GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilbon poliziak atzerritarrei ematen dien tratu txarra salatu du SOS Racismok

Hori frogatzeko, irailaren 28an, gauerdian, San Frantziskon gertatutakoa plazaratu zuten. Hainbat polizia bertako plazara abiatu ziren, han zeuden atzerritarrak identifikatzera, eta borrekin jo eta zeramaten txakurrekin zauritu zituzten. Arartekoari ikerketa eskatu diote.

p027_f02.jpg

GARA |

SOS Racismok Bilboko poliziek atzerriko jendeari ematen dioten tratu txarra salatu zuen atzokoan, irailaren 28ko gauean San Frantzisko auzoko Fleming Doktorea plazan izandako gertaera bat salatuta. «Gauerdian, poliziak, borrak eskuetan, plazara ailegatu ziren, han zeuden atzerritarrak identifikatzera; bertan zegoen pertsona batek poliziei zerabilten gogortasuna leporatu eta orduan hasi zen liskarra», azaldu zuten.

Adierazi zutenez, zenbait auzokidek SOS Racismoren egoitzan kexa ugari jarri dituzte, eta horietan azaltzen da poliziek han zeuden pertsonak borrekin jo eta txakurrekin erasoz hainbat lagun zauritu zituztela. Poliziaren atestatuak, aldiz, «bertan zeudenek polizien txakurrengana jo eta hauen aurka egin zutela» jasotzen duela ere plazaratu zuten.

SOS Racismok azaldutakoaren arabera, hogei polizia agente, hiru txakur-talde eta Ertzaintzaren furgoneta bat abiatu ziren San Frantziskora, eta iskanbila bukatutakoan, poliziek frogak desagerrarazi zituzten: «Lekukoei eskuko telefonoak kenduta grabazioak ezabatu zituzten». Hartara, salaketak eta medikuen partea helarazita, Arartekoari ikerketa hasteko eskatu diote.

Bideoan grabatutako liskarra

Bestalde, gertaera hori baino astebete lehenago, plaza berean, poliziak atzerritar batzuk identifikatu zituen, eta momentu horretan gertatutakoaren bideoa ere zabaldu zuen SOS Racismok. Bideoan, bertan zeuden auzokideen protesten artean, polizietako batek, identifikatzen ari den atzerritarrari iseka egin eta tratu txarrak ematen diola ikusten da. «Jarrera hauek ez dira berriak, eta askotan poliziaren jokabidea bera da arazoa sortzen duena», adierazi zuten SOS Racismokoek.

Alde horretatik azaldu zuten Arartekoak, jokabide horiek gertatu ez daitezen, 1998. urteko txostenean poliziek atzerritarrekin izan beharko luketen jarreraren gaineko hainbat gomendio eman zituela, eta Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasuneko arloak gomendio horietako bat bera ere ez duela aplikatu salatu zuten.

Bestalde, Bilboko Bilduk eta Bilbo Zaharreko, San Frantzisko eta Zabalako taldeen koordinatzaileak poliziaren jarrera «desegoki» eta «onartezina» salatu zuten. Ana Etxarte Bilduko zinegotziak azalpenak eskatu dizkio Tomas del Hierro Herritarren Segurtasuneko zinegotziari.

FROGAK ezabatuz

SOS Racismok azaldu zuenez, irailaren 28an, San Frantziskon gertatutakoaren frogak desagerrarazi zituen poliziak. «Lekukoei telefonoak kendu eta iskanbilaren grabazioak ezabatu zituzten».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo