GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurralde Elkargoa sortzeko dauden trabak aipatu ditu Kontseilu Nagusiko buruak

p022_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Lurralde Elkargoaren eztabaida hizpide izan du Georges Labazee Kontseilu Nagusiko buru eta Departamenduko senatari sozialistak. Urteetan egitasmoarekin ez dagoela ados argi eta garbi azaldu ondoren, Baionan egindako agerraldian zuhur agertu zen: «Ez nago aurka, baina nire zeregina galderak pausatzea da».

Izan ere, Departamenduko buruak egituraren egingarritasuna zalantzan jar lezaketen galderak mahai gainean jarri zituen, eskumenei eta fiskalitateari buruzkoak, oro har. Lurralde Elkargo batek egungo «herri elkargoak, departamendua edo erregioa baino hobeto egingo al luke?», «lekuko egiturak ekonomia bezalako eskumenak emateko prest al daude?», eta «zein zerga berri sortuko da egitura berri hori diruz sostengatzeko?», galderak egin zituen Labazeek.

Zalantza horiek guztiek agerian jartzen dute, bere ustez, Lurralde Elkargoa sortzeko abiatu proiektu horren gauzapena korapilatsua izango dela. «Frantses zuzenbideak departamendua, herriak eta erregioak ezagutzen ditu. Beste zerbait sortzen bada zailtasunak sortzen dira», azpimarratu zuen.

Argi utzi zuen ere ez zuela Kontseilu Nagusian Lurralde Elkargoaren sorrerari buruzko eztabaidarik antolatuko, ezta erreferendumik ere. «Egitura aldaketa guztiak Barne ministroak ditu finkatzen. Ministroak erreferenduma antolatu dezadan eskatzen badit ez dut aurka egingo», esan zuen.

Legea 2013an

2013ko urtarrila eta apirila artean finkatuko da deszentralizazio legea. Legeak «esperimentatzeko eskubidea» onartzeaz gain, lurraldeen «aniztasuna» eta «ezberdintasunak izateko eskubidea» ere onartuko duela argitu zuen senatariak. «Arlo horretan legea garrantzitsua izango da», azpimarratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo