GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Urriaren 21-eko hauteskundeak | Hausnarketak (XIV): Filipe Bidart, militante abertzalea eta IK-ko preso ohia

«Gizarteak egoera berria ulertzeko urte hau behar zuen»

Estrategia aldaketa txalotzen du, Iparretarrak inguruan ibilitakoek bezala. Aitzinatzeko, ezkerreko abertzaleen elkarlanean sakondu behar dela dio. EAEn «lortuko diren emaitza onak» gorabehera, Ipar Euskal Herriak, eta Nafarroa Garaiak ere, ezinbestean beren bidea egin beharko dutela uste du.

p010_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

Kasik mende laurdena eman du Euskal Herritik kanpo, espetxean urte gehienak eta Okzitaniako Beziers hirian, baldintzapeko askatasunean, azken bostak. Udaberrian itzuli zen etxera, Baigorrira.

Nola topatu duzu Euskal Herria? Errealitatea pentsatzen zenuen bezalakoa al da?

Ez dakit zehatz nola irudikatzen nuen, baina bai, aldaketak atzeman ditut. Ezagunak zahartuak, ni bezalaxe, eta etxe eta bide askoz gehiago. Halere mendiak hor dira, leku berean. Horrek halako segurtasun bat ematen du. Oinarriak hor segitzen du. Jakina, jendearengan ere aldaketak izan dira, beharrik!

Zerk harritu zaitu?

Badira urte batzuk presondegitik irten nintzela. Beraz, izan dut garai hauetako erritmoari egokitzeko aukera. Bestela, Euskal Herriari dagokionez, harritu, harritu ez dakit... Bai, zerbaitek poztu nau. Ailegatu eta berehala hauteskundeak izan ziren, eta hor eztabaidagai nagusia ezagupen instituzionala izan zen. Orain hogeita hamar urte urrun ginen horretaz, eta horrek erakusten digu zer bide egin dugun. Euskal kontzientzia ere franko hedatu dela uste dut. Hori pozgarria da, egin diren borrokak eta lanak zerbaiterako balio izan dutela erakusten baitu.

Ikastoletako aurreneko irakasleetako bat izana zara. Ikasle ohiak ikusten dituzularik zuen garaiko gazteekin desberdintasun asko sumatuko dituzu?

Aldaketa asko izan da. Garai desberdinak dira. Ipar Euskal Herrian, Euskal Herri osoan bezala, gazteria eder bat ikusi dut, kementsua, mila gauzetan inplikatua. Horretaz harro izaten ahal gara ere bai. Desberdintasunik sumatu ote dudan? Alimalekoa! Gure garaian, herritarrok aski naturalki euskaraz hitz egiten genuen, baita kostaldean ere, neurri apalagoan bazen ere, euskal kontzientzia mota bat bazen, baina ez zen biziki politizatua. Xalbadorrek ontsa esplikatzen du hori: nahiz eta euskal kontzientziarik ez izan, euskaraz ari ziren. Iparraldeko euskaldunek euskalduntzat zuten beren burua, baina ez zituzten ondorio guztiak atera, eta beren euskal izateaz eta horrek zituen trabez ohartzean ez zuten eskakizunik planteatzen. Abertzaletasuna aski berria zen orduan. Gu bigarren belaunaldikoak ginen (Enbatakoak izan ziren lehenak) eta hortik dinamika bat pizten hasi zen.

Gaurko gazteak, mugimendu abertzalearen inguruan dabiltzanak, naturalki euskaldun eta abertzale sentitzen dira, ez dute guk egin behar izan genuen gogoeta hori guztia egin behar. Noski, Iparraldean gazte guztiak ez dira abertzaleak. Batzuk euskaldun soilik sentitzen dira; besteak biak. Zaila da zehazten non dagoen muga hori... Halere, euskal kontzientzia hedatuagoa egonagatik, euskara galtzen ari da. Beharrik, ikastolak hor dira! Ikastolarik gabe honezkero euskara kasik galdua izanen zela uste dut. Gaur gutxiagok egiten du euskaraz, baina egiten dutenak kontzienteki ari dira, nahi dutelako hitz egiten dute, halako harrotasun batekin, euskal izateari eta euskal kontzientziari lotuak. Eta hori biziki pozgarria da, hortik berpiztuko eta hedatuko baita euskara.

Une politiko oso berezian itzuli zara. Ezker abertzaleak biraketa estrategikoa egin du, ETAk borroka armatua baztertu du eta demokraziarako eta normalizaziorako prozesu bat ireki berri da. Nola bizi duzu hau dena?

Biziki ontsa! Egia esan, estrategia aldaketa hori Iparraldean Iparretarrekin duela hamar bat urte baino gehiago gauzatu genuen, justuki orain Hegoaldean gertatzen ari den manera berdintsuan, hau da, aldebakarreko eta negoziaketarik gabeko erabakia izan zen. Estrategia aldaketa hori mugimendu abertzalearen elkartzea indartzeko, errazteko eta borrokaren emaitza politikoak biltzeko egin zen bereziki. Alta, ezin izan dugu arras gauzatu Hegoaldean borroka armatuak segitzen zuelako eta hemen ere bere ondorioak eta bere adarrak zituelako. Batzuek hori aitzakiatzat hartu izan dute justuki gure arteko batasuna hausteko. Gaur egun, estakuru hori ez dago jada. Eta Hegoaldean gertatzen dena arrunt begi onez ikusten dut, bai nik pertsonalki, eta bai IKren inguruko besteek ere. Konbentzitua naiz bide zuzena eta egokiena dela.

Ipar Euskal Herria egoera berrira uztartua ikusten al duzu?

Noski. Guretzat ere Hegoaldean egindako estrategia aldaketa lagungarri da. Orain errazagoa da indar guztia egitea Estatu frantsesa bake prozesuan inplikatzeko, orain arte erdietsi ez duguna, berak ere Hegoaldeko borroka armatuaren aitzakia jartzen zuelako. Aieteren ondotik, Iparraldean ere bilkura batzuk egin dira bake prozesua abian jartzeko eta Estatu frantsesa inplikatzeko.

Ezkerreko abertzaleen artean elkarlana sustatzen ari da, batez ere hauteskundeetan. Sektore abertzaleek bide horretan segitzea eskatzen dute. Bide hori itzulezina da ala oraindik kontsolidatzea falta zaio?

Kontsolidatzea falta zaio, baina argi da ezker abertzaleko kide guztien ahotan batzeko beharra entzuten dela. Ez dugu oraindik adostu nola. Iparraldean egiten diren gauzak elkarrekin egiten dira edo ez dira egiten. Bakoitza bere alderdian geratzen bada ere, zerbait egiteko garaian ados jartzen gara, eta eztabaidak izan arren, gehienak bederen biltzen gara. Argi ikusten da hori EH Bairekin, presoen aldeko borrokan edo instituzioaren eskakizunaren inguruan. Iparraldeko berezitasuna da militanteek ez dutela onartzen, ez dutela ulertzen ezker abertzaleko zatiketa hori. Ez dute kalapitetan sartzerik eta bata edo bestea hautatu nahi. Horregatik militante abertzale gehienak alderdietatik kanpo dira. Eremu askotan ari dira lanean, izan ikastoletan, laborantzan, gau eskoletan, sindikalismoan... mila gauzetan, baina alderdi politikoetatik kanpo. Eta hori da gure ahultasuna. Sekulako indarra eta eragina dugu gizartean; gaur egun edozein hautetsik edo arduradun politikok kontuan hartzen du abertzaleen iritzia, baina ez ditugu emaitzak ateratzen. Beti %10-12n geratzen gara. Hori ez da normala. Gai izan beharko genuke politikoki emaitzak ateratzeko, baina oraindik ez da hala. Nonbait huts egin dugu. Alta, badugu sekulako esperientzia eta dinamika parte-hartzaileak garatu ditugu, baina ez dugu indar hori egituratzerik lortu. Barnealdean beharbada bai, baina kostan eta hirietan ez. Zinezko lan politikoa geratzen zaigu egiteko, eta horretarako batasun politikoa behar dugu.

Frantzia mailako indar politikoetan eboluziorik ikusi duzu?

Bai. Pixka bat harrigarria da, adibidez, UMPko Max Brisson euskararen edo instituzioaren alde entzutea; baina, tira, hobe. Ideia horiek bidea egin dutela, indarra dutela eta ezin dituztela saihestu frogatzen du. Nolabait ideia horiek bereganatzera behartuak sentitzen direla, beren eragina eta bozak ez galtzeko.

Lurralde Elkargoaren eskaeraren inguruan sektore askotarikoak bildu dira. Zer potentzialitate du urrats horrek? Non geratzen dira abertzaleen eskakizunak?

Abertzaleen eskakizuna ez da, jakina, Lurralde Elkargora mugatzen. Baina bata ez doa bestearen kontra. Abertzale moduan gure helburua Euskal Herria eraikitzea da, eta Iparraldeak ere eraikuntza horretan bere leku osoa betetzea. Baina horretara heltzeko gure instituzioa behar dugu. Guretzat autonomia da.

Garaian esaten genuen autonomia askatasunaren bidean lehen urratsa zela. Orain esan genezake Lurralde Elkargoa aitzin urratsa dela. Hori bai, ene ustez, biziki inportantea da, premiazkoa, ze justuki, lehen aldikoz, Euskal Herriaren ezagupena suposatuko du Estatu frantsesean. Baina hori erdiesteko borroka eta lana egin beharko da, ez baita egina. Lebranchu ministroarekin berriki izandako bilera aski baikorra izan da, lehen aldia baita ministro bat Euskal Herriaren ezagupenaz mintzatzen dena. Baina horrekin ez dut ilusiorik egiten, ez dut batere konfiantzarik sozialistengan. Baina, lehen politikariei buruz esaten nuen moduan, behartua sentitu bada adierazpen hori egitera, erran nahi du eskakizunak indarra duela. Goiz ala berant Estatu frantsesa behartua izanen da Euskal Herria aitortzera eta hori lehen urratsa izanen da.

Aietetik urtebete igaro da. Zer bilan egiten duzu geroztik gertatutakoari edo gertatu ez denari buruz? Gauzak aski fite doaz? Blokeatuak dira?

Urte bat igaro da, bai. Alde batetik luze da, eta bestetik laburra. Euskal gizarteak zer dioen, zer pentsatzen duen eta nola erantzuten duen da estrategia berriaren lehentasuna eta ardatza. Izan diren aldaketak ulertzeko, benetakoak direla eta egindako hautua atzeraezina dela bereganatzeko beharrezkoa zen denbora pixka bat. Uste dut orain konprenitu duela eta konfiantza hartzen ari dela. Euskal gizartea mugitzen doan heinean eginen ditugu urratsak eta horren arabera behartuko ditugu espainolak eta frantsesak Euskal Herria kontuan hartzera. Urte hori behar izan da. Gizartea jadanik mugitzen hasia da (manifestazio jendetsuak, bozetan..) prozesua sostengatzen duela erakusten ari da. Beraz, orain bi estatuek beharko dute urrats batzuk egiten hasi.

Ez al daude nahiko geldo?

Bai, baina bagenekien ez dutela Euskal Herriari deus eman nahi, ez dutela urrats ttipiena ere egin nahi. Halere euskal gizartea ahalegin horretan osoki inplikatuko delarik behartuak izanen dira. Horretan da nire esperantza. Urte bat, hortaz, ez da luzea. Baina, aldi berean oso luzea da preso eta erbesteratuen egoera ikusita, eta hori da ene, gure, familien, militanteen, ezker abertzalearen eta gizartearen arrangura handiena. Gai horretan presatuak gara, mugitu beharra dago absolutuki eta lehentasunez. Badakigu bake prozesua ez dela horretara soilik mugatzen, baina zinez premiatsua da gure artean izatea. Etxera ekarri behar ditugu prozesuaren parte izan daitezen, militante horiek sekulako ekarpena eginen baitute.

Ezkerreko indar politiko abertzaleak ere akordio estrategiko bat lantzen ari dira. Zure ustez egingarria da?

Alderdiak hurbildu eta elkarlana xede hartuta abian dira. Hori ere hastapenean da, baina uste dut bide onean gaudela. Desmartxa horretan alderdi guztiak ari dira elkarren errespetuan, kontuan hartuz batzuek eta besteek diotena, ezer inposatu gabe. Eta horrela gara aitzinatuko eta Euskal Herria eraikiko. Izpiritu horretan segitu behar da.

Lurraldetasuna kontuan hartzeko garaian nahiko ahalegina egiten al da, bederen ezker abertzalearen aldetik?

Ez dakit, baina aldaketa bat sentitu dut. Urte hauetan ohartu naiz Hegoaldekoek beste ikuspegi bat dutela Iparraldeari buruz. Azkenean, Euskal Herriaren lurraldea bezala aintzat hartzen da, eta ez ametsezko Euskal Herri baterako baliatzen den zerbait bezala. Iparraldekoentzat, berriz, betidanik errazagoa izan da Hegoaldekoak kontuan hartzea. Ez da aise hori saihestea jakinez askoz handiagoa dela.

Lurraldeen arteko erritmo ezberdinak askotan aipatzen dira. EAEn hauteskundeak dira igandean eta hortik taxutuko den indar harremanaren eragina lurralde horietatik harago kokatu da, zehazki bake prozesuari bultzada emateko sekulako garrantzia eman zaie. Horrela ikusten al dituzu zeuk ere?

Boz guztiak inportanteak dira, baina azken hauteskundeetan izandako emaitza onen konfirmazio bezala, hauek oso inportanteak dira. EAEko gizartearen egiazko argazkia dela frogatzeko, ezkerreko abertzaleek duten pisu erraldoia erakusteko beharrezkoak dira. Horrek lagun dezake prozesua, bistan da, baina baita ezker abertzaleak aginte politikoa eskuetan hartzeko eta gizarteko eguneroko arazoak kontuan hartu eta kudeatzeko gauza dela frogatzeko ere. Hori EAEn gauzatzen bada Nafarroa Garaian eta Iparraldean ere ezker abertzalearen mugimendua indartu eginen da.

Halere, EAEn emaitzak biziki onak lortu izanagatik -eta ez dut dudarik hala izango dela- hori ez da aski, zeren han ezkerreko abertzaleek egiten dutena, guk, Iparraldekoek eta Nafarroa Garaikoek ere egin beharko dugu. Ez dute erkidegokoek eginen Iparraldean egin behar duguna. Guk geuk antolatu eta geure gain hartu behar dugu hemen egin behar dena hemengo gizartera egokituz.

Inoiz baino gehiago hitz egiten da orain independentziaz. Independentzia da soluzioa? Egoera ekonomiko larriari aurre egiteko ere bai?

Ez dakit. Izan daiteke aterabide bat. Guk burujabe izatea nahi dugu eta gure eguneroko bizitza espainolek edo frantsesek baino hobeto kudeatuko genuke, horretan ez da dudarik. Baina nire irudiko ez da gaur egungo berehalako eskakizun bat, Iparraldetik ikusita bederen. EAEn biziki aitzinatuago dago, baina hemen oraindik urrun gara. Helburu edo ideia on bat bezala hartzen dut. Eskakizun nagusi bezala gaur egun autodeterminazio eskubidea pausatuko nuke. Herri bat gara eta herri gisa eskubide hori eskatzea alegia. Gero ikusiko dugu nola gauzatu eta une batez, bai, independentzia izanen da hautua.

Orduan ez al dizute inbidia ematen Eskoziak, Flandriak edo Quebecek?

Jakina! Herrialde horietan eta baita Kanakyn gertatuko denak ere inbidia ematen dit. Autodeterminazio eskubidea gauzatu ahalko dute, eta ene ustez hori da, egun, gure helburua.

 

Ipar Euskal Herriko abertzaleen bigarren belaunaldia

Molde desberdinekin izan bazen ere, Enbata mugimenduak irekitako bidean sakondu zuen Iparretarrak (IK) erakunde armatuko militante historikoak. 1982an klandestinitatera jo behar izan zuen. Sei urte geroago atxilo hartu eta bizi osoko espetxe zigorra jaso zuen.

2007an baldintzapeko askatasunean utzi zuten eta maiatzaz geroztik Baigorrin bizi da. Abertzaleen Batasunako zuzendaritzako kidea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo