Omran Shaabanen heriotza aitzakia baino ez da. Inbasiorako agendaren parte baino ez da». «Ikusten ari garena gerra zibilaren hasiera da».

Herritarrek «legez kanpoko Misratako miliziek» zibilak bereizmenik egin gabe bonbardatzen dituztela eta «gas toxiko» bat darabiltela salatu dute.

Ospitaleko mediku batek intoxikazio «arraroa» duten 26 gaixo dituztela dio; gonbitoka egiten dute eta dardarak dituzte.

«Sintoma hauek ikusten ditudan lehen aldia da. Ezin dut esan arma toxikoek eragindakoa den ala ez. Ez dugu behar diren analisiak egiteko tresneria».

«Gaddafiren jarraitzaileak garen akusaziopean suntsitu nahi gaituzte», adierazi du tribu bateko buruzagiak. «Matxino izatea ohorea bada, gu gara aitzindariak», dio 1993an Werfallah tribuak -Bani Walideko tribua- Gaddafiren aurka eginiko estatu kolpe saiakerari aipu eginez.

Historiaren pasarte hori etsaiei gogorarazteko, Bani Walideko herritarrek honakoa idatzi dute letra handiz hiriburuaren sarreran: «1993, historia gure alde dago».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo